«Paisaiek sentiarazten didaten hori guztia itzuli nahi diot ikusleari»
Iruñeko Ziudadelako Bolborategiko orma sendo eta zurrunek bestelako proposamen bat jasotzen dute egun hotan. Hasier Morenoren (Iruñea, 1989) akuarelak ikus ditzakegu bertan. Proposatzen dituen hamaika paisaietatik bidaiatu dugu, margolaria gidari.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Sarrerako horma zurian letra urdinez irakur dezakegu: “Hasier Moreno: Pausa bat, 11 paisaia”. Bertatik hasten da margolari nafarrak proposatutako erakusketaren bidaia.
Bere emozioak pigmentu eta uraren arteko jolasean islatzeak erabat harrapatuta dauka margolari nafarra. Eta hori da neurri handi batean Iruñeko Ziudadelako Bolborategian 25 obretan jasota ikusleak jasoko duena: emozio eta sentimendu zaparrada bat. Erakusketa 3 zutabe ditu: lehenengoa natura da. Natura baliabide bezala ulertzen du margolariak. Iruñean, Nafarroan eta Euskal herrian orobat ditugun paisaien defendatzaile sutsua da Hasier Moreno. Bigarren zutabea kontenplazioa litzateke. Kontenplazioa jarduera aktibo bezala ulertuta. Ez da nahikoa paisaiak aurrean izatea, ikusteko gogoa izan behar da. Hirugarren zutabea pausa da. Benetan paisaia hauek sentitu eta gozatzeko ezinbesteko aldagaia.
25 akuarela lanak Bolborategiaren testuingurura egokitu ditu: laukizuzen bat da aretoa, ezker eskuinetako bi horma luzeenetan dimentsio ertain eta txikiko lanak kokatu ditu, ez nolanahi, elkarrizketa batean baizik. Hondoko horman berriz dimentsio handiena duten 3 piezak. Erakusketa ikusteko ez dago ibilbide finko bat, ibilbide librea proposatzen du egileak.
Lau urtaroak nafar paisaien kolore eta soslaietan jasota, basamortu idorren lur koloreak, mendi elurtuen itzal ilunek marrazten dituzten margo gabeko zuriak (bertaratzean ohartzen da ikuslea elurraren zuria papera berarena dela, itzalen trazuak marrazten dutela paisaia elurtua). Izena duten paisaiak, anonimoak, ikuslea jasotzen duten paisaiak, ikuslea bere handitasunean irensten duten paisaiak, amaiera finiturik gabekoak...25 markotan jasotako 11 paisaia. 11 paisaia eta pausa bat. Edo pausa bat, hamaika paisaia. Nahi bezala. Maiatzaren 19 bitarte izango da erakusketa ikusgai Iruñeko Ziudadelako Bolborategian. Maiatzaren 12 eta 19an bisita gidatuak egingo dira egilea gidari.