IRRATIA
Entrevista
Andoni Iturbe
Gasteizko Legebiltzarreko legelari nagusia

«Beti eduki dut buruan sartuta objektibotasuna eta pluraltasuna mantendu behar dela»

37 urteren ostean erretiroa hartuko du Andoni Iturbe Gasteizko Legebiltzarreko legelari nagusiak. Bere jarduna legebiltzarkideek aurkeztutako ekimenen formaren kalifikazioan oinarritzen da, eta oinarrizko eskubide «garrantzitsuentzat» du parte-hartzearena. Lekukoa Eneko Pagazaurtunduak hartuko du.

Andoni Iturbe, Eusko Legebiltzarrean duen eserlekuaren alboan. (NAIZ Irratia)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Ohikoa da Andoni Iturbe Gasteizko Legebiltzarreko Mahaiko kideekin ikustea. Bera da mahai horretan hautetsia ez den bakarra, Legebiltzarreko legelari nagusia da eta. Bere burua «herritar arrunt» gisa aurkeztu arren, Parlamentuan lan egin izana «ohorea» dela nabarmendu du.

Iturbe Legebiltzar erdian dagoen mahaiko ezkerreko aulkian esertzen da, aurretiaz egon zen legelari nagusiari jarraiki. Beste parlamentuetan legelariak mahaikideekin batera egoten dira. Aldiz, EAEko Parlamentuaren berezitasunaren ondorioz, «formalitatea» lehenetsiz, telefono bidez hitz egiten du mahaiko kideekin. «Altxatzen bazara, badirudi zerbait gertatu dela. Ahal den neurrian, gure figura ager ez dadin saiatzen gara», azaldu du. Garrantzia politikariei ematen zaie, beraiek direla «protagonistak» onartuz.

Zazpi hilabeteko etenaren ostean, EAEko Parlamentua ohikotasunera itzuli da. Betiko jardun horretan, Iturberen lana «eztabaida ondo joateko tresnak» jartzea da. Hala ere, hau aurretiaz egiten den lana dela zehaztu du. Legebiltzarrean «arlo juridiko guztiak» lantzen dituzte. Alde parlamentarioa «garrantzitsuena» dela onartu arren, lan administratiboak pisu handia duela adierazi du. Horren adibidetzat jarri ditu Exekutiboak dauzkan bi eserleku berri eta moketa berriaren kontratu publikoak.

Legebiltzarkideak dira idazkiak aurkezten dituztenak, parte-hartze eskubidea egikarituz. Iturberentzat hau da «oinarrizko eta garrantzitsuena» den eskubidea. Aurkezten diren galdera, interpelazio, legez besteko proposamenak edo lege proposamenak mahaira heltzen dira, eta bertako kalifikazioan parte hartzen du legelari nagusiak. «Aholkua ematen dugu, esateko ondo aurkeztuta dauden ala ez». Onartu duenez, «printzipioz» ez dira edukian sartzen. Alde formala da beraien esparrua. «Ikuspuntu formal batetik eta araudia hartuta, iniziatiba horiek guztiak tramitera hartzeko baldintza guztiak betetzen ote diren esaten dugu».

Andoni Iturbek idazten dituzten txostenen erabilera politikoa deitoratu du, «objektibotasuna mantentzen» saiatu arren. Bere ogibidean bakoitzaren ideologia «alboratu» egin behar dela azaldu du. Kutsu ideologikoa legebiltzarkideei utzi die. Iturberen ustetan, «gizartearentzat hoberena proposatzen dute, bakoitzak bere ideologiatik».

Carlos Iturgaizek Mayor Orejaren botoa eman zuenekoa

37 urteko jardunak anekdota askorako eman dezake. Horren adibidea da Carlos Iturgaiz PPko legebiltzarkide santurtziarrak bera eta bere alderdikide Jaime Mayor Orejaren eserlekutik botoa eman zuenekoa. Bertan zen Andoni Iturbe. Iruzurraren berri izan ostean, Juan Mari Atutxak bozeramaileen biltzarra deitu zuen, prozesu diziplinario bat hasteko. Urte horietan, gogoan du hautetsiak «nahiko haserre» zeudela beraien artean. Izan ere, Iturbek Legebiltzarra gizartearen «ispilu» gisa deskribatu du. Hala ere, alderdiak eta talde parlamentarioak bereizten ditu. Adibidetzat jarri du Euskadiko Ezkerra banatu zenekoa. «EE legebiltzarkide bakarrarekin gelditu zen: Xabier Markiegi. Bera zen alderdiaren alde ofiziala, eta talde mistora joan behar izan zuen. Besteak taldean gelditu ziren, Euskal Euskal Ezkerra izenarekin».

«Oso bolada txarra izan zen»

Legebiltzarreko legelari nagusiak euskal gatazkaren urteetan biktimen ponentziaren hastapena nabarmentzen du. «Gogoan dut sozialistak eta PPkoak ez zirela ponentzia horretara joaten. Gero, alderantziz izan zen. Tirabira asko egon dira eta lan potoloa egin zen», zehaztu du. Gogoan du ere egon ziren agerraldi «hunkigarriak». Egungo ikuspuntutik, «pentsatzeko eta ez ahazteko» garaia dela nabarmendu du.

Erreleboa

Dagoeneko hautatua dago Eusko Legebiltzarreko legelari nagusi berria. Eneko Pagazaurtundua izango da. Proposamena Bakartxo Tejeria, legebiltzarreko presidenteak egin du, zerbitzu juridikoko funtzionarioen artean hautatuta. Heldu den astean lekukoa hartuko duen legelariaz Iturbek dio «pertsona ona eta jakituna» dela.