«Badago, sekulako indarrez, askapen prozesuan aurrera egin nahi duen herri bat»
Sortuk Azpeitian antolatutako ekitaldi nazionalean independentziarako bidean, herria aktibatzera deitu du. Estrategia honetan Sortuk emango dituen hurrengo pausoez, Kataluniako prozesuaren irakaspenez eta beste hainbeste gaiez aritu da Paul Laka Sortuko Bizkaiko arduraduna NAIZ Irratian.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Igande honetan Sortuk Azpeitian antolatutako ekitaldi nazionalean independentziarako bidean, herria aktibatzera deitu du. Estrategi honetan Sortuk emango dituen hurrengo pausoez, Kataluniako prozesuaren irakaspenez eta independentziarako bidean Espainian Estatuko testuinguru politikoaz aritu da, besteak beste, Paul Laka Sortuko Bizkaiko arduraduna NAIZ Irratian.
Txiki eta Otaegiren erailketaren 49. urteurrenaren harira, Sortuk urteroko ekitaldi nazionala antolatu zuen Azkoitian joan den igandean. Independentziarako bidean, herria aktibatzeko deia egin zuen bertan. Ezker independentismoa «sekulako indarrez» ikusten du Sortuk, eta horrek «askapen prozesuan aurrera egin nahi duen herri bat badagoela» azpimarratu du Paul Lakak. «Ikusi dugu mugimendu feminista herri oso bat aktibatzen, greba orokorraren bidez eta zaintza eskubidea erdigunean jarriz. Ikusi dugu euskalgintza mahaian kolpe bat ematen kontseiluak deitutako manifestazioan eta herriz herri antolatutako erantzunetan, oldarraldi, batez ere, judizialaren aurrean. Ikusi ditugu gazteak konformatu gabe eta erasoen aurrean antolatzen». Lakak «herri bizi bat» sumatzen du, «gogo biziz gauzak aldatzeko eta herri hau beste norabide batean jartzeko».
Estrategia honen baitan «herria egin eta gehiengoak artikulatzea» dira sorturen betebehar nagusiak. Sortuko Bizkaiko arduradunak azaldu du garrantzitsua dela herri gisa ditugun erronka nagusiak ondo identifikatzea eta hauei ekiteko abiapuntua denon artean diseinatzea. «Herri gisa ekitea burujabetza maila handiagoak eskuratzean, herri gisa ekitea ditugun erronka kolosal horiei aurre egiteko bidean». Eta horretarako uste du momentu honetan garrantzitsua dela «gehiengoak artikulatzea». «Gehiengoekin ekingo diogulako eraldaketa eta askapen prozesu guzti horri».
Hauteskunde garaiak pasata, hiru urteko tartea hasi da orain bidea egiteko. Bidea batzeko egindako aldarrikapenaren baitan, Alderdi eguneko deklarazioak irakurrita «behintzat oratorian» pozgarria iruditu zaio Paul Lakari. «Bada garaia estatuekin daukagun harremana eguneratzeko eta nazio aitortzan oinarrituta eta erabakitzeko eskubidearen logikan estatus berri bat mahai gainean jartzeko». Madrilen «herri bezala» ekiteko beharra ikusi du Lakak, «herri hau beste burujabetza kuota batzuetara eramateko» aukera badagoelako. Eta «horretarako baldin bada», irakurketarekin eta helburuarekin ados egonda, ezker independentismoa «bidean topatuko dutela» nabarmendu du. Eta bide horretan «Estatuarekin dagoen indar-harremana eta eratu den gobernua aukera leihotzat» hartuz gero, «momentua aprobetxatu» eta «indarrak batzea» proposatu du.
Gatazkak
Naziometroaren arabera, euskal Estatu baten aldeko jarrera nabarmena da, baldin eta horrek ez badu gatazkarik sortzen. «Ikuspegi demokratiko batetik, inolako gatazkarik gabe, konpon daitekeen elementu bat» izan beharko lukeela esan du Paul Lakak, «hemen badagoelako nazio bat sozialki, kulturalki, historikoki eta politikoki ezberdina dena. Subjektu bat, bere erabaki propioak hartzeko gai dena eta eskubidea daukana». Parez pare, bakoitza bere izaerarekin, baina «ukatzaileak» diren bi Estatu edukita, zintzoki esan du «zaila» izango dela. Horregatik «nazio honen izaera behin eta berriro mahai gainean jartzeko aktibatzea, kaleak hartzea, hauspotzea, herri gisa antolatzea…» garrantzitsutzat jo ditu. «Horrek ekarriko du sostengaezina izan litekeen egoera bat, azaleratze demokratiko honekin, irtenbide demokratiko bat ere mahi gainean jartzea ekarriko duena».
Kataluniatik irakaspenak
Kataluniako urriaren 1eko erreferendumetik Euskal Herriak jaso omen ditu zenbait irakaspen. «Askatasun gosez eta antolatuta zegoen herri bat ikusi genuen» azaldu du Sortuko Bizkaiko arduradunak, «eta parean estatu bat askapen prozesuak eteteko bere esku dagoen oro egiteko prest». Horregatik, uste du jasotako irakaspenak, batetik batasunaren beharra; eta bestetik, parean ditugun estatuen botereaz jakitun izatea direla. «Horregatik ez etsitzea, ekiten jarraitzea. Baldintza berriak agertzen doazen heinean moldatzen jakitea eta ondo asmatzea momentuarekin».