IRRATIA

Salaketa artean, berriz itsasoratzeko prestatzen ari da Aita Mari

Aita Mari erreskate ontziak Jesus Albiol Burrianako Voxeko zinegotzia eta Valentziako Parlamentuko diputatuaren aurkako salaketa aurkeztu du, euren kontrako adierazpenetan atzera egin dezan. «Pertsona beltzen ontzia» edota «pertsonen trafikoko mafien ezinbesteko laguntzailea» dela esan zuen.

Aita Mari ontzia Pasaiako portuan, artxiboko argazki batean. (Jon Urbe | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Abuztuaren 16an hasi zen dena. Aita Marikoek jakin zuten laguntza ontziek ez zutela tasarik ordaindu behar Valentziako Generalitateko portuetan egoteagatik. Hala izan da hainbat urtez baina, gobernu aldaketaren ostean, legearen interpretazioan aldaketa egon da eta eskatu zaie tasa horiek ordaintzea 2021etik.

Hori salatu eta oposizioko alderdiekin harremanetan jarri ostean, irailaren 6an elkarretaratzea egin zuten Generalitatearen aurrean, gizarte eragile askotarikoen babes handia jaso zuelarik. Orduan hasi zen Voxeko Jesus Albiol Aita Mariren misioak iraintzen, irratian zein sare sozialetan.

Ana Perez Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundeko kideak NAIZ Irratian azaldu duenez, adiskidetza edo kontziliazio eskaria egin zuten, eta astelehen honetan bertan Valentzian izan ziren, epaitegietara eramaten.

Adierazpen publiko horien ostean, egunotan Burrianan eta Sagunton oldarkortasun egoerarik jasan ez dutela kontatu du Perezek, eta Valentziako kontzentrazioan ere oso babestuta sentitu zirela irailean. Arrisku bakarra, dioenez, tasen ordainketarekin lukete.

Misioa hastear

Hamahirugarren misioaren prestakuntza lanetan murgilduta daude orain. Hala ere, portuko lan horietan ere egotzi izan diete ilegaltasunean jardutea, erreskateak ez bestelako lanak egin bitartean porturatuta egoteagatik.

Atzeratutako misioaren irteera datari dagokionez, azarorako espero dute, hasieran urriaren amaieran aurreikusten bazen ere. Itsasoaren egoeraren arabera hautatuko dute egun zehatza, eta abenduaren amaieran itzultzea da asmoa. Tripulazioa hasia da pixkanaka iristen, eta bolondresak ere aurki iristea espero du Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundeak.

Beste hainbat ontzik berriki arazoak jasan izanak egoerarekiko mesfidantza eta kezka handitzen ditu, ordea. Horrekin batera, Ana Perezek azpimarratu digu diskurtso xenofoboa gero eta hedatuago dagoela Europa osoan, ulertu gabe erreskatatutako pertsonak beste aukerarik ez daukatelako sartzen direla horrelako egoera batean.

Italiaren eta Albaniaren lankidetzan sortutako «kontzentrazio esparruari» buruz, esan du Europa mailan oro har badirela leku batzuk, «fikzio frontera» gisa ezagunak; hain zuzen, Europa mailako azken akordioek horien ugaritzearen alde egingo lukete.

Herrialdean sarrera ematen ez dieten bitartean, arriskuan egon daitezke horietan pilatzen diren pertsonak, «existituko ez balira bezala».