IRRATIA
Entrevista
Peio Dufau
Fronte Herritarreko diputatua

«Kezkatuak eta borroka egiteko prest gaude»

Peio Dufau, EH Baiko diputatuarentzat «demokrazia zapaltzen du» Michel Barnier lehen ministro hautatu izanak. Hauteskundeetan emaitzak «argiak» izan arren, Macronek bere politikak mantentzeko eskuina eta eskuin muturrarekin bat egin izana arbuiatu du NAIZ Irratian.

 

 

Peio Dufau, Fronte Herritar Berriko diputatua. (Guillaume FAUVEAU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


«Haserre handiz eta kezkaz» jaso du Fronte Herritar Berriko diputatu lapurtarrak lehen ministroaren hautaketa. Dufauk ziurtzat eman du Michel Barnier eskuindar errepublikanoak eskuin muturraren neurriak hartuko dituela.

Asteburuko mobilizazioetan «haserrea» erakutsi behar dela deritzo, ez direlako hauteskundeen emaitzak errespetatu. Peio Dufauk nabarmendu du gizartearen bi herenak bizkarra eman ziola hauteskunde legegileetan Emmanuel Macroni. 

Zer iruditu zaizue Macronen erabakia?

Biziki txarra, horrelako emaitza batentzat bi hilabete itxarotea harrigarria da, inork ez du ulertzen. Demokrazia zapaltzen du, izan ere, demokraziak argiki hitz egin du eta Macronek laugarren postua eskuratu zuen izen bat hautatu du lehen ministro izateko, eskuin muturra babesa izateko izan da hori.

Haserrea gizartean sumatzen da. Macronek zihon bera eskuinaren eta ezkerraren artean kokatzen zela, alderdi sozialistatik pasatua ere bazela, eta gaur egun ikusten dugu nahiago duela eskuin muturrarekin lan egin ezkerrarekin egin beharrean.

Uste duzu nahita utzi duela horrenbeste denbora pasatzen Macronek? Ezkerrak legislatiboetan lortu zuen garaipena nolabait ahaztu zedin?

Ez da inondik ahantzia, gainera, emaitzak argiak dira: ezkerrak irabazi zituen hauteskundeak. Herritarren bi herenek Macronen aurka bozkatu zuten, hori da kontutan hartu behar dena, eskuin muturra bozkatu duten denek ez dute bat egiten eskuin muturreko programarekin again, baina horiek hasserre handi bat erakutsi nahi izan dute. Lehen indarra, ezkerra, argiki programa batentzat bozkatu dute eta Macronek emaitza horien erdian heren bat errepresentatzen du. Eta lortu duen bakarra bere boterea mantentzeko eskuinarekin eta eskuin muturrarekin bat egitea da.

Ultraeskuinari aurre egiteko beharrak ezaugarritu zituen uztaileko hauteskundeak; ziur aski horregatik lortu zen Fronte Herritar Berria horren azkar osatzea.. Orain, eskuin muturra normalizatu egin dezake erabaki honek?

Beldurgarria da, eta zaila da aurreikustea, izan ere, inork ez zuen pentsatuko horrelako lehen ministro bat hautatuko zuenik Macronek. Baina eskuin muturraren babesa mantendu nahi badu, eskuin muturreko neurriak hartu beharko ditu, eta horrek haserre handi bat sortuko du. Gu kezkatuta gaude eta borroka politiko batean sartzeko prest.

Azken finean adostasun batzuk atzeman beharko dira lege batzuk aurrera eramateko, baina politika orokorra oso kontra izanen dugu. Azken urteetan gertatutakoa da dirua metatu dela batzuen sakeletan eta jende xumearenak hustu egin direla. Zerbitzu publikoetan inbertitzeko asmoa edota erretreten erreformaren kontrako plan bat ere bazen mahai gainean, eta Macronek beste bide bat hartu du: oso liberala, oso eskuindarra eta jende xumeen aurka joanen dena.

Elkargoa, hezkuntza, hizkuntza, etxebizitza. Hauek dira IEHren kezka nagusietako batzuk. Bernierren hautaketak nolako eragina izan dezake arlo hauetan eta IEHan?

IEHrentzat ez dakit, zaila ikusten dut.. Baina etxebizitzari lotuta, alderdi guztien arteko neurriak hartu daitezke, adibidez, bigarren etxebizitzen aurka azken bi urte hauetan bide bat jorratu da nahiz eta ez den bururaino eraman, orain hori egin behar dugu. Laborantza lurren babesari ere aterabide bat atzemateko aukera egon daiteke. Euskararena zailagoa da nahiz eta bere herrialdeari lotuta dagoen lehen ministroa ez dakigu horrek ondoriorik izanen duen. Nik ez dut sinesten zeren eskuin muturrarekin gobernatu beharko du, eta eskuin muturra hizkuntza txikien aurka da %100ean, gu bezalako lurraldeen aurka, Frantzia bat eta azkerra besterik ez dute nahi.

Asanblea Nazionalean zer nolako gehiengoak egon daitezke?

Zentroa, eskuina eta eskuin muturra. Hori da momentuz agerian dugun gehiengo bat, ikusiko dugu gero ezkerretik nola lortu dezakegun haserre diren macronista batzuk gurekin biltzea. Ahalegindu behar dugu esanez: zuek nahiago duzue eskuin muturrarekin lan egin edo ezkerrarekin?

Hori da gaur egun dugun eztabaida, hainbat hilabetez egin dugu bat denek eskuin muturrari aurre eta oztopo egiteko. Macronek, aldiz, bere botereari eusteko erabaki du eskuin muturrarekin bakarrik lan egitea, uste dut bere alderdian ere anitz kezka sortu dela.

Astebururako deitu diren mobilizazioetan parte hartzera deitu du EH Baik, zergatik?

Haserrea erakutsi behar delako, bozkak izan dira berriki eta bozken emaizak ez dira errespetatu. Gainera bozka horiek parte hartze historiko batekin atera dira, horrek esan nahi du zinez jendearen iritzi bildu dela eta Macronek badakiela jendarteak zer nahi duen. Baina aldi berean, bozkatu denaren kontra doa, mobilizatzeko deia zabaldu behar da, asteburukoa lehenengoa da, baina gehiago egongo dira Macronen politikari eta eskuin muturrari oztopo egiteko. Horretan ari gara azken emaitzak ez badira errespetatuak mobilizazioak izanen dira erakusteko ez dela hori bozkatutakoa.