IRRATIA

Arroz-soro artean bere bidea egiten ari da Casamance

Casamancen bada euskara entzun daitekeen txoko bat; bertan bizi da Maider Azkarate bergararra, Ousmane eta Ediandiang alabarekin. Afrikako mendebaldeko kostaldeak ematen duen lasaitasunetik bere bizitzaz, eta Casamanceko herritarrez hitz egin du Mundu Bat Herrirekin.

Gambia eta Ginea-Bissau artean kokatuta, kostalde handi eta ederra du Casamancek. (Cheikh Koki-Wikimedia Commons)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Mapa bat hartu eta Senegalera begira jarrita, estatua ia bitan zatitzen duen beste bat dagoela ikus daiteke, Gambia hain zuzen ere. Bada, Gambia eta Guinea-Bissau artean luzatzen den zerrendan kokatzen da Casamance. Senegalen parte da bai, baina nortasun propio eta aniztasun nabarmenarekin; bertan bizi da Maider Azkaratek, «Diemberingen ia denak dira Diolak», dio. Baina nortzuk dira diolak? «diolak eta mandinkak dira Casamanceko jatorrizko biztanleak», nahiz eta gaur egun iparraldetik heldutako wolofak, serer edota fulak ere antzeman daitezkeen, barne migrazioen ondorio.

Senegalen hainbat aldiz izan ostean, hegoaldera jo eta Casamancen antzeman zuen nahi zuena bergarar honek. Kostalde betean, Ginea-Bissaurekiko mugatik nahiko gertu dago Diembering, eta bertan hain ohikoak diren arroz-soroen artean du etxea Azkaratek, Ousmane senarra eta Ediangdiang bien alabarekin batera. Ousmane bera diola etniaren parte da, «asko maitatzen duena bere herrialdea» eta «oso langilea ere», hori baita diolen ospea, jende «zintzo eta gogorra» dela. Ama euskal herritarra ere duela aintzat hartuz, «bien nahasketa» izanda, argi du alabak ere bien bide beretik jarraituko duela.

Arrozaren indarra

Proiektu batekin eskuartean heldu zen Casamancera Maider Azkarate, ohiko eredu turistikotik aldentzen den kanpaleku moduko bat, diolekin elkarlanean eta bertako komunitateei mesede egingo diena. Dionez, «arroza da euren bizitza, dena da arrozaren inguruan». Kanpaleku horren helburua litzateke, bizimodu horretan integratzea ateak zabalik edukiko dituen aterpea; «hori da garrantzitsuena, barrutik ikusi zerk maitemindu dostan niri».

Bertara jotzen dutenek, Ousmane euskara ikasten dabilela egiaztatu ahalko dute. Maiderrek diola aldaeraren kwatay hizkuntza ikasten ari den bezala, wolof eta frantsesarekin batera.

«Esperantza» Casamancen

Tokiko errealitate eta aginte tradizioak aintzat hartu gabe marraztu zituen kolonialismoak Afrikako estatuen mugak, eta Senegal horren beste eredu argi bat da. Banaketa artifizial horren ondorio da nolabait, Afrikan bizirik mantentzen den gatazka politiko zaharrenetakoa. 1985etik aurrez aurre izan dira independentzia edo autonomia gehiago aldarrikatzen duen Casamanceko Indar Demokratikoen Mugimendua eta Senegalgo armada, gaur gaurkoz intentsitate txikiko gatazkatzat jotzen dena, hainbat bake hitzarmenen ostean.

Independentziaren aldeko borroka horren berri izan duen arren, egoera «lasaiago» dagoela uste du bergararrak, akaso, Dakarretik datozen albisteen zain daudelako casamanztarrak. Eskualdera hedatu den protestaldi luze baten ostean, Macky Sallen agintaldiaren ostean, Bassirou Diomaye Faye da Senegalgo presidente berria, eta bera bezala espetxeratu zuten Ousmane Sonko lehen ministro, azken hau erdi casamanztarra. Diskurtso panafrikanista batekin eta Casamanzekiko konpromisoa agertuz, botere aldaketak, «esperantza berri bat» ekarri du Azkarateren esanetan. Faye eta Sonkorena izango da orain emandako hitza betetzeko ardura.