IRRATIA

«Ama izatea eta lan hau ondo egitea, oraindik herri honetan oso zaila da»

Bizitzan momentu gogor asko bizi izan ditu Maider Alustizak, baina emakume indartsua da, eta zailtasun horietatik ere indartsuago atera da. Sormena izan du bizitzan ardatz, eta sormen horrekin ereindako proiektuak aurkeztu dizkigu Bigarren Kafean. 

Gure Zirkua proiektuko lantaldea (GURE ZIRKUA)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Maider Alustizak txikitatik hainbat pasio izan ditu, tenisa, solfeoa, euskal dantza, eta nagusiena agian, jantzien sorkuntza. Bizitzako hainbat momentutan amets hori alde batera utzi behar izan duen arren, gaur egun berriz ere ekin dio, eta horretan dihardu bihotz eta arima berari eskainiz.

«Borroka batean bizi izan nuen nire gaztaroa; sormena hezkuntza sistema honetan ez dago ondo ikusia» aitortu digu, baina orain bai. Orain topatu du bere betiko pasio eta batez ere bere sormena garatzeko momentu eta aukera. Ikuskizunetako jantziak egiteko goi-mailako formakuntza egiten hasi zen, baina ordura arte Maiderrek jasotako ikasketak nahikoa zirela ikusita utzi, eta Iker Galartzarekin jarri zen harremanetan. Une egokia topatu zuten, Iker jantzitegian sakontzea pentsatzen ari baitzen, eta horrelaxe hasi zuten 2023ko urtarrilean elkarlan zoragarri bat. Maider arduratu da Gure zirkuko jantzi bereziak egiteaz, oso modu artisau eta ederrean, gainera. «Oso polita izan da, izugarri gozatzen ari naiz; Iker eta Abenek bere ametsa aurrera eraman dute, eta hori zoragarria izan da» kontatu digu. «Polita da gauzak argi dituen norbaitekin topo egitea; gainera, izugarrizko errespetua dio ondoan duenari».

Elkarlan horren adibide dira, zakuekin egindako jantziak. «Kafe zaku ugari eman zizkidan Xabi Iriondok, eta horiek tintatu eta zirkuko karpa irudikatu dut» kontatu digu. 

 

Easo abesbatzak laster estreinatuko duen haur opera baten jantzitegia ere egiten ari da, eta beste hainbat proiektu ere baditu esku artean. «Ez dakit zenbat ordu eskaintzen diodan proiektu bakoitzari» aitortu digu, beste mila gauza egiten dituen bitartean tarte txikiak baliatzen baititu. 

 

Bost seme-alabak sormenaren munduan hezi eta hazi ditu Alustizak, eta bere alabetako batek esaten duen bezala; «ama deskribatu beharko banu, sormena hitza erabiliko nuke».  Gaurkoan sormen honek ereindakoa ezagutzeko aukera izan dugu Bigarren Kafean.