«48 urte behar izan ditugu Josu itzaletik argitara ekartzeko»
Josu Mugikari, 1975ean Poliziak tiroz hildako gazteari, biktima izaera aitortu dio Lakuako gobernuak. Familia eta senideentzat 48 urteko itxaronaldia izan da. Telebistaz izan zuten senidearen heriotzaren berri.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Josu Mugika legazpiarra tiroz hil zuen poliziak 1975ean Madrilen. 2023ra arte itxaron behar izan du haren familiak Lakuako gobernuaren biktima aitortza jasotzeko. «48 urte behar izan ditugu Josu itzaletik argitara ekartzeko. Balorazio batzordeak egindako lanarekin oso gustura gaude, baina egia, justizia eta erreparazioari dagokionez gazigozo une batean aurkitzen gara oraindik», esan du Joan Mari Olaizola familiaren lagunak.
Madrilen hil zuten Mugika, «ETA pm-ko kide bat zen eta Segovian zeuden euskal preso politikoen ihesaldia ari ziren prestatzen. Han zeuden uztailaren 30ean, atera behar ziren presoen dokumentuak egiteko makina plastifikadora erosten», azaldu du Olaizolak.
Lau bertsio ezberdin zabaldu ziren garaiko prentsan. «Poliziaren eta Gobernuaren bertsioak aldatzen joan ziren», gogoratu du Olaizolak. Josu Mugikak bere buruaz beste egin zuela esan zuten lehendabizi. Ondoren, esan zuten bihotzekoak eman ziola. Hirugarren bertsio bat ere egon zen: poliziaren eta ETAkideen arteko tiroketa batean hil zela gaztea. Azken eta laugarren bertsioak zera zioen: Josu behin atxilotuta, polizia auto batetik ihes egiten saiatu zela, eta horregatik egin ziotela tiro.
Mugika hil eta lau egunetara izan zuen familiak haren heriotzaren berri, telebistan jaso zuten albistea. «Josuk nortasun agiri faltsua zuen eta hasierako egunetan izen hura erabili zuten komunikabideetan. Telebistan zabaldu ziren argazkiei esker identifikatu zuen familiak Josu», azaldu du Juan Mari Olaizolak. Senidearen gorpua ekartzeko bi urte behar izan zituzten, 1977ra arte ez zen Josu Mugikaren gorpua Euskal Herrira itzuli.