«Bizikidetza demokratikoa lortzeko, memoria, bizikidetza eta giza eskubideak landu behar dira»
Azken astean Egiari Zor fundazioa hainbat albisteren baitan murgildu da. Pilar Garaialde fundazioko kidea ez dute hautatu Gogorako Kontseiluan egoteko, eta fundazioak birbiktimizaziotzat jo ditu Guardia Zibilak egingo dituen erakustaldiak. Horren inguruan hitz egin du Garaialdek NAIZ Irratian.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Pasa den astean, albiste izan zen Pilar Garaialde Estatuko segurtasun indarren biktima Gogora Institutuko Kontseilutik kanpo geratu izana. Garaialderentzat erabaki hori ez da hartu berak ez duelako «profil zehatz bat betetzen», bere aburuz ez da berarekiko «zerbait pertsonala» izan: «Baztertu naute nik ordezkatzen dudan horregatik, Estatuaren biktimon ordezkaria naizelako».
Gaineratu du hori «EAJ eta PSEren bozekin» gertatu dela, eta gogoratu du Parlamentuko errepresentazioarekin ez dela proportzionala izan Gogorako Kontseiluko zuzendaritzaren aukeraketa: «EH Bilduri bi proposatzea egokitzen zitzaion, horregatik aurkeztu zituen bi, orotara bost aurkeztu behar ziren, baina sei aurkeztu ziren. Itxura guztien arabera, EAJren eta PSEren artean aurrez adostuta zegoen ni bazterrean uzteko».
Baina hori ez da pasa den astean jazo zen gertaera bakarra. Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuaren hitzak mahaigaineratu ditu Garaialdek. Izan ere, azaldu duenez sailburuak esan zuen «ez dela etikoki onargarria biktimarioen irudiak eta horiek ordezkatzen dituzten ikurrak espazio publikoetan egotea». Salatu du ez dela koherentea sailburuak lehendabizi esatea «sutsuki baztertu» behar direla biktimarioen irudiak espazio publikotik eta ondoren Guardia Zibilaren «sustapena» egitea.
Izan ere, Guardia Zibilen erakustaldia aurreikusi dute Gasteizen, urriaren 12rako. Garaialderen arabera Guardia Zibila «Estatuak eduki duen sistema oso baten estrategia aktibo baten parte» izan da, «giza eskubideen urraketa asko egin dituena».
«Nora eraman nahi gaituzte? Orain dela 10 urteko agertoki batera?», galdetu du eta gogoratu jada 450 pertsona izan direla ofizialki aitortuak giza eskubideen urraketak jasotako gisa, eta milaka torturatu egon direla Euskal Herrian: «Ni Guardia Zibilak torturatu ninduen, milaka horietako bat gehiago naiz», aitortu du.
Bizikidetza demokratikorako, aitortzaren beharra
Horren aurrean, Egiari Zor Fundazioko kideak bizikidetza demokratiko baten alde egiteko egin beharko litzatekeena azaldu du: «Bizikidetza demokratikoa lortzeko, memoria, bizikidetza eta giza eskubideak landu behar dira».
«Egia lortzeko aitortza behar da, eta ez errepikatzeko bermeak izateko ezin dena da inpunitatea sustatu, horrek erabat hausten du oinarrizkoak behar luketen adostasunekin», kontatu du.
Pasa den astean bertan esan zuen Egiari Zorrek «errekonozimenduaren legegintzaldia» izatea nahi zuela, eta Garaialdek nabarmendu du horretarako aitortzaren eskaerak aurkezteko epea zabaldu behar dela: «Aitortzarako eskakizuna egindako zenbait jada hil dira aitortza ofiziala jaso baino lehen, hori tamalgarria da».
Nahiz eta espainiar Estatuko biktimen ordezkaritza Gogoratik baztertzeak «birbiktimizazioa eta bazterketa» eragin, aurrera jarraituko dutela baieztatu du Garaialdek, «guk sinesten dugulako bizikidetza oinarri demokratikoetan osatuko dela».