IRRATIA

Bi aste baino ez dira falta EZK Fest jaialdirako eta prestaketa lanetan murgilduta daude

Ansioko azokarako prestatua izaten den esparruan egingo da aurtengo EZK Fest, Barakaldon, azaroaren 2an. Antolakuntza lanetan murgilduta dira eta haiekin izan gara MusikHaria saioan.

Azken txanpan murgilduta dira Barakaldon egingo den EZK Festeko antolatzaileak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Musikaz harago joan nahi duen proiektua da EZK Fest eta inguruan eragin nahi dute. Hala, herri batetik bestera mugitzen dira, «baina bertako jendeak antolatuta eta kanpoko boluntarioen beharrik gabe», ezkerraldea ere bizirik dagoenaren adierazle.

Azaroaren 2an egingo dute aurtengo jaialdia eta Buhos, Dupla, Gatibu, Ostikda eta Maricontiza eta Azeri DJez gainera, auzoari ere bizia eman nahi diete antolatzaileek. «Arratsaldeko plana izango den arren, goizetik auzora etortzera animatzen ditugu guztiak. Metroan Ansioko geltokian jaitsi eta inguruan bada eguna pasatzeko aukerarik jaialdira etorri aurretik», esan digute antolatzaileek. 

Ezkerraldea eraldatu nahi duen ekimen bat da eta urte guztian, «indarrez gauden heinean», ekimen ugari antolatu dituzte. Jaialdira gerturatzen denak jatekoa eta edatekoa eskuratuko du, baina kanpora irten eta berriz ere sartu nahi duenak izango du horretarako aukerarik.

Azken sarrera fisikoak geratzen dira eta online salmenta ere aurrera doa, baita NAIZen harpidedunen txokoan ere. Eta, sarrerarik geratzen bada, egunean bertan ere jarriko dituzte salgai, «baina, beste urteetan ez bezala, salmenta nahikoa aurreratuta doa eta ez dakigu alerik geratuko ote den». 

Jaildia Ezkerraldeatik kanpora izena hartzen ari denaren adierazle, bertan eragin bai, baina kanpora begira ere «beste Ezkerraldea bat badela» erakutsi nahi baitu EZK Festek.