IRRATIA

Caravaggioren galdutako artelana

Madrilgo Prado Museoak ikusgai jarri du Caravaggioren 'Ecce Homo' artelana. 2021eko martxoan, Ansorena enkante-etxeak 1.500 eurotan jarri zuen salgai, ustez Jusepe de Riberaren ikasle batek egindakoa baitzen, baina aditu italiarrei esker, Caravaggioren obra bat zela deskubritu zuten. 

Caravaggioren 'Ecce Homo' lana (Museo del Prado)

Este navegador no soporta el elemento audio.


2021eko martxora bidaiatuko dugu. Mundua Covidaren pandemiatik berreskuratu gabe zegoen, baina jada argia ikusten hasiak ginen. Normaltasun arraro horretan, Madrilgo Ansorena enkante-etxeak, artelan bat jarri zuen salgai. Ansorena Espainiar Estatuko enkante-etxerik zaharrena da, 1845ean sortu zuten, eta duela 50 urte, enkante bidezko salmentak egiten hasi ziren. Ordura arte, ez zegoen hori egiten zuen enpresarik; baina Alfonso Ansorena eta bere emazte Paloma ausartu egin ziren. 

2021a zen, eta Ansorenatarrek 'Ecce Homo' bat jarri nahi zuten salgai, 1.500€-ren truke. 'La coronación de espinas' izeneko artelan hau Jusepe de Riberaren inguruari egozten zaio. Ribera Espainiako pintore barroko nagusietako bat izan zen eta, bereziki, erlijio eta mitologiako eszenetan erakutsi zuen errealismo biziarengatik nabarmendu zen. Eta antza denez, 'La coronación de espinas' bere ikasle batek margotutakoa zen. Eta aipatu moduan, 1.500€tan hastekoa zen enkantea. 

Baina Italian zurrumurru bat zabaltzen hasi zen, zehazki arte barrokoaren munduan. Aditu batzuen arabera, Espainian Caravaggioren artelan bat agertu zen, lau mende lehenago galdutakoa. Harribitxi bat, munduan Caravaggioren 60 obra besterik ez baitaude. 

Italiako zurrumurruak Espainiara iritsi ziren, eta Pradoko Museoak Kultura Ministerioari abisatu zion. Eta Ondare Historikoko Ondasunak Kalifikatzeko Batzordeak orduan, artelana kultura-intereseko ondasun izendatzeko erabakia hartu zuen. Horrela, artelana erosten duenak hainbat betebehar izango ditu, hala nola, koadroa baldintza egokietan kontserbatzea; Estatuko erakunde batek aztertu ahal izatea; erakusketetarako lagatzea; eta Administrazioari erosteko lehentasuna ematea. 

Azkenean, duela hilabete jakin genuen artelana saldu egin dela; orain bai, Caravaggio bat dela baieztatuta, 36 milioi euroren truke. Artistaren izenarekin, obraren balioa zeharo aldatu da. Beraz, banandu daiteke artista eta lana?

Entzun istorioa Bigarren Kafean.