IRRATIA

«Negazionismoari ezin izan diote eutsi eta onartu dute Osakidetzan arazoa larria dela»

EAEko osasun mahaian izan zen LAB sindikatua. «Ate bat» zabaldu dela uste du Igor Arroyo koordinatzaileak, eta lortu behar dela «faltsuan ez ixtea». Osasun sistemak eta orohar zerbitzu publikoek behar duten inbertsiorako zerga erreforman sakondu behar dela uste du.

Igor Arroyo LAB sindikatuko koordinatzailea (Naiz Irratia)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Osakidetzako egoerari aurre egiteko mahai bat eratzea «herri garaipena» dela uste du LABeko koordinatzaile Igor Arroyok. Salatu du, orain arte arazoak ukatu izan dituela Lakuako Gobernuak eta «negazionismoa» gainditu dela. Nolanahi, sistema iraultzeko, pribatizazioak amaitzeko eta langileen eta erabiltzaileen baldintzak hobetzeko «inbertsio handiagoa» behar da, Arroyoren esanetan.

«Zalantza dugu benetako borondaterik dagoen osasun sistemak behar duen eraldaketarako, inbertsioak aldatzeko. Horrek zerga erreforma sakona behar luke, eta patronala ez dago ados. EAJk patronalari egiten dio kasu. Gure ardura da benetako aldaketa emateko bultzatzea», esan du.

Pentsio eta soldata duinak

Pentsio sistema propioa lortu aurretik, 1080 eurotako gutxieneko pentsioak Hego Euskal Herriko erakundeak osagarritzearen alde mintzatu da LABeko koordinatzailea. «Eztabaida parlamentarioetan mahai gainean dagoen gaia da», esan du. Horretarako, erakundeen diru bilketa erreformatzea beharrezkotzat jo du: «Politikaren eginkizunetako bat hori da, hemengo aberastasuna nola kudeatu. Pribilegio fiskalak daude patronalari aitortzen zaiena. Soldata jasotzean erretentzioak dituzte langileek, zerbitzu publikoak mantentzeko. Diru sarrera horiek akzio bidez jasotzen duten pertsonek ez dute langileen portzentaje moduan tributatzen, topea dute. Pribilegio fiskal horiekin amaitu behar da, zerga sistema langileen errentetan oinarritzen delako. Horrekin amaituko bagenu, noski egongo dela dirua 1080 euroko pentsio minimoa bermatzeko edota osasun publikorako». 

Soldatei dagokionez, Hego Euskal Herriko langileek bizi maila Estatuarekin konparatuz altuagoa dutela eta, 1600 euroko gutxieneko soldata exijitu du LABek: «Soldaten bataz bestekoaren %60 izan behar du gutxienekoak. Horrek 1600 euro esan nahi du gurean. Duindu egin behar da langileria». Horretarako, propio deitutako mahai bat behar dela uste du, patronala eta sindikatuen artean. Lakuari eskatu dio exijitu diezaiola patronalari horretaz hitz egiteko esertzera. «Zenbat eta soldata egitura prekarioagoak, egitura soziekonomikoa debaluatuagoa», gehitu du.

Borroka sindikal orokorraz mintzatu da eta LABek aurki horren inguruko proposamena aurkeztuko du. Uste baitu, hitzarmenetatik kanpo langile asko dagoela; eta beraz, borroka sindikal orokor baten barruan kanpaina iragarri du. Helburua, jendarte guztiaren bizi baldintzak hobetzea zentzu guztietan.

Langileen eskubideak vs hizkuntza eskubideak

Lanpostu publikoetan eskatzen diren hizkuntza profilen kontra atera diren sententzien aurrean, CCOO sindikatuaren jarrera salatu du Igor Arroyok. Uste du «etxekalte» ari dela hizkuntza eskakizunak langileen eskubideen kontrakoa dela esatean: «ezin dira eskubideak elkarren kontra jarri. Hizkuntza eskubideak eta langileenak uztargarriak dira. Hizkuntza eskakizunak jarri behar dira eta langileen beharrak bideratu. Horrelako jarrerek ez diote kohesio sozialari mesede egiten eta euskara ez dakitenak kaltetzen ditu».