IRRATIA

‘Negu Gorri’ baten eskutik uda oparoa J Martina taldearentzat

Estudioko bigarren diskoa kaleratu du J Martina taldeak. Hiruko formazioan aurkezten ari dira beren lan berriena Ane eta Kattalin Barcena eta Javi Jorajuria.

Elurretara joan ziren ‘Negu Gorri’ diskoko argazkiak egitera J Martina taldekoak. (Maria MURIEDAS)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Zortzi abestiz osatutako diskoa kaleratu dute J Martina taldekoek 2024 honetan, ‘Negu Gorri’. Lo-Fi ukitua eta ye-ye erritmoetan hasi eta bachata batean bukatzen den ‘Paktua’ da horietako bat, aurrerapen kantu bezala ezagutu genuena. Haren aurretik, ordea, ‘Negua’ abestia dator, Imanol Enbeita bertsolariak XIX. mendean abestutako bertso bat oinarri duen sarrera, garai zaila eta gordina dela aipatzen duena.

Sekulako bideoklipa egin dio Ximon Agirrek ‘Esku burdin’ abestiari, ahotsaren prozesamenduak eta erabilerak garrantzia berezia duen kantua. Nabari da disko honetan mimo berezia eskaini dietela ahotsei J Martinakoek.

‘Bilbo’ kantuan hiri zatitu bat irudikatu digute, abestirik politikoena dela dirudi, «baina keba, abesti erromantiko bat da erabat», esan digute taldekideek. R&B ukitua duen abestia da, pianoaren beroa duena eta baxuaren indarra eta presentziak indarra ematen diona.

Verde Prato izan dute ‘hit’ moduan katalogatu dezakegun ‘Mendekua’ abestian. Hitz sakonak ditu eta malenkonia kutsu bat ere bai hasieran, baina 90etako popera egiten dugu salto bigarren erdian.

«Hortzak erakutsi eta miazkatu eskua» bezalako esaldiak gordetzen ditu ‘Negu gorri’ kantuak. Areta Senosiain izan dute hemen kolaboratzaile, Ibil Bedi taldeko biolin-jotzailea. Ahotsetan, beste behin, beren marka utzi dute Barcenatarrek eta Jorajuriak.

House udatiar bezala izendatu dugu ‘Gure orbainak’ abestia. «Pekatu guztiek dute bere ordaina, zureak gehiegi izaten hasi dira. Sendatuko dira gure orbainak, ezingo gara bizi atzera begira», hori da behin eta berriz errepikatzen dena abestian. Melodia itsaskorrak hitzak ere buruan errez sartzea ahalbidetzen du. Badakite poparen tresnak mezuaren mesedetan jartzen J Martinakoek.

‘Fusila’ kantua da diskoko zortzigarrena eta azkena, ‘Adore 2.0’ bezala ere uler zitekeena, nahiz eta argi utzi duten ez dela horrela. Euskal folketik abiatzen direla esan daiteke, ekialderantza soken bitarte joan eta aldaketa guztizko batera iritsi artean. Beste abesti interesgarri bat zakurako.

Zuzenean hurrengo geldialdia abuztuaren 10ean egingo dute, Lekeition, eta, atzetik hilaren 11n Kanbon eta 15ean, etxean, Larrabetzun, izango dira. Abuztuaren 16an Gernikan, 17an Deban eta, atzetik, iragartzeke dauden hainbat tokitan ere aurkeztuko dute ‘Negu Gorri’. Negua gorria bada, uda oparoa izaten ari da J Martina taldekoentzat.