IRRATIA

«Ikusi duguna da herritarrak oso kezkatuta daudela proiektu honengatik»

Eguraldi txarra gora-behera jende asko bertaratu da Subflubiala Ez ekimenak deitutako kanpaldi eta bestelako ekintzetara Leioan, jendea «kezkatuta» dagoen seinale, Hodei Rodriguez ekimeneko ordezkariaren esanetan. Obraren «konplexutasuna» eta ingurumenean izango lukeen «eragina» kritikatu ditu.

Kalejira jendetsu batek eman zion amaiera kanpaldiari Leioan. (Oskar Matxin Edesa | Foku)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Bizkaiko Foru Aldundiak dio mugarri bat ezarriko duela Bilbo Handiko mugikortasunean. Tokiko eragile eta herritar askok ordea, kezka agertu dute tokiz eta garaiz kanpo kokatzen duten azpiegitura horrek kalte gehiago ekarriko duela mesede baino. Izan ere, asko dira subflubiala bezala ezagutzen den proiektuarekiko kezka agertu dutenak, eta kezka horiek eraman dituzte asteburu honetan Sublfubiala Ez herri ekimenak antolatutako kanpaldira eta honen baitako jardueretara.

Eguraldi txarrak markatutako larunbata izan zela aintzat hartuz, herritarren erantzuna paregabea izan zen, Hodei Rodriguez ekimeneko kidearen esanetan, «ikusi duguna da herritarrak oso kezkatuta daudela proiektu honengatik». Azkenean, «egitarau osoa aurrera eraman ahal izan genuen», dio Rodriguezek, eta Areetan amaitu zen kalejira erraldoi batekin itxi zuten protestarako asteburua.

Subflubiala delakoak, Ibaizabalen bi ibarrak ur-azpiko tunel batekin lotu nahi dituen azpiegitura proiektua da, Getxo eta Leioa arteko mugaren inguruan izango luke muturretako bat eta Trapagaran, Sestao eta Portugalete bat egiten duten puntuan bestea, gutxi gora-behera. Iritzi dute, asko direla tunel horren bideragarritasuna zalantzan jartzeko arrazoiak: «teknikoki oso konplexua» dela dio Rodriguezek, oso «areatsua» den zonalde batean eta gainera, inguru «kutsatua» dela gogora ekarri du, hamarkadez eskualdean egon zen pisuzko industriaren ondorioz.

Gaur gaurkoz, aldundiak hasiera batean iragarritakoa baino mantsoago garatzen ari da, eta proiektua geldiarazi nahi dutenek, informazio falta sumatzen dute orokorrean. «Egia esan dezente atzeratzen dabiltza, gure ustez azpiegitura benetan konplexua delako», dio Rodriguezek.

Jasangarritasunaren kontrakoa

Eta unean uneko arazoez harago, epe luzean mugikortasunean izango lukeen eragina kezkatzen ditu; trantsizio ekologikoaren kontrako bidetik baitoa auto pribatuaren erabilera sustatzea, Hodei Rodriguez Subflubiala Ez plataformako kideak gogora ekarri duenez, «Foru Aldundiak berak onartzen du ingurumen inpaktu txostenean azpiegitura honek kotxearen erabilera sustatuko duela eta beraz, mugikortasun sustengagarriago baterako bidearen aurkakoa da».