«Bada garaia PPrekin adostutako eredu fiskalarekin amaitzeko»
Beldur eta nahasmen diskurtsoen aurrean, EH Bildu herritarrei begira dagoela nabarmendu du Kortajarenak. Aldaketa nahia agerikoa dela deritzo eta igandean gehiengo aurrerakoi eta subiranista bat nabarmenduko dela. Herri mandatu horri erantzuteko herri agenda bat osatzea izango da haien lehenetasuna.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Azken txanpara iritsita, bestelako tenperatura hartu du hauteskunde kanpainak. «Eztabaidaren maila politikoa igotzeko» deia egin zuen EH Bilduk aurrekanpainian; inkestek sor ditzaketen beldurrek, kezkek edota Euskal Herritik kanpo diren interesek, ordea, lokatza ekarri dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara. «Lasai» direla dio EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburu Nerea Kortajarenak, haientzat igandean «herritarrek emandako mandatua entzutea eta ondo ulertzea» baita garrantzitsuena.
Aldaketa nahia, ordea, agerikoa dela uste du Kortajarenak. Eta ziur da gogo horren lidergoa EH Bidurena dela. Igandeko emaitzak eskuartean, gailenduko diren aspirazio aurrerakoi eta subiranistei herri agenda partekatu batekin erantzuteko beharra azpimarratu du eta, horretarako, epe-motzeko begirada eta interes alderdikoiak albo batera uztea: «Kosta egiten da, berrikuntza politikoa da, baina igandea pasata arazoek eta parez pare ditugun erronkek hor jarraituko dute. Eta ados jarri beharko gara». Gobernagarritasun aukerei eta aritmetika ariketei erreparatu baino, edukietan eta helburuetan egin du azpimarra Kortajarenak. Gobernuak zein forma izango duen eztabaidatu eta imajinatu ordez, zerrendaburuaren ustez garratzitsuagoa da «zertarako?» galderari erantzutea. «Umiltasun politikoz onartu beharko dugu herritarrek non kokatzen gaituzten eta mandatu hori ongi betetzen saiatuko gara».
Aukerarik ez galtzeko unea
Apirilaren 21aren ostean, 22a etorriko dela dio Kortajarenak. Eta hauteskundeak pasata, parez pare ditugun erronka eta arazoek hortxe jarraituko dutela. Beharrezkoak izango den gobernantza eredu partekatu horren adibide gisa jarri ditu Iruñea eta Nafarroa. Eskuin erreakzionarioa alde batera utzita, agenda eraldatzaileak erdigunean jartzen ari direla nabarmendu du. Zentzu horretan, gobernu-forma zaharrak errepikatzearen arriskuez ohartarazi du: politika ezin da egin herritarren desio eta nahiei bizkar emanez. Ez da baztertzaileak eta erreaktiboak diren koalizioekin aritzeko garaia».
Fiskalitatea eta euskara: kanpainako hutsune nagusiak
Zerbitzu publikoen egoera dago mahai gainean: Osakidetzari, etxebizitzari, baina baita zaintza krisiari dagokionean ere. Azken horren kasuan, mugimendu feministaren interpelazioa aintzat hartu eta zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko apustua egiten du EH Bilduk. Zerbitzu publiko horiek altxa eta mantentzeko, ordea, fiskalitateaz ere hitz egin behar dela deritzo Kortajarenak. Eztabaida publiko bat zabaltzearen beharra azpimarratu du, gogora ekarri baitu egungo eredua alderdi popularrarekin adostutakoa dela. Eredu justu eta progresibo baten alde egiten du EH Bilduk, hain zuzen ere, «garai berrietara eta ditugun erronka handietara egokitzeko».
Baztertutako beste gaietako bat, kanpainan zehar bederen, euskararena izan da. Bizi dugun oldarraldiaren aurrean, hizkuntzaz gutxi hitz egin dela uste du Kortajarenak. Datorren legegintzaldian urrats garrantzitsuak emateko unea dela deritzo. alde batetik, oldarraldiaren aurrean babesa «blindatzeko», baina baita normalizaziorako bidean «eman beharreko urratsak benetan emateko». Lege berrien inguruko hausnarketak zabaltzearen premia mahaigaineratu du.