«Igo berriak izanda, ez dugu batere erraz edukiko. Aldaketa asko izan ditugu, baina ondo gaude»
Sei urteren ondoren, Getxo errugbi taldea maila gorenera itzuli da. Garazi Izagirre taldeko jokalariak adierazi du «gogotsu» daudela ligari ekiteko, eta ikusteko zer maila duen taldeak, gainerako aurkariekin alderatuta. Igande honetan jokatuko dute lehen partida Faduran (12.00etan).
Este navegador no soporta el elemento audio.
Sei urteren ondoren, Getxo errugbi taldea itzuli da berriro ere lehen mailara. Joan den sasoian txapeldun geratu ziren ohorezko bigarren mailan. Ez zuten partida bat bera ere galdu. Denboraldi honetan Espainiako Estatuko zortzi talde onenen aurka arituko dira nor baino nor gehiago. Garazi Izagirre (Gasteiz, 2004) taldeko jokalariak adierazi du helburua mailari eustea izango dela. Muir Kara da Getxo errugbi taldeko entrenatzaile berria.
Lehenik, zazpi partida jokatuko dituzte aurkari guztien aurka. Ondoren, lehen lau sailkatuak titulua lortzeko borrokan arituko dira, eta azken laurak, mailari eusteko. Azkena geratzen dena zuzenean behera jaitsiko da, eta azken-aurrenak play-down deiturikoa jokatuko du, beheko mailako txapeldunordearen aurka.
Gogotsu izango zarete hasteko, ezta?
Azkenean iritsi da hainbeste itxaron dugun liga. Beraz, bai, pozik gaude.
Cocos taldearen aurka neurtuko dituzue indarrak. Goiko aldean egon beharko lukeen taldea izanda, neurketa zaila izango da?
Bai, Cocos Andaluziako taldea beti geratzen da sailkapenean goiko partean; orduan guretzat partida pixka bat gogorra izango da, baina gogotsu gaude.
Maider Aresti taldekide ohia ere aurkari izango duzue.
Bai, justu lehen partida eta Maiderren [Aresti] aurka tokatu zaigu. Partida polita izango da, eta badut gogoa bera ikusteko. Asko hitz egiten dugu; ea nola doazen eta horrelako gauzak.
Nola ikusten duzu taldea partidari begira?
Lehen partida izango da, eta gure taldea aurten nahiko berria da. Entrenatzailea aldatu dugu, taldekide berriak iritsi dira eta beste batzuk joan egin dira; adibidez, Maider. Lehen neurketak balioko dugu ikusteko pixka bat nola dagoen gure maila lehen maila honetan.
Nolakoa izan da denboraldiaurrea?
Aldaketa asko egon dira, entrenatzaile zein taldekide aldetik. Baina ondo gaude, denboraldiaurrea ondo joan da. Eduki ditugun partidak aurrera atera ditugu, eta entrenatzaileekin oso giro ona dago, baita taldekideen artean ere. Etorri direnak oso ondo batu dira.
«Aurten egia da hasieran izan ditugula arazoak jendea erakartzeko»
Gorengo mailan lehiatzeko prest ikusten duzu taldea?
Azken finean, espainiar Estatuko zortzi talde onenekin gaude. Ez da batere erraza izango. Berriak gara liga honetan, eta ahalik ondoen egingo dugu. Joan den denboraldia bezalakoa ez da izango, badakigu ez dela erraza izango, baina gogotsu gaude, eta taldea gogo handiz ikusten dut datorrenerako. Gogo handia genuen hona igotzeko; beraz, ahal dugun guztia egingo dugu.
Talde igo berria izanik, helburua mailari eustea izango da, eta ahal den neurrian disfrutatzea.
Bai, hori da. Mailari eustea izango da helburua, eta ahal dugun sailkapen onena egitea, baita ondo pasatzea ere.
Dena den, pentsatzen dut entrenatzailearen mezua ez dela hori izango.
Ez [barrez]. Entrenatzaileek ere badakite zein den gure egoera, baina esaten digute kapazak garela, dena eman behar dugula, ezustekoa eman behar dugula, eta irabazteko gure aukerak baditugula.
Zein aurkari uste duzu egongo zaretela beheko borroka horretan?
Aurten liga asko aldatu da. Bi talde jaitsi dira, eta bi igo gara beheko mailatik. Nahiko aldaketa egon da. Hala ere, oxala lehen lau sailkatuen artean egotea, baina behean geratzekotan, agian hor egongo ginateke gu, Cisneros, eta agian Bartzelona ere bai, hainbat arazo izan dituelako. Eta Crat akaso ere bai; esan digute ez dabilela oso fin.
Kopan jokatu zenuten Craten aurka, orain dela hilabete. Galdu egin zenuten arren, gutxigatik izan zen (24-22). Emaitza baikorra izango da zuentzat, hortxe zaudetelako haien maila oso bertsuan.
Bai, hara joan ginen eta ez ginen jokalari asko joan. Jendea lesionatuta zegoen. Horrek bultzada handia eman zigun, ikusi genuelako beraiek ere ez zeudela hain ondo, eta gu gutxi egonda ere, nahiko ondo egin genuela.
Cisnerosek ere iaz lortu zuten igoera, eta joan den denboraldian, elkarren aurka jokatu zenituzten hiru partidetan zuek garaile.
Bai, hori da. Pentsatzen duguna da beraiei jada irabazi diegula, eta hemen antzekoa izan beharko duela.
Jokatzeko moduari dagokionez, aldaketarik izan duzue?
Egia da orain entrenatzaile berriak iritsi direla, baina joan den denboraldia ondo joan zenez, antzeko gauzak egiten ari gara. Gauzaren bat aldatu da, baina orokorrean jokamolde berdinarekin jarraitzen dugu.
Prestaketa fisikoari dagokionez, aldatu da kontua?
Bai, argi dago lehen mailan gauzak askoz gogorrago jartzen direla, eta oso garrantzitsua dela fisikoa, bai gimnasioa, bai korrika egitea. Orain prestatzaile fisikoarekin serioago gabiltza gimnasioan.
Estu-estu ibili zarete multzoa osatzeko. Kosta egiten da jendea erakartzea?
Aurten egia da hasieran izan ditugula arazoak jendea erakartzeko, eta egin dira ate irekiak, eta horrelako kontuak. Hasieran zaila da pixka bat jendea lortzea, probatzera etortzen direnen artean askok beste kirolen bat dute edo ez dute konpromiso maila hori. Hala ere, Getxon badugu Loratzen taldea, bigarren taldea izango litzatekeena, eta haiekin elkartuta, badugu jendea.
Alor pertsonalean, hirugarren denboraldia duzu Getxon. Gustura zaude?
Bai, hirugarren denboraldia da. Taldekideekin oso ondo nago, gure sistema eta jokatzeko modua askoz ere barneratuagoa dut, eta entrenatzaile aldaketekin-eta gustura nago, pozik, gauza berriak probatzen. Gogotsu nago denboraldi honetarako.
Helbururik jartzen diozu zeure bururi?
Ahalik partidarik onenak jokatu nahi nituzke, eta postuz aldatzen badidate, gogotsu ekitea eta ahalik hoberen egitea dena.