IRRATIA
Entrevista
Maria Solana
Geroa Baiko parlamentaria

«Mercadonan beharrean Chiviteren etxean protesta egin zutenek ez dakit gauzak argi dituzten»

Politika «Nafarroatik eta Nafarroarentzat» egin behar dela uste du Maria Solanak. Chiviteren jardun instituzionala etikoagoa bihurtzeko asmoei dagokionez, gogorarazi du Nafarroako eta Madrileko testuingurua eta gizartea ez direla berdinak eta beraz, akatsa litzatekeela formula berdinak aplikatzea.

Maria Solana, artxibo irudi batean, Nafarroako Parlamentuan hitza hartzen (Iñigo Uriz | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Maria Solana, Geroa Baiko kidea, NAIZ Irratian izan da astelehen honetan. Bertan, Nafarroako gaurkotasunari errepaso egin dio, Maria Chivite lehendakariak eta Unai Hualdek, Parlamentuko presidenteak, izandako bilera ardatz hartuta. Gogora ekarri du aurreko astean lehendakariak bere sare sozialetan komentarioak egiteko aukera mugatu zuela, «gorroto transmisioa» ekiditeko. «Espero dut hau koiunturala ez izatea. Baina beldur horrekin nabil. Azken boladan baino haratago joan beharra daukagu», adierazi du Solanak.

Mugimendu hori Pedro Sanchezek hartutako hausnarketa egunekin lotu du parlamentari nafarrak. «Kontuz ibili behar dugu gauza hauekin, gaia nahiko serioa da. Eta hau ere bai, Nafarroatik eta Nafarroara begira jorratu behar dugu, gure errealitate politikoa ardatz hartuta». Izan ere, Solanarentzat demokraziaren inguruko eztabaida hau «Madrilgo klabeetan» jorratzea akatsa litzateke. «Hango oihartzuna iristen zaigu eta antzekotasunak ikusten ditugu, baina errealitatea ez da horren iguala, giroa desberdina da, aurrekariak desberdinak dira, alderdiak desbedinak dira eta gizartea ere. Hango formula ezin da hemen aplikatu».

Chivitek egiaztapen-agentzia bat sortzea proposatu zuen «desinformazioaren aurrean». Solanaren iritziz, proposamen hori «nahiko berde» dago eta Parlamentuan «sakonki» lantzearen alde egin du.

Osasun lege berri bat

Gaurkotasunarekin jarraituz, osasungintza ere izan du hizpide parlamentari nafarrak. Itxaron zerrenda luzeak dira aspalditik. «Arazoaren konponbidea bilatzen laguntzeko, guztion parte-hartzea ezinbestekoa dela» gaineratzeaz gain, Osasun Legea aldatzeko proposamenaren inguruan hausnarketa sakon bat egin du.

Nafar Parlamentuan 1992 urteko Osasun Legea dago indarrean eta hori aldatzearen alde agertu da. «Ezin diogu aurre egin lehengo formulekin. Osasun arazoak bestelakoak dira eta arretak bestelakoa behar du izan. Eguneratu egin behar dugu bai edo bai. Ardatzak ongi definitu behar dira».

«Nola bideratu jakingo bagenu ez ginateke honela egonen» baieztatu du. Hala ere, Gobernua hartzen ari den neurriei «denbora» emateko eskatu du «ideia gauzatzeko eta helburuak lortzeko». Eta modu apalean bada ere, tendentziak aldatu direla azpimarratu du. «Azkeneko hilabeteetako datuek tendentzia aldatu dute, 500 edo 600 pertsonetan itxaron zerrendak murriztu ziren».

Baikor agertu da, bestalde, gai honen inguruan Legebiltzarrean «adostasun nahiko» ikusten duelako, oposizioa barne. Hala ere, gogora ekarri du «osasun lege berri baterako borradorea utzi zuela Dominguez kontseilariak aldaketaren Gobernuan eta sei urte daramatzala geldirik». Hor «nahikoa materiala badagoela» iritzi du. «Berandu baino lehen behar da. Lehen Arreta da lehentasuna». Horri osasun mentala gehitu dio. «Ez gaude horri behar bezala aurre egiteko prest, agerikoa da».

Traktoreak eta protestak

Nekazarien protesten inguruan galdetuta, Solanak «osotasunean» begiratu beharreko gai bat dela adierazi du. «Konpromisoa dago gaia aintzat hartzeko. Haien lehentasunak dira, baina osotasunean begiratu behar dira, beste sektore batzuei eta gizarteari eragiten diote eta».

Parlamentariak «sindikatuetatik aldenduta osatzen ari den plataforman» jarri du ikusmira. «Sektoreko eragileak dira, nekazari eta abeltzainak, lehen pertsonan ezagutzen dute eta sufritzen dute, nik baino hobe ezagutzen dute, baina soluzioa ezin da izan gure sistemari kalte egingo dioten neurriak hartzea». Horrela ekarpenak «jasotzen denaren arabera» egitea defendatu du.

Aldiz, burokrazia «arindu» eta «neurri prozedimentalak» hartzearen alde agertu da Geroa Baiko kidea. «Eztabaidatzen ari gara eta Parlamentuan ekingo diogu ere eztabaida horri, neurri fiskaletan ere zer egin daitekeen aztertuz». Besteak beste, «banatzaileekiko distantzia murriztea» proposatu du Solanak.

Protesta horien baitan Chivitek jasotako irainak edo lehendakariaren etxe atarian egindako protestak ere aztertu ditu parlamentariak. «Traktoreetan atera ziren horiek ez dakit hain argi duten. Beste batzuk Mercadonan biltzen ziren, hemen Chiviteren etxean. Aldea handia da. Ez dakit argi ikusten duten non dagoen gakoa. Uste dut interesak gurutzatu egiten direla», hausnartu du.