«Udaleko gizarte zerbitzuetatik behin baino gehiagotan KASera bideratu dituzte pertsonak»
Kaleko Afari Solidarioek jarraipena izango dute Donostiako Alde Zahar eta Amara inguruan, ez ordea Egian. Agus Rordiguez boluntarioak ez du «ahoz» helarazitako debekua ulertzen. «Zerikusirik ba al du segurtasunak boluntario batzuek kale egoeran dauden pertsonei otordua ematearekin?», bota du.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Egian janaria banatzeko Udalaren debekua jaso du Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeak. Udaltzain batek ahoz helarazi die jakinarazpena, «segurtasun arazoak» argudiatuz. Agus Rodriguez boluntarioari «zentzugabea» iruditu zaio aurrerapenarekin lehenago abisatu ez izana. NAIZ Irratian izan da.
Rodriguezek kontatu duenez udaltzainak azaldu ziren asteazken iluntzean Egiako banaketa puntuan eta ahoz jakinarazi zieten gaurtik aurrera afariak banatzea debekatuta zegoela, baina ez ordea beste bi puntuetan, Alde Zaharreko Plaza Berrian eta Amaran, Atano pilotalekuaren aurrealdean.
KASeko kide honen iritziz, «nahiko bitxia» da debekua soilik Egiarako izatea, eta komunikazia ere soilik ahozkoa izatea. Segurtasun arrazoiak argudiatu dizkiete, baina gehiago zehaztu gabe.
Horren aurrean, honako galdera bota du: «Zer ikusia du segurtasunak pertsona bolondres batzuek kale egoeran dauden pertsonei otorduak ematearekin? Ez zaigu buruan sartzen».
Debekuaren berri izan zutenetik KASeko kideek ez dute aukerarik izan Udalarekin hitz egiteko. Ildo horretan, erabakiaren «krudelkeria» salatu du Rodriguezek: «Gu bolondresak gara, ez gara katering zerbitzu bat sekulako azpiegitura duena, furgonetak dituena gauzak mugitzeko, nahikoa komeria izaten dugu horrelako kopuruak kozinatu, garraiatu eta banaketa antolatzeko».
Debekua debeku, adierazi du kale egoeran dauden pertsona horiek ez direla desagertuko «magia truko batez». «Bilatuko dituzte beste baliabide batzuk, eta instituzioek beste baliabiderik eskaintzen ez dutenez, nora joko dute? beste bi auzoetara», ondorioztatu du, eta horrek ekarriko dituen ondorioez ohartarazi: «Zer gertatuko da? masifikazioa, horrek dakartzan arazo guztiekin, urduritasuna, bolondresen lana zailduko da... egoera nahiko kafkianoa da», laburbildu du.
Rodriguezen iritziz, debekuarena «alde txarretik planifikatutako estrategia bat» da. «Alde Zaharrean bat-batean 180-200 pertsona agertzen badira... hor ere segurtasun arazoa dagoela esan dezakete eta, ondorioz, debekatzeko arriskua ere badago».
Udal zerbitzuetatik KASera bideratu
KASeko boluntarioak ere beste kontraesan bat ikusten du gertatutakoarekin. Izan ere, asteazken iluntzean, udaltzainek beraiek informazio orri batzuk banatu zizkieten afarien erabiltzaileei, Donostian Udalak eta beste eragile batzuek eskaintzen dituzten zerbitzuen zerrendarekin. Zerrenda horren buruan, Rodriguezek esan duenez, Alde Zaharreko eta Amarako afari solidarioak zeuden. Alde batetik, logikoa iruditu zaio, KAS pertsona kopuru handiena artatzen duten kolektiboa delako.
«Kuriosoa da debekatzera datozen poliziek gure erabiltzaileei hiriko baliabideen zerrenda ematea, eta horien artean Egiako ekimenaren berdinak diren ekimenak sartzea, udal zerbitzuak balira bezala», hausnartu du, baina aldi berean ez dituela harritu erantsi du. Izan ere, afariak eskaintzen dituzten lau urte hauetan «behin baino gehiagotan gizarte zergitzuetatik guregana bideratu dituzte, ez soilik gazte magrebiarrak, baizik eta familia osoak, Estatu espainarretik etorritako pertsonak, askotariko pertsonak», azaldu du.
KASeko ordezkariak gogoratu duenez, hilabeteak daramatzate «akoso y derribo» kanpaina bat salatzen, non «gazte magrebiarren aurkako kriminalizazio saiakera garrantzitsua» ematen ari den, «zenbait komunikabideren aldetik izua zabaldu nahian».
«Horrek ekarri zuen giroa nahastea eta duela hainbat hilabete gazte horien aurkako erasoak burutzen hasi ziren hainbat auzotan. Inkontrolatu delakoen erasoak in crescendo joan dira», deitoratu du. Trintxerpen aurreko asteburuan gertatutakoa aipatu du adibide gisa.
Asteleheneko gertakariak
Asteleheneko gertakariei dagokienez, azaldu du aurreko sotiralean izan zutela elkarretaratze deialdiaren berri eta saiatu zirela Udaleko segurtasun arduradunekin harremanetan jartzen «ohartarazteko horrek ekar zitzakeen ondorioetaz», baina ez zuten erantzunik jaso. Kontzentraziora, gainera, ertzainak soilik joan zirela esan du, baina ez udaltzainik.
Argi utzi nahi izan du KASen erabakia izan zela konfrontazioa eta talkak ekiditea eta horretarako banaketa ordua aurreratzea erabaki zuten, 20.30etik 19.30era. 19.45erako Teresa Kalkuta plazan «ez zegoen ez erabiltzaile ez boluntariorik», ziurtatu du.
KASeko kideei babesa ematera joan ziren pertsona batzuen eta ekimenaren aurka zeudenen arteko eztabaidak izan ziren ondoren. Elkarretaratzea baimenik gabekoa zela gogoratu du eta PPko hiru zinegotziak bertan zeudela. «PPk bere garaian Mozal Legea ezarri zuen, beraz prestu egongo dira zinegotzi horiek Mozal Legearen pean epaituak izateko, suposatzen dut», aipatu du ironiaz.
SOS deia
Rodriguezek esplikatu du KASeko boluntarioak abokatuekin harremanetan daudela, baina ziurtatu du kalean dauden pertsonak ez dituztela otordurik gabe utziko. «Nola? asmatuko dugu, baina ez gara etxera joango, ez diogu gure konpromisoari huts egingo».
«SOS deia» ere egin die donostiarrei: «KASek betidanik boluntario beharra izan badu, orain inoiz baino gehiago behar dugu laguntza, elkartasuna, berotasuna, ekimenaren berri zabaltzea eta aurre egitea komentario xenofoboei».