IRRATIA

PlayStation 5 Pro bertsioa 799 euroan saltzeak zaleak sumindu ditu

PS5 Pro ofizialki aurkeztu dute eta polemika handia eragin du, batez ere, bere prezio altuagatik: 799,99 euro. Jokalarien komunitatearen erreakzioa nagusiki negatiboa izan da. Gaiari heldu diogu Game Erauntsia saioan ere.

Este navegador no soporta el elemento audio.


PlayStation 5 Pro modeloa iragarri du Sony-k. PS5aren bertsiorik indartsuena ez da merkea izango, ordea: 799,99 euroko prezioan merkaturatuko dutela adierazi du Mark Cerny PlayStationeko hardware arkitektoak iragarpenean. Bideojokozaleak zur eta lur utzi dituen prezioa, gu geu barne: aurkezpenaren ondoren grabatutako Game Erauntsiaren irratsaioan bota ditugu gure iritziak.

Prezioa ez ezik, PS5 Pro berriak ekarriko dituenak, edo, hobe esanda, ekarriko ez dituenak harritzekoak dira. Disko irakurgailurik gabe helduko da: kanpoko irakurgailua erosteko aukera ematen digu Sonyk, PS5 originalaren All-Digital edizioarekin gertatu modura, baina honek 120 euroko prezioa dauka. Bertikalki kokatzeko idulkia ere norberak erosi beharko du.

Berrikuntza interesgarriekin estreinatuko bada ere, ez dute prezioa justifikatzen: txartel grafiko indartsuagoa izango du Proak, baita izpien trazadura (raytracing) aurreratua eta PlayStation Spectral Super Resolution (PSSR) eskalatze teknologia ere. Dena den, dagoeneko PS5 originalak modu nahiko aproposean mugitzen dituen bideojoko berberak 4K eta segundoko 60 irudiko tasan mugitzera bideratutako gailua dugu.

Oporretan egon garen bitartean gertatutakoak ere errepasatu ditugu. Alde batetik, Europako Gamescom azokan aurkeztutakoak zerrendatu ditugu, ekimenak edukitako arrakasta aipatuz. Bestetik, Nintendo-k abuztuan erakutsitakoak izan ditugu hizpide: Indie World eta Partner Direct aurkezpenez gain, Kioton irekiko duten Nintendo Museum interesgarrian barneratu gara.

Euskal mitologia ardatz duen Pyrene berriz aipatzearekin batera euskaratutako lau bideojoko berri ezagutu ditugu. DigiPen Europe Bilboko ikasleek joan den ikasturtean doan kaleratutako Slap That, Chrono Club – Race Against Time, MouseVentures eta Abyss.

Ahaztu aurretik: zorionak, Game Erauntsia! Euskal bideojokozaleen elkarteak 10 urte bete ditu. Gure komunitateari zor diogu guztia, milesker beraz!