IRRATIA
Entrevista
Amaia eta Mikel Larralde
Pilotaria eta pilotari ohia

«Gure mugimenduaren helburua da Euskal Herriko selekzioaren aldeko su hau gehiago ez itzaltzea»

Frantzia eta Espainiako selekzioetan jokatzeari uko egin diote hainbat euskal pilotarik. Horien artean dira Larraldetar aita-alaba. Gainontzeko pilotariei Hendaiako agerraldian parte hartzeko deia egin diete, Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasunaren aldeko ahalik eta babes zabalena irudikatzeko.

Amaia eta Mikel Larralde pilotariak, NAIZ irratiari eskainitako elkarrizketan. (NAIZ)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Hainbat pilotarik Espainia eta Frantziako selekzioei uko egingo diotela jakinarazteko, agerraldia egingo dute larunbat honetan Hendaian 'Euskal Herriko pilota selekzioa orain' lelopean. Haien erabakiaren berri eman eta pilotari gehiagoren babesa eskatuko dute bertan.

Ofizialtasunaren bidea blokeatua dago eta bultzada emateko prest bildu dira pilotariak. Horien artean dira Amaia Larralde eta Mikel Larralde. NAIZ irratiari azaldu dioten moduan, une honetan Euskadiko selekzioa errealitate bihurtzea da gertuen dagoen aukera; baina ez da nahikoa: «Iparraldeko eta Nafarroako pilotariek Euskal Herriko selekzioarekin jokatu nahi dugu». Bide horretan aurrera egiteko ekarpena egin nahi dute larunbatean.

Hasteko, nola egiten zaio uko selekzio bati? Zerbait sinbolikoa da, ekintza bat edo burokrazia bat izaten du honek.

Amaia: Guretzat izan da lagunarteko elkarketa bat. Aspaldi elkar ezagutzen dugu eta hasi ginen hori aipatzen eta bilkura batetik hautatu zen aurrera joatea. Hortik hasi da pixka bat mugimendu hori.

Selekzioari uko egiteak ba al du eragina norberaren kirol ibilbidean?

Mikel: Ni ez naiz kirolaria, kirol talde bateko arduradun nagusi eta mugimendu honetan aspaldi ibiltzen den partaide bat baizik. Iparraldean eta Hegoaldean ez dira uko egingo dieten lehenak, aurretik izan baitira beste pilotari batzuk azkeneko 30 urteetan. Batzuek agian izango zituzten zigor batzuk, gehienbat Iparralde aldetik; Hegoaldetik ez dut uste izan denik zigorrik, Euskadiko pilotariei ezin zietelako zigorrik jarri ez zeudelako Espainiako Federazioan. Baina, noski, ez da batere begi onez hartua.

Selekzioaren ofizialtasunaz duela urtebete hitz egin zen Espainiar Estatuko lege berria balioan jarriz. Legea indarrean denetik pausorik egon al da pilotari dagokionez?

Mikel: Lege hori Euskadiko Federazioari doakio eta bertan hiru federazio daude: Gipuzkoa, Bizkai eta Araba. Beraz, guk, Iparraldekook edo nafarrok, ez dugu ezer ikusterik hor. Euskadiko selekzioa Nazioartekoan sartuko balitz, agian ate bat irekiko lioke gure kirol modalitateari Iparraldean eta Nafarroan, eta gure pilotariek agian aukera izango lukete, behintzat, hautatzeko norekin jolastu; edo Frantzia, edo Espainia, edo Euskal Herriarekin; ez Euskadirekin, baizik Euskal Herriarekin.

«Euskadiko selekzioa Nazioartekoan sartuko balitz, agian ate bat irekiko lioke gure kirol modalitateari Iparraldean eta Nafarroan, eta gure pilotariek aukera izango lukete, behintzat, hautatzeko norekin jolastu»

Nazioarteko Pilota Federazioan urak aski nahasiak izan ziren ofizialtasunaren kontura, eta azkenean ez zen bozketarik egon. Nazioarteko Federazioaren zuzendaritza ere aldatu behar izan zuten. Zuen ekimenaren helburua ba al da honelako erabakiguneetan ere eragina izatea?

Mikel: Ez dakit. Gu ez gaude hor. Sostengatzen dugu eta ahal den guztia egingo dugu guk Euskadikoa Nazioartekoan sartzeko. Gu oso alde gaude eta uste dugu ate bat irekiko liokeela, baina guk beste helburu bat dugu: Iparraldekook eta nafarrok ere Euskal Herria ordezkatzea gure koloreekin eta gure ikurrinarekin.

Mexikon egitekoa zen bozketa hori bertan behera utzi zuten, proposamenak federazio ezberdinen artean sortutako liskarrak ekidite aldera. Zer gertatu zen zehazki?

Mikel: Mexikon, guk jakin dugunez, ez zen ziurra bozketa hori baiezkoa ateratzea. Uste dut %70 behar zela, eta ez zen ziurtatzen. Espainiak, bere alde, boto batzuk ziurtatu zituen, baita Uruguaikoak eta Txilekoak ere, eta horiek gehituz ez zuen lortzen %66 edo %70, eta arriskuan zen botoa.

Dagoeneko ia bi urte pasa dira Espainiako Kongresuan Kirolaren Lege berri hori onartu zenetik, zeinak lurraldean historikoki errotutako kiroletan Euskal Selekzioen ofizialtasuna egingarri izango zela ziurtatu zuen. EAJk, PSOErekin batera, lege berri horren zuzenketak txertatu zituen, baina badirudi ez dagoela aurrerapausorik. Egoera nola dagoen ba al dakizue?

Mikel: Nik ez dut Euskadiko Federazioaren izenean hitz egingo, ez naiz batere barnean. Nik dakidanez, oztopo nagusia da Espainiako Federazioko lehendakaria, Angulo jauna, eta oztopo guztiak hortik datoz. Orduan, badakit Nazioartekoan ere kanporatu zutela, behintzat bera zegoen lehendakari postutik. Nik, pertsonalki, ez dut ulertzen nola duen posible oraindik Espainiako Federazioko lehendakari izan, bere herriko legea ez badu onartzen eta aplikatzen.

Gainontzeko pilotarien babesa eskatzea ere bazen ekimenaren helburua. Jaso al duzue dagoeneko aldeko jarrerarik?

Mikel: Bai, pilotari askok eman digute beren baiezkoa, eta han izango omen dira. Batzuek esan digute uko egingo zutela. Izenak ez dira orain aterako; denak erakutsiko ditugu egunean bertan. Sostengu handia jaso dugu klubetatik ere, klub horietako lehendakaritzatik, politika munduan dauden zinegotzi edo beste hautatuengandik... Agian batzuk han izango dira. Zuei, hedabideei, esker ari da zabaltzen eta sostenguak ere hasi dira jada. Gu oso baikor gara; ekitaldi hori behintzat oso puntu baikorra izango da, eta ondo aterako zaigu.

«Pilotari askok eman digute beren baiezkoa. Batzuek esan digute uko egingo zutela. Sostengu handia jaso dugu klubetatik ere, politika munduan dauden zinegotzi edo beste hautatuengandik ere bai; agian batzuk han izango dira»

Jakin al daiteke, gutxi gorabehera, zenbat pilotarik hartu duten selekzioei uko egiteko erabakia?

Mikel: Iparraldeko kopurua garbi dago: 15 pilotari berri dira gaur egun uko egitea erabaki dutenak. 2002an izan ziren batzuk ere bai. Zaharrenak ditu ia 28 urte, eta gazteenak 18.

Aipatzekoa da 2026an Argentinan jokatuko dela pilotako Munduko Txapelketa, baina batez ere 2030ean daude begiak jarrita, Bizkaian lehiatuko delako. Aukera ikusten al duzue gure pilotariak Euskal Herriaren izenean lehiatu ahal izateko?

Mikel: Ederra litzateke bai eta Argentinan izatea ere [barre egiten du]. Guretzat ez da erraza izango. Nik hori argi daukat, esperientzia askokoa naiz, ez naiz atzo sortua, eta beldur naiz etxean izango ote ditugun oztopoak. Lehen esan dugun bezala, lehenik eta behin, Euskadikoa sartu dadila Nazioartekoan, eta gero ikusiko dugu. Nik esperantza daukat europar bezala badituztela eskubide batzuk eta gure pilotariek ere badituztela eskubide batzuk aukeratzeko Europa eremuan non jokatu. Hori daukat nik buruan, baina hortik ez da ezer egin. Hori asko landu beharko da, abokatu eta beste. Momentuz, zain gaude Euskadikoa noiz sartuko den, saltsa hau mugitzen hasten ote den; hasi zen, baina sua itzali zen pixka bat eta berriro piztu da. Gure mugimenduaren helburu nagusia da orain su hau ez itzaltzea gehiago. Hor izango gara.

Argi dago zuek, behintzat, Euskal Autonomia Erkidegoko selekzio hori, hasiera batean, begi onez ikusten duzuela. Honek kritikak sortu zituen, Euskal Herri osokoa izan behar lukeen edo ez...

Mikel: Bai, bai. Guk betidanik esan dugu Euskal Herrikoa izan beharko litzatekeela, eta agian izango da egunen batean. Baina gaur egun gure aldarrikapena sartzeko dagoen ate bakarra da Euskadikoa, Espainiako Kirol Lege berriari esker, sartu ahal izateko Nazioartekoan. Horrekin lehenik, eta ondoren eraman dezagun gurea.

Zalantza asko aipatu dituzu, akaso etxean oztopoak izango dituzuelako. Etorkizunera begira, baikor al zaudete?

Mikel: Baikor bai, oso baikor; bestela ez ginateke hemen egongo, ez irrati honetan, ez prentsaurrekoak egiten pilotari gazteak ikusiz zein motibatuta dauden bere ikurrina defendatzeko kirol munduan. Oso baikor gaude, benetan, inoiz baino gehiago. Garaiak aldatu dira, osoki; hori egia da, baina inoiz baino baikorrago gara.

Esanguratsua da larunbatean gauzatuko den ekimena ere. Harrabotsa izan al du edo erreakziorik jaso al duzue?

Amaia: Bai. Nik pertsonalki oihartzun biziak entzun ditut, eskertu gaituzte, txalotu. Egia da sare sozialetan anitz partekatua izan dela. Instagram kontu bat sortu genuen guk Iparraldeko pilotariei mugimendua emateko, eta segituan arrakasta izan zuen. Facebook bidez ere gauza eta informazio anitz ari dira partekatzen.

Aipatu dugu Lege hori, baina Estatu frantseseko Pilota Federazioan egoera nolakoa da?

Mikel: Orain arte, behintzat, argi eta garbi esan du lehendakariak berak sostengatu egiten duela eta Euskadiko Federazioa Nazioartean sartzearen alde bozkatuko lukeela.

Esanguratsua izan zen azkenetariko lehiaketa batean ikustea euskal pilotariak ikurrinarekin nola joan ziren euren saria jasotzera. Honelako ekimenak egiten direnean, federazioetatik zer-nolako erreakzioak jasotzen dira?

Mikel: Zuk uko egiten badiozu, uko egiten diozu; ez zara hor. Gero, beste aukera da ez uko egitea eta parte hartzea. Hor Bixintxo Bilbaorena gertatu zen. Berak parte hartzea erabaki du, txapela irabazi zuen eta hor erakutsi nahi izan zuen ikurrina ateraz bera nongoa zen eta zer zen: euskalduna zela. Uko egitearena da urrats izugarria. Maite duzun kirolean goi mailan egoteko aukera mozten duzu, eta erabakitzen duzu uztea zure abertzaletasunagatik. Beste pauso bat da. Gero Bixintxo zigortua izan zen.

Erabakia hartu ostean, aurreikusten dituzue akaso federazioetatik mugak edo trabak jarri ahalko dizkizuetela zuen kirol ibilbidean?

Amaia: Gure aldetik, hemen, Iparraldean, nire ustez, ez. Eta hala bada gure artean antolatuko ditugu lehiaketak, baina ez dugu amore emango horretan. Nire ustez, Frantziako Federazioak utziko digu, beti bezala, jokatzen hemen.
Mikel: Amaitzeko, oraindik eskatzen diegu pilotari gehiagori, sostengatzaile gehiagori, federazioetakoei, klubetakoei, larunbatean, 12.00etan, Hendaiako Daniel Ugarte Beltzenia frontoira etor daitezela argazki izugarria ateratzea. Denak etorri behar zarete. Mila esker!