«Ekonomia egin nahi dugu geure herrian ongi lan egin eta bizitzeko»
Hamar «zoro» Donostian elkartu zirenetik hamar urte pasa dira. Euskal kooperatibismoari eta ekonomia sozial eta erandaltzaileari bultzada berria eman asmoz sortu zen Olatukoop. Bidea erraza izan ez den arren, oinarriak sendo dituen sare emankorra da. Ospatzeko asko dute sarekide eta laguntzaileek.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Dagoeneko 10 urte bete ditu OlatuKoop sareak. Ez da erronka makala. Nolako balorazioa egingo zenuke sareak izan duen garapenaz?
Balorazioa oso ona da. Ez erronkarik gabea, baina oso ona. Duela 10 urte Donostian hamar zoro batu ginen, kooperatibismoari eta ekonomia sozialari beste hats bat emateko asmoz. Eta inongo espektatibarik gabe ekin genion, eta bidea oso oparoa izan da. Nahiz eta zailtasunez betea izan den, gaur egungo ekonomia kapitalistaren erdigunean ez baita erraza. Baina pozik gaude eta bihar 10 urte beteta, ospatzeko garaia da.
Nola sortu zen Olatukoop ekimena? Nolakoa izan zen Donostiako topaketa hori?
Testuingurua garrantzitsua da. Krisi finantzieroaren osteko urteak ziren, eta nahiz eta krisi horrek gure ustez gaurdaino iraun duen, datu sozioekonomikoak oso txarrak ziren. Baina bazegoen kooperatiba eta enpresa berriak sortzeko olatutxo bat. Eta guk bertan egin genuen planteamendua izan zen elkargune bat sortzearena, elkar ezagutu, elkarrekin beharrak eta asmoak partekatzeko.
Garaia horretan Koop57 finantza kooperatiboen entitateak saretxoa sortu nahi zuen Euskal Herrian. Hainbat kooperatiba berri baginen eta orduan modan zegoen kedada bat egin genuen, eta emaitza eman zuen. Honaino iritsi gara.
OlatuKoop Ekonomia Sozial Eraldatzailearen sarea da. Zer da kontzeptu hau eta zertan ezberdintzen da?
Azkenean guk dioguna da guk ere ekonomia egiten dugula. Askotan hitza aipatzean, ekonomia kapitalista datorkigu burura, hegemonikoa dena baita. Eta guk ekonomia horri abizenak jarri behar izan dizkiogu ekonomia kapitalista horretatik ezberdindu eta nola egin nahi dugun ere adierazteko.
Labur esanda, dioguna da ekonomiak izan behar duela gure bizitzak berdintasunean eta ondo antolatu ahal izateko baliabideen multzoa; eta ez batzuk gutxi batzuk edo kapitala bera metatzeko tresnen multzoa. Hor desberdintasuna dago, kapitalaren alde egiten den ekonomia jarduera edo bizitzaren alde egiten dena. Aldagaiak sartuz gero, jabetza komunitarioa, antolaketa kooperatiboa, bizitzarako beharrezkoak ditugun elementuen diagnostikoa kontuan hartzea, planetaren mugak kontuan hartzea, bizitzarako beharrezkoak diren lan guztiak aitortzea, soldatapekoak edo ez direnak... Badira elementu mordoa desberdintasuna markatzen dutenak. Hasierara itzuliz, guk ekonomia egin nahi dugu, baina gure herri lan eta bizitzeko.
Olatukoopekin lotura handia dute Bartzelonak eta batez ere Sants auzoko mugimenduek. Nolako inspirazioa edo ekarpenak jaso dituzue bertatik?
Garrantzitsua da saretuta lan egitea. Guk ekonomia beste modu batera egin nahi dugula esaten ez dugu irla bat planteatzen. Munduan antzeko mugimendu asko daude antzeko helburuekin, agian formetan desberdinak; baina guk oso gertu sentitu ditugu hasiera hasieratik orain Katalunia zabalean hedatua dagoen baina Santsen hasi zen mugimendu kooperatiboa.
Gerra Zibilaren aurretik zegoen kooperatibismoa berreskuratu eta Bartzelona bezalako hiri bateko auzo batean bizitzeko kooperatibak eta tresna ekonomikoak sortzen ari den mugimendua guretzako oso klabea izan da. Ikusteko gauza bertsuak daudela beste lurraldeetan eta ikusteko ere testuinguru desberdinetan tresnak sortu ditzakegula, gure bizitzan antolatzeko eta hobeak izateko tresnak, alegia.
Zortez, haiek ziklo bat izan dute, agian igande honetan amaitu den ziklo positiboa bat, zeinetan instituzioetatik ere bultzada jaso duten ekosistema kooperatiboa sortzeko. Zortez, haiek ere autonomiatik eta autogestiotik garatutako ikuspegia dute eta beraz aurrera egingo dute instituzioak alde izan edo ez. Baina egia da 8-10 urteko ziklo positiboa izan dutela instituzioek ulertu dute autogestioaren bitartez tresna ekonomikoak garatzen eta antolatzen ari diren erakundeak positiboak direla ekonomiarentzat, gizartearentzat eta lurraldearentzat. Eta ondorioz, babes handia jaso dute.
Guk zer ikasi dugu jaien partetik? Alde batetik autogestioaren ikuspegia. Gauzak modu sistematikoan egitearena ere bai. Horrez gain, kooperazioaren garrantzia. Bion arteko interkooperazioaren garrantzia, alegia. Erreferenteak dira guretzat eta gu haientzat ere. Gurutzatua da.
Prozesu honetan ere eragina izan duen proiektua KoopFabrika izan da. Zer egiten da bertan?
KoopFabrika gure ekosistemaren erreprodukzio tresnetako bat da. Guk duela hamr urte OlatuKoop sortu genuenean bagentozen gure kooperatiba sortzetik, eta prozesu horretan ez genuen ez formazio ez laguntza handirik gure proiektua estrategia eta kokapen batekin sortu ahal izateko. Beraz hasiera hasieratik eta Hernani aldetik edo Bergara aldetik bazegoelako tokiko garapenarekin lotuta beste modu batera gauzak egiteko asmoa, eta guk ere hori behar genuelako, KoopFabrika tresna sortzea erabaki genuen.
Eta zer da funtsean? Proiektu kolektibo bati ekin nahi dion talde bat badago, horri aurre egiteko formazioa eta laguntza jasotzeko tresna bat da. Kolektiboan antolatutako tresna da eta ekosistemaren parte garen pertsonek egindakoa eta garatutakoa. Formazioak ematen dituztenek edo bidelaguntza eskaintzen dutenek ere haien proiektu propioak dituzte. Horrek birprodukzio zirkulu horri indar handia ematen dio. 8 urte daramagu hori egiten eta guretzako emaitzak oso onak dira; badugulako gainera ezagutza metatua, librean jarrita dagoena eta halako proiektu bat martxan jarri nahi duen edonork eskuragarri duena.
Argi dagoena da ere kooperatiba dela lehenesten den enpresa eredua. Zergatik kooperatiba?
Kooperatiba hasteko ekonomia egiterako orduan eta tresna ekonomiko bezala eskura dauzkagun tresna juridikoen artean juridikoena iruditzen zaigu. Hiru elementu azpimarratuko nituzke. Jabetza bera lehena. Bazkide diren pertsona eta entitateena da jabetza, Euskal Herrian kooperatiben gehiengo handienean langileak dira jabe. Bigarrena lanaren zentralitatea, guk lanaren burujabetza deitzen duguna. Lana bera eta langileak izatea erabakiguneetan zilegitasuna dutenak erabakiak hartu eta horiekin kooperatiba aurrera eramateko. Azkenean, lanaren izaera burujabe bat garatzeko aukera ematen da. Eta hirugarrena aberastasunaren banaketaren eredua da. Kooperatiban modu orekatuan emateko mekanismoak asko dira, soldatatik abiatuta, urte amaierako emaitzekin inguruko erabakiak ere modu burujabean hartzen direlako. Frogatua dago modu orekatuagoan eta berdinzaleagoan banatzen direla kooperatiba baten etekinak. Eredu asko ditugu eta kooperatibismoa bada langileon tresna eta mugimendua Euskal Herrian ekonomia beste modu batera egiteko.
OlatuKoopen ekimenetatik enpresa eta lanpostu berriak eratzen joan izan dira. Ekonomia Sozial Eraldatzailearen ikuspuntutik nolakoa izan behar da lanpostu bat?
Duina izan beharko luke. Eta duintasuna lortzearen ardura ere propioa bihurtzen da nolabait, autogestioan oinarritzen delako. Guk harremana dugu Euskal Herriko Eskubideen Kartarekin edo euskal sindikalismoarekin eta hortik egiten diren duintasunaren inguruko neurri, muga eta hausnarketekin bat egiten dugu. Euskal Herrian bizitzeko gaur egun soldata minimo bat izan behar da eta guk hori neurri bezala hartzen dugu.
Noski, gure sarean diren enpresaren baitan, sektoreen arabera ere desberdintasunak izaki. Kooperatibaren baitan, langileen soldaten arteko diferentziak ahalik eta txikienak eta orekatuenak izan beharko luketela uste dugu. Denentzat duintasuna izan behar da baina sektorearen arabera asko hobetu daiteke eta aberastasunaren banaketa modu orekatuan eman behar da barruan. Ez beti soldata moduan, hori sistema kapitalistaren beste ezaugarri bat baita: aberastasun guztia lana salduz lortzen dela eta soldata moduan jasotzen dela. Baina guk uste dugu aberastasuna eta bizitzarako elementu asko sortu daitezkeela ere soldatari lotu gabe.
Hori bada epe luzerako eztabaida bat. Aberastasunaren banaketa hori konplexuago egin eta soldataz gain beste elementu batzuekin osatu: etxebizitza elikadura, zaintza... Baina horrek lanketa dakar eta egun hegemonikoa den eredutik at pentsatzea. Adibidez, euskal kooperatibismoan oso zabaldua egon da hiperproduktibitatea, lan asko egotea ondo ikusia egon da. Guk uste dugu bizitza bizigarriagoa izateko lana banatu behar dela. Eta ongi bizitzeko geroz eta gutxiago lan egitea ere helburu gisa finkatu behar dela.
Bihar bertan ekitaldi politikoa egingo duzue. Nolako ekimena izango da hau?
Ospakizuna bitan banatu dugu. Asteartean ekitaldi politikoa egingo dugu. Zehazki 10 urte betetzen diren egun eta ordu berean. Iruñean egingo dugu kasu honetan eta ez Donostian. Baina helburua da OlatuKoopeko sarekideak eta gurekin harremana duen Euskal Herriko bestelako enpresa, mugimendu, sindikatu eta erakundeetako jendea bertan egotea eta denek batera 10 urteko errepasoa egin eta etorkizuneko erronkak identifikatzea. Eta amaitzean, noski, ospatu.
Ospakizun ludikoagoa izango dena datorren larunbaterako utzi dugu. Bazkaria antolatu dugu Donostian, baina goizetik hasiko da ospakizuna eta ostean ere luzatuko da. Kasu honetan sarekideentzat da eskaintza. Gure artean lasai eta elkarrekin egonez, ospatzea da asmoa.