IRRATIA

«Esploratzaileak izan gara gizartea gizarte denetik»

Espaziora begira jarri gara Bigarren Kafean. Azken 60 urteetan egin diren misio ezberdinen inguruan aritu gara Naiara Barrado Izagirre Fisikan doktore eta EHUko Zientzia Planetarioko Taldeko kidearekin eta testuinguru historikoa jartzearekin batera, egungo egoeraz eta etorkizunaz ere aritu gara.

Espazioaz aritu gara Naiara Barredorekin (Space X)

Este navegador no soporta el elemento audio.


1957an bidali zuten lehen espazio ontzia espaziora eta 1972an Yuri Gagarin izan zen lurraren orbita bat egin zuen lehen gizakia. Barradok esan digunez, munduko potentzia ziren blokeen artean boterea eskuratzeko lehia ere bazen espaziora lehen iristearen inguruan zegoena. Lehenak sobietarrak izan ziren baina ilargira iristen lehenak Amerikako Estatu Batuak izan ziren. «Ea zeinek irabazten zuen, zein iristen zen azkarren… zientziari horrek asko lagundu zion, baina boterea bilatzeko lasterketa izan zen».

Zentzu horretan, geopolitika zientziari gailendu izan zaio historiako hainbat unetan baina Barradok argi du ikuspuntu zientifikotik garrantzitsua dela herrialde guztiak elkarlanean aritzea. «Zientzialariok argi daukagu elkarrekin lan egin behar dugula, elkarrekin egin behar dugula bidea; baina badirudi gobernuek ez dutela nahi».

Espazioko ikerketa bloke ezberdinetan banatzen da. Alde batetik, gure planetako teknologiaren garapenerako ikerketa dago eta besteren artean, espazioa esploratzen jarraitzeko gizakiaren berezko joera ere badagoela adierazi digu Barradok. «Esploratzaileak izan gara gizartea gizarte denetik; inoiz ez gara egon geldirik, baina gure inguru hori handitzen doa, eta orain gure esploratzeko eremua eguzki sistema da».

Gaur egun Space X, Starship, Starlink eta antzeko izenak geroz eta ezagunagoak egiten zaizkigu. Elon Musk dago horien atzean eta Barradok aitortu duenez, «saltzaile oso onak dira». Egiten dituzten misioen probak gaizki aterata ere arrakasta modura saltzen dituzte eta hori horrela izatea normala izan beharko lukeela dio Barradok. «Zientzian gaizki ateratzen diren gauzak oso garrantzitsuak dira; badirudi arrakastak soilik saldu behar ditugula».

Entzun Naiara Barrado Izagirrerekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.