IRRATIA
Entrevista
Iratxe Urizar
Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiko abokatua

«Giza eskubideen babesak ezin du gorabehera politikoen menpe egon»

Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak otsailean berrekin zion lanari eta larunbatean egingo du aurkezpen ekitaldia Donostian. Azken urteetako lorpenen balioa azpimarratu arren, erabateko errekonozimendua lortzeko eta aitortu gabeko urraketak azaleratzeko lan egingo dutela dio Iratxe Urizar abokatuak.

Iratxe Urizar abokatua Bilbon prentsaurrean, artxiboko irudi batean. (Marisol Ramirez | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


2001ean ekin zion bere lanari Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak. Testuinguruak eta hainbat faktorek eraginda, bere jarduna murriztea erabaki zuen 2016an Behatokiak. Garaian hartutako konpromisoei eutsi diotela azaldu du Iratxe Urizar abokatuak, tartean, informazio bidalketak bermatuz. Hala ere, Egiari Zor eta hainbat biktimarekin batera hausnartu ostean, Behatokiak oraindik ere egiteko asko zuela ondorioztatu zuten. O ndorioz, joan den otsailetik abian dago berriz giza eskubideen arloan dagoen nazioarteko araudia gurera ekarri eta Euskal Herriko salaketak nazioartera eramaten dituen gobernuz kanpoko erakundea eta larunbat honetan, Donostian, aurkezpen ekitaldia ospatuko dute.

2016ko edo egungo garaia kontuan hartuta, aldaketak nabariak direla deritzo Iratxe Urizar abokatuak. Hainbat lorpen zerrendatu ditu, tartean, EAEko 12/2016 eta Nafarroako Foru Komunitateko 16/2019 lege berriak edota milaka tortura kasu aitortzen kaleratutako txostenak. Aurrera begira bitarteko garrantzitsuak izango direla dio Urizarrek eta horiek baliatuko dituztela azaldu du. «Txostenak osatzen jarraituko dugu eta oraindik errekonozitu gabeko kasu guztiak behar diren instituzioen aurrera eramango ditugu, biktimei laguntzen jarraituko dugu eta bigarren biktimizazioa ekiditeko bidea jarriko dugu».

Aukerak eta mugak

«Hiru R-en bilaketan: errekonozimenduan, erreparazioan eta berriro gertatuko ez denaren bermean» emandako aurrera urratsak azpimarratu arren, oraindik gauza batzuk aldatu ez direla dio eta beraz, irakurketa positiboa dela; «baina baita oso kritikoa ere». Gabezien artean, errekonozimenduaren afera aipatu du lehenik. Kasu batzuetan atzerapenak eman direla gogoratu du eta aitortza «hertsiak, bete-betean eman gabekoak» izan direla gehitu du. Horrez gain, oraindik errekonozitu gabeko eskubide urraketa asko daudela azaldu du Urizarrek.

Inpunitatearen afera ere etxeko lana da gaur gaurkoz. «Biktima asko aitortzen dira, baina hor gelditzen da irakurketa, ez doa harago». Dokumentu gehienak sekretupean mantentzen direla azaldu du abokatuak eta beraz, ezezaguna dela oraindik ere torturak nork egin eta agindu dituen edota zehazki zeintzuk izan ziren egitateak. Elementu gehiago mahaigaineratu ditu Urizarrek: «Preskripzioaren debatea beste eztabaidetako bat da. Ezartzen dizkiguten mugak askotarikoak dira, adibidez, sinesgarritasunarena».  Kasuz kasu lan egiteko beharra azpimarratu du abokatuak; «urraketaz urraketa ikusi eta horretarako beharrezkoak diren instantzietara jo» egin behar dela azaldu du.

Tortura Euskal Herrian, nazioartera

Lan horiek astintzeko, nazioarteko hainbat erakunderekin harremana mantendu egin du 2016az geroztik Behatokiak. Bereziki Europar Batasuneko eta Nazio Batuen Erakundeko eragileak dira, baina gizarte zibileko antolatutako hainbat elkarterekin ere lotura mantendu dute. «Nazioarteko giza eskubideen babeserako instrumentuak gure lehentasunezko harremanak izan dira».

Pasa den urteko uztailean, NBEren Torturaren Aurkako Batzordeak Espainiar Estatua interpelatu zuen. Batzordeko errelatoreak lekukotzak torturapean eman zituztela zioten 5.379 lekukotzen inguruan galdetu zion Espainiako Estatuari. Azken horrek ez zuen erantzun. Behatokiak berak, Egiari Zorrek eta Sarek ondutako txostenak emandako datua zen, eta Urizar bera izan zen hiru eragileen ordezkaria Genevan.

Espainiar Justizian Botere Judizialaren Kontseilua berritzeko PSOEk eta PPk egindako akordioaren harira, kezkagarritzat jo du Urizarrek joko-zelaia Estatuko tirabira politikoen menpe egotea. Horrekin batera, gogora ekarri du espainiar epaile eta epaitegiek egindako irakurketak ez direla «eskubideen errekonozimenduen aldekoak izan orain artean. Ikusi beharko dugu aurrerantzean zer gertatzen den».

Testuinguru horretan kokatuko da Behatokiaren fase berria. Larunbatean txupina botako dute ofizialki, Donostiako Miramar Jauregian ospatuko duten ekitaldian. Horrekin batera, ‘Estatuaren biktimak: Egia, Justizia eta Erreparazioa. Aurrerapenak eta erronkak’ mahai-ingurua ere antolatu dute. Hainbat ertzetatik begiratuko diote egin beharreko lanari; hizlariak, asmo horren isla dira: biktimen bizipenei ahotsa jartzeko Asun Lasak hartuko du hitza. Horrez gain, ikuspegi tekniko eta mediku-forentsea eskaintzen Benito Morentinek parte hartuko du eta akademiatik Jon Mirena Landa eta Laura Pego zuzenbidean adituak eta ikertzaileak.