IRRATIA

Alaves eta Osasuna: motxila desberdina daramate bizkarrean, baina norabide bera helburu

Joan den sasoia «trantsiziokoa» izan zen Osasuna eta Alavesentzat. Nafarrek igoera lortzeko motxila gainetik kendu zutelako, eta arabarrak orain dela bi denboraldi jaitsi zirelako lehen mailatik. Nahia Azpiazu Osasunako jokalariekin, eta Elene Errasti Alavesekoarekin hitz egin du NAIZ Irratiak.

Osasunako jokalariak berdinketaren gola ospatzen, Alaveseko jokalariak atzean direla. (@Osasuna_fem)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Bide oso desberdinetik iritsi ziren Osasuna eta Alaves Federazioko Lehen Mailara –bigarren mailara, alegia–, baina orain biek ala biek gorenera igotzea dute helburu. Nafarrek enegarren saiakera egingo dute hainbestetan eskura izan duten igoera lortzeko. Gorritxoek joan den denboraldian seigarrenez jaurti zuten baloia langara, eta denboraldi honetan, behingoz, sarea zulatu nahi dute, lehenengoz gorenean egoteko. «Saiatu behar dugu atzetik sufritu duguna ahazten. Sei denboraldiz hor goian egon bagara, horrek ere zerbait esan nahi du», hausnartu du Nahia Azpiazu (Iruñea, 2004) Osasunako atzelariak.

Arabarrek, berriz, goitik beherako bidea egin dute. Orain dela bi denboraldi mailaz jaitsi ziren, eta joan den sasoia «trantsiziokoa» izan zela adierazi du Elene Errastik (Aretxabaleta, 2000) Alavesko aurrelariak: «Lehen mailatik jaitsi ginen, entrenatzaile berria, jende asko berria... Denboraldi honetan, bai, fokua helburu zehatzetan jarri dugu. Lehen mailara igotzeko aukera dugu xede gisa».

Dagoeneko jokatu dituzte ligako lehen bi neurketak. Biek ere txapelketa erregularreko lehen neurketan hiru puntuak erdietsi zituzten. Josu Dominguezek zuzendutako taldeak Taxoaren 2-0 irabazi zion Alba Fundacion taldeari, eta Andrea Estebanen jokalariek 0-1 mendean hartu zuten Athletico Madril B.

Derbian puntua «balekoa»

Bigarrenean, elkarren aurka jokatu zuten Ibaian. Bana berdindu zuten. Bai Azpiazuk, bai Errastik «balekotzat» eman dute lortutako puntua. «Lehen zatian esango nuke gu hobeto ibili ginela, bai joko aldetik, bai baloi jabetzari dagokionez. Atsedenaldira 1-0 irabazten joan ginen. Bigarren zatian, ordea, ez dakit zer gertatu zen, baina atzean jarri ginen, eta haiek indar gehiago hartu zuten. Aukera gehiago izan zituzten gola sartzeko. Korner baten bitartez iritsi zen Osasunaren gola. Azken minutuetan sufritu egin genuen. Beldurrez geunden, bigarren gola sartuko ote ziguten», adierazi du Aretxabaletako jokalariak.

Errasti (Alaves): «Sasoiaurrea apur bat arraroa izan da, baina gustura amaitu dugu. Eta ikusi da, behintzat, ondo hasi garela. Bagoaz aurrera poliki-poliki»

Bide beretik, iruindarrak esan du berdinketa «nahiko justua» izan zela. «Badakigu Alavesen kontra Ibaian talde oso gutxik bilduko dituztela puntuak. Ikusita lehen zatia nola joan zen, beraiek askoz hobeto iritsi ziren... Hala ere, egia da bigarren erdian gu hobeto aritu ginela, eta azkenean berdintzea lortu genuen. Emaitza ona da guretzat».

Elene Errasti Alaveseko jokalaria, Ibaian jokatutako derbian. (@AlavesFem)

Gorritxoek eta babazorroek aldaketa handiak izan dituzte multzoan. Hamar jokalari berri batu dira Osasunara. Azpiazuk adierazi du «gutxinaka ondo moldatzen» hasi direla, eta haren ustez «bide onetik» doaz. Bakarren batek entrenamenduan arreta piztu ote dion galdetuta, Osasunako jokalariak adierazi du «gehien bat» Eunate Arraizak, Athleticeko jokalari ohiak, alegia. «Hamabi denboraldiz jokatu du gorengo mailan, eta asko nabaritzen da. Nahiz eta fitxaketen artean helduena den, bere esperientziak, lasaitasunak eta kalitateak asko emango digu».

Arabarrek aldaketa askoz handiagoa izan dute multzoan. Pentsa, joan den denboralditik, sei-zazpi jokalarik bakarrik jarraitzen dute taldean, Errastik adierazi duenez. «Denboraldiaurrean denbora eduki dugu apur bat taldea ezagutzeko, ikusteko bakoitzak nola jokatzen duen, eta jendeak entrenatzaile berria ezagutzeko. Alde horretatik, sasoiaurrea apur bat arraroa izan da, baina gustura amaitu dugu. Eta ikusi da, behintzat, ondo hasi garela. Aurrera goaz poliki-poliki».

Kopa, erakargarria

Bien helburua lehen mailara igotzea bada ere, ez diote itsu-itsuan horri soilik begiratuko, batez ere Osasunak. «Joan den denboraldian gure entrenatzaileak beti esaten zigun trantsizioko urtea zela. Sasoi honetan, ordea, esan digute gutxienez kanporaketetara sailkatu behar dugula. Eta kanporaketarik jokatu gabe zuzenean lortzen badugu gorengo mailara igotzea, askoz hobeto. Baina partidaz partida joan behar dugu, eta ea nola moldatzen garen. Ahalegin handia egiten jarraitu behar dugu, gure ametsa egia bihurtzeko», adierazi du jokalari gorritxoak.

Alavesen aldetik, Errasti aurrelariak nabarmendu du, helburu «argia» lehen mailara igotzea den arren, «oraindik ere jardunaldi asko» geratzen direla: «Poliki-poliki joan behar dugu, partida ahalik gehien irabaztera, betiere puntuak lortzen. Berdinketa bada, berdinketa; baina ez galtzen saiatu behar dugu. Nolanahi dela,, helburua lehen mailara igotzea da».

Azpiazu (Osasuna): «Nahiz eta fitxaketen artean Eunate Arraiza helduena den, bere esperientziak, lasaitasunak, eta kalitateak, asko emango digu»

Kopa txapelketa erakargarria da bigarren mailako taldeentzat, gehien bat lehen mailako taldeen aurka indarrak neurtzeko aukera paregabea delako. Lehen kanporaketa gainditu dute biek, eta bi aste barru jokatuko dute bigarrena, urriaren 2an. Osasunak Zaragozaren aurka jokatuko du kanpoan, eta Alavesek, berriz, etxean Logroñoren kontra.

Osasunako atzelariak eta Alaveseko aurrelariak bat egin dute esanez Kopa txapelketa polita dela, batez ere ligan hainbeste jokatzen ez duten jokalarientzat. Joan den denboraldian arabarrak final-zortzirenetaraino iritsi ziren. Atletico Madrilek kaleratu zuen Alaves. Oroitzapen «oso ona» du partida hartaz Errastik: «Oso ondo lehiatu ginen, eta ia-ia ibili ziren guri irabazteko. Beti duzu ilusioa lehen mailako talde baten aurka partida jokatzeko».

Poliki-poliki lekua egiten

Bai Errastik, bai Azpiazuk pixkanaka-pixkanaka lekua egiten joan dira euren taldeetan. Aretxabaletako aurrelariak laugarren denboraldia egingo du Alavesen, eta «poliki-poliki protagonismoa hartzen» ari dela adierazi du. Gainera, joan den igandean Ibaian jokatutako derbian berak sartu zuen gola, eta denboraldi honetan, taldeko hirugarren kapitaina da. Jada etxean bezala dagoela nabarmendu du.

Nahia Azpiazu Osasunako jokalaria, joan den denboraldiko partida batean. (@Osasuna_fem)

Azpiazuren kasuan, joan den sasoian lehen taldearekin zenbait partida jokatu bazituen ere, bigarren taldeko fitxa zuen. Denboraldi honetan, ordea, gorengo taldera saltoa eman du. Lehen bi partidetan bere burua nola ikusi duen galdetuta, nafarrak adierazi du «nahiko ondo», baina oraindik gauzak dituela hobetzeko.

Asteburu honetan indarrak bi aurkari ahaltsuren aurka neurtu beharko dituzte. Gorritxoek igande honetan etxean jokatuko dute Alhamaren aurka (12.00etan). Azpiazuk ohartarazi du partida «gogorra» izango dela, baita «intentsitate handikoa» ere: «Badakigu partida zaila izango dela. Baina, etxean jokatuta, espero dut zaleek laguntzea, eta hiru puntuak etxean geratzea».

Alavesek, bere aldetik, Ibaiatik urrun jokatuko du larunbat arratsaldean, Vila-real jaitsi berriaren aurka (18.00etan). «Ilusioa badugu jaitsi berri direnen aurka jokatzeko. Apur bat ikusi ahal dut nola jokatzen duten, eta uste dut neurketa gogorra izango dela, intentsua ere bai. Gure jokoa egiten ahaleginduko gara

Asteburu honetan jokatuko dituzten bi partidak neurgailu ezin hobeak izango dira, ligan goran ibiliko diren taldeen aurka indarrak neurtzeko.