«Eredu berri bat eraiki nahi dugu denontzat bizitza duinak bermatuko dituena»
Maiatzaren 11n Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, manifestaldia deitu du Bilbon eta Iruñean. 60 eragile baino gehiagok egin dute bat ekimenarekin.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak elkartuta deitu dute manifestaldia larunbat honetan. Iratxe Delgado Eskubide Sozialen Kartako kidea NAIZ Irratian izan da, eta beraien ideia nagusiak azaleratzeko aukera izan du.
Mobilizazio hau sortzeko lehen ideia, Irailean Ozaetan egin zituzten jardunaldietan proposatu zen. Bertan «su txiki» asko, hots, eragile asko aurkeztu ziren bizitza justuagoen alde eta eredu sozial eta ekonomikoaren eraldaketaren alde borrokatzeko prest, bakoitza bere txokotik baina denak eredu aldaketa baten bila. Gaur egun bizi eredu kapitalista, heteropatriarkal, ekozida, arrazista, kolonial eta gerrara eramaten duenak bizitzak erasotzen dituela salatzeaz gain, eredua aldatzeko alternatibak aurkezten dituzte, bizitza erdigunean jarriz.
Beste hainbat alor ere ez ditu ahanzturan utzi, esate baterako klaseen arteko arrakal nabarmena izan du hizpide. Gero eta haustura handiagoa dela gaitzetsi dute eta ez bakarrik enpresa handien eta langileen artean, baita langileen edo herritargoen artean ere. Bestalde, Administrazio Publikoak duen rola eta eskaintzen duen laguntza urria ere gaineratu ditu Eskubide Sozialen Kartako kideak.
Llarunbat honetan izango dira manifestaldiak, eguerdiko 12etan hasiko da Iruñean Gaztelu Plazatik eta arratsaldeko 17etan Bilbon, Jesusen Bihotza plazatik. Bilboko mobilizazioaren aurretik, borrokak partekatzeko topagunea antolatu dute, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaio batekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin, 12etatik aurrera Areatzan hasiko da.