Industrialdea bizitoki, zarata bizilagun: «Hau ez da jasangarria»
Barakaldoko Lutxana auzoan, Oxinorte enpresatik datorren kutsaduraz kexu dira auzokoak abuztu amaieratik. Ez, ordea, ohiko aireko kutsaduraz, akustikoaz baizik. NAIZ Irratian izan ditugu Fernan Garcia eta Aritza Munarriz, bertako auzokideak.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Oxinorte oxigeno tratamendurako enpresa txistu zoli bat igortzen ari da abuztu amaieratik. Aurretik ere egiten zuen zaratarik enpresak, baina soinu hau bestelakoa da, eta berria.
Bizilagunen kexak pixkanaka iristen hasi ziren hasieran, baina bat egin zuten egunen joanarekin, eta ordutik hainbat elkarretaratze izan dira auzoan. Hurrengoa ostiral honetan egin dute.
Lutxana auzora gerturatu da NAIZ Irratia, Fernan Garcia eta Aritza Munarriz bizilagunekin solasteko.
«Abuztuaren 25ean hasi ziren arazoak, mantentze lanei ekin zietenean. Ordutik aurrera oso deserosoa da bertan bizitzea, gauez oso zaila da lo egitea dagoen zaratarekin. Egia esan, zaratak betidanik egon dira, baina jasangarriak ziren. Oraingo egoera desesperagarria da», azaldu du Garciak.
Munarrizek gehitu duenez, badirudi, arazo bat izan dutela enpresan, eta horregatik areagotu da zarata azken asteetan: «Azkenengo neurketak 75 dezibelioetatik gora ematen dute, eta hori ez da jasangarria, ezta legala ere», aipatu du.
Hortik tiraka, Munarrizek dio kutsadura beti erlazionatzen dela airea edo uraren kalitatearekin, eta zaraten kontuei ez zaiela hainbesteko arretarik ematen. «Zarata hau ez da bateragarria bizimodu osasuntsu batekin», nabarmendu du.
‘Zarata Stop ruido’ lelopean, mobilizatzen hasi dira auzokideak. Hasiera batean, abuztua zenez eta jende gehiena kanpoan zegoenez, Udaletxean egindako kexa indibidualak izan ziren gehien bat. Baina pixkanaka, auzokideak batu eta erantzun koordinatu bat prestatzen hasi dira.
«Arazoa konpontzen ari direla diote, baina momentuz ez dute egin. Eta alkatea ez da auzora etorri ere egin»
Auzokideen protestak hasi eta gaia hedabideetan ateratzen hasi zenetik, fabrika geldialdiak egiten hasi da, produkzioa noizbehinka geldituz. «Arazoa konpontzen ari direla diote, baina momentuz ez dute konpondu, eta auzokideek zarata sufritzen jarraitzen dugu», dio Munarrizek.
Gainera, informazio falta ere salatu dute eta alkatearen jarrera gaitzetsi dute ere. «Alkatea ez da auzora hurbildu ere egin. Ez da auzokideekin bildu egoeraren berri emateko. Jendea oso haserre dago, azken finean, Udala da herritarron eskubideak bermatu behar dituena, eta kasu honetan jarrera oso negatiboa izaten ari da».
Bizilagunek Udalari eskatu diote enpresari presio egin diezaiola zaratak gelditzeko edo auzotik irteteko. «Mobilizatzen jarraituko dugu arazoa konpondu arte», argi utzi du Garciak.