IRRATIA

«Kalean euskaraz kantatzeak ere euskarazko kantagintzari izugarrizko bultzada ematen dio»

Ahotseneak, Bizardia kultur-elkarteak, Oiartzungo Udalak eta Soinueneak Kanterri ikastaroaren hirugarren edizioa antolatu dute uztailaren 10erako. «Euskarazko kantagintza bere ertz guztietatik» aztertuko dutela aurreratu du Gotzon Barandiaran antolatzaileak.

Uztailaren 10ean egingo dute Kanterriren hirugarren edizioa. (Kanterri )

Este navegador no soporta el elemento audio.


Euskal Herriko ohituretan mendez txertatuta izan diren kantak, kantagintza eta noski, kantariak izango dira protagonistak beste urte batez Oiartzunek hartuko duen 'Kanterri euskaraz kantatzen duen herria ikastaroa'. Uztailaren 10ean jarri dute hitzordua Elizalde auzoan kokatuta dagoen udal areto nagusian. Astebururo Euskal Herri luze zabalean kantatzen ikus daitezkeen taldeen ekarpena, uste baino garrantzitsuagoa dela azaldu du Kanterriko antolaketa lanetan ibili den Gotzon Barandiaranek, «kalean euskaraz kantatzeak ere euskarazko kantagintzari izugarrizko bultzada ematen dio».

Kanterrik badu dena den, herrikoia den hori merezi duen lekuan jartzekoa, oraindik ere «askotan gutxietxi egiten ditugula horrelakoak» Barandiaranek dionez, alegia «bigarren mailakoa» dela kalean kantatzen aritzea. Antolatzailearentzat ordea, euskal herritar garaikideon historia, ohiturak eta nortasunaren isla dela kantagintza eta gogora ekarri du, «euskarazko edozein eduki transmititu izan dugu ahoz. Kantatzea pertsonok berezkoa dugu».

Oiartzungo Kanterri ikastaroaren hirugarren edizio honetan beraz, «euskarazko kantagintza bere ertz guztietatik» aztertzea izango dute helburu, honen ondarearen gorazarre eginez, baina baita euskal kantu herrikoien atzean egon diren diskurtso ez beti toleranteen analisi kritikoa eginez. Parte hartu nahi dutenek internet bidez eman dezakete izena, 25 euroan landunentzat eta 20 euroan berriz, langabetuentzat.