Europarlamentari ohien eskarmentua eta aholkuak Naiz Irratian
Ekainaren 9ko EBko hauteskundeen kanpaina amaitzen den egunean, Euroganberan euskal herritarren eta oro har, estaturik gabeko nazioen interesen alde jardun ziren Gorka Knörrek eta Iñaki Irazabalbeitiak garaian bizi izandakoaren eta ordutik aldatu denaz hitz egin dute.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Tradizio politiko ezberdinetatik datoz Gorka Knörr eta Iñaki Irazabalbeitia, baina legealdi ezberdinetan izan bazen ere, biek partekatu zuten, norberaren ikuspegitik, Europako Parlamentutik Euskal Herriaren alde lan egitearen beharra, eta argi dute biek, emankorra izan zela bertan eman zuten tartea, arloa pertsonalean esperientzia aberasgarria izateaz gain.
Gaur egun Junts alderdi katalanaren zerrendako 5. postuan doan arren, 1999ko uztailetik 2011ko irailera europarlamentari izan zen Knörr, Eusko Alkartasunako ordezkari bezala, Koalizio Nazionalista – Herrien Europa taldean. Hamarkada pasatxo geroag estreinatu zen Europako Parlamentuan Aralarko Iñaki Irazabalbeitia ere, zehazki 2013ko uztailetik 20214ko ekianera, kasu honetan Europako Aliantza Librea taldean.
Zehaztu beharko litzateke lehenik, zerrenda-kidearena dela ezagun egiten den aurpegia, baina gehiago direla lanean ibiltzen direnak. «Europarlamentari bat ez da pertsona bat, taldea da», dio Irazabalbeitiak, «eta talde horren bidez egiten dugu lan», gaineratu du. Estaturik gabeko nazioetako ordezkariek zail izaten dute eserleku asko lortzea, hori dela-eta, ohikoa izaten da asistentea beste alderdi nazional batzuetakoak izatea. Horrek alde batetik, amankomuneko helburuetan lan egitea ahalbidetzen du, baina tarteka ere espazio bateko zein besteko interesak aurrez aurre jar ditzake. Koordinazioa izaten da gakoa.
Gorka Knörrek, bera europarlamentari izan zenetik izandako aldaketa sakonak aipatu ditu, baina baita mende hasieratik mantendu diren lan ildoak ere; «gogoratzen dut nola behin esan nuen Nafarroa dela lurralde bakarra bere hizkuntzaren aurka legislatzen ari zena». Gaur egun, Juntseko ordezkari bezala, EBrekin eta Espainiar Estatuarekin harremanetan dagoenetako bat da, katalana, euskara eta galegoa ofizialak izan daitezen batasunean. Helburu honek Euskal Heerrian indarra har dezan lan egitera deitu du, «espero dut datozen hilabeteetan gurekin bat egitea Euskal Herria nahiz Galiziako lagunak».