IRRATIA
Entrevista
Denis Itxaso
PSEko Gipuzkoako zerrendaburua

«Pradalesek independentista dela esatea ez da oztopo; estrategia konkreturik ez du EAJk»

Erakunde ugaritik pasa ostean, eta espainiar Gobernuko Ordezkaritza utzita, Gasteizko Legebiltzarrera salto egingo du Denis Itxasok (Donostia, 1975), eta batek daki Lakuako Gobernuko kide ere bilakatu ote litekeen. Boturako lehia honela kokatu du NAIZ Irratian astearte honetan.

Denis Itxaso, kanpaina honetako ekitaldi batean. (Aritz Loiola | Foku)

Este navegador no soporta el elemento audio.


«Vota al que decide, erakakia zurea da» leloa aukeratu du PSEk. Zer nolako eskakizun eta behar jarriko dituzue mahai gainean horretarako?

Historikoki, eta azken lau urteetan oso modu berezian, bi gauza lehenetsi ditugu PSEren aldetik. Batetik, egonkortasuna. Eta bestetik, ezkerreko influentzia. Une honetan EAEn ezkerreko espazio hau nahiko pilatuta dago, Alderdi Popularra ez ezik, ez dut uste inork bere burua eskuineko ikusten duenik, baina egia da gero ezkerreko politikak egiteko orduan PSE izan dela akordioak lortzeko ahalegina egin duena: etxebizitza arloan, mugikortasunean, garraiobideetan, lan politikan...

Inkesten arabera, lehia EAJ eta EH Bilduren artean egon daiteke. Hainbat ordezkari sozialistak argiki esan dute ez dela EH Bildurekin akordiorik izango... Ezinbesteko akordioa, EAJrekin izan beharko luke orduan?

Gure ibilbidea ezaguna da eta ez dut uste inoiz PSEk honelako ustekabeko erabakirik hartu izan duenik. Une honetan guztiok gure programa eta eskaintza politikoa aurkezteko eskubide osoa dugu. Badirudi kanpaina inkesten bitartez egiten dela orain, baina gero ikusten dugu inkestek diotena ez dela betetzen. Hauteskunde orokorretan gertatu zen, EAEn PSE gailendu zenean. Egia da hauteskunde hauek ezberdinak direla, baina PSE irabaztera ateratzen da.

Ardanza lehendakaria zendu dela eta, gogora ekarri dugu denok desberdinen arteko akordioek bidea errazten dutela. Lan hau oraindik egiteko dago, honelako jarrerak behar dira, muturreko joerak eta erradikalismoak alde batera utzita eta egonkortasuna bultzatuz.

Imanol Pradalesek argiki esan du bera independentista dela. Zuentzat oztopoa al da hori?

Beno, gu ere errepublikanoak gara. Ez. Alderdi politiko bakoitzak bere izaera du baina normalean, eta gero eta gehiago, denori etortzen zaigu esparru pragmatikoetara jotzeko beharra, EH Bilduri ere gertatzen zaio. Zergatik? Gure jarraitzaileekin bakarrik ezin dugulako aurrera egin. Eta horretarako alderdi bakoitzak bere planteamendu erradikalenak alde batera uzten ditu. Azken bolada honetan EAJk ez du independentziari begirako inolako estrategia konkreturik planteatu...

Izen propio anitz bildu dituzue aste honetan Hendaia eta Irun arteko zubian: Maria Chivite, Alain Rousset... Mugaz gaindiko izaera izan duzue hizpide. Inplizituki identitate bat utzi duzue agerian?

Noski badela, guk ez dugu inoiz identitate hori ukatuko, are gutxiago Eneko [Anduezak] edo nik neuk. Baina identitateaz haratago, mugaz gaindiko estrategiak aukera bezala hartzen ditugu. Zerbitzu publikoak eskaintzeko, adibidez. Donostia eta Baiona arteko trenbide azkar bat egiteke dago, esaterako. Orain arte ez da posible izan baina Astigarraga eta Irun artean egiten ari den hirugarren erreiaren bitartez ahalbidetuko da. Honek guztiak batzen gaitu. Nafarroan presidente sozialista dugu, Akitanian ere bai, eta EAEn ere lehendakari sozialista bat izanez gero ezkerreko lotura horiek errazagoak eta naturalagoak izango direla irudikatu nahi izan genuen Irungo zubian.

«Gora Guardia Zibila!» aldarrikatu zenuen ekitaldi batean, Gobernu ordezkari gisa. Euskara erabili duzu horrelakoetan. Erreakziorik jaso al duzu, kritikarik edo?

Alderantziz. Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren egun berezi horietan beti euskaraz eta gazteleraz hitz egin izan dut. Badakit agente gehienek ez dutela euskara menderatzen, baina batzuek bai. Edozein kasutan, bi hizkuntz ofizialak erabili nahi izan ditut beti ekitaldietan. Kritikak gehiago mundu abertzaletik etorri zaizkit, batzuetan erdi broman eta batzuetan serioago. Burura etortzen zaidan gogoeta da, nonbait idatzia dago zeri buruz hitz egin daitekeen euskaraz eta zeri buruz ez? Euskara bultzatzeko eta defendatzeko, euskara baliatu behar dugu.

Diskurtso horren azken partean bada holako konbentzio bat, non ‘Viva la Guardia Civil, viva España y viva el Rey’ esaten den, eta hori ere euskaraz egin nahi izan nuen. Aitortuko dizut bi gauza gertatu zitzaizkidala. Delegaziora iritsi nintzenean, bertan prentsa arduradun bat zegoen aspaldi, eta berak esan zidan: ‘«Da igual lo que digas, en ETB solo van a sacar ‘Viva la Guardia Civil’», eta orduan pentsatu nuen: «Bale, ba euskaraz esango dut behintzat». Bestea nahiko gauza komikoa da: argiarekin iluntzen ziren betaurrekoak erosiak nituen orduan eta konturatu gabe ilundu egin zitzaizidan eta horregatik itxura ez zen onena izan... Gako nagusira itzulita, honelako diskurtsoetan euskaraz eta erdaraz egitea normala izan beharko litzateke.

Ez al zaizue arriskutsua iruditzen, non eta Gipuzkoan, gobernadore zibila izan den pertsona bat hautagai jartzea? Intxaurrondoko koartela min iturria dela kontziente zarete? Arazoa ez baita horrenbeste euskaraz esatea, ‘Gora Guardia Zibila’ izatea baizik...

Gobernadore zibilaren aipamena intentzionalitate osoarekin egiten baduzu, irudi hori 1996. urtean bukatu zen. Edozein kasutan, zorionez 2024. urtean Euskadi oso egoera ezberdin batean dago, eta hautagaia izateko Gobernu espainolaren ordezkaria izan izanak ez duela inolako kalterik egingo pentsatzen dut. Nik uste dudana da. Gobernu espainolak euskal alderdi guztien babesa du gaur egun, PPrena ezik, eta nik hori nabaritu izan dut nire lanean, aurrekoek baino errazagoa izan dut.

Bigarrenik, indarkeria duela 12-13 urte bukatu zenetik Gobernu ordezkariaren lana asko aldatu da. Lehen bestelakoa zen: indar polizialak, borroka antiterrorista, manifestazioak... eta hiletak. Ez zuen gehiagorako ematen. Orain, zorionez, Gobernu espainolak bultzatzen dituen zenbait neurri, arlo ekonomikoan edo autogobernuaren garapenean, dira ordezkariaren lana. Hau da nik egin nahi izan dudan lana.

Indarkeriaren aurkako sentsibilitatea erakutsi izan dut beti. Eta indarkeriaren aurka esaten dudanean, ez naiz bakarrik ETAri buruz ari, GAL fenomenoari buruz ere ari naiz. Gobernuko ordezkaria izateko ez dut jarrera hori aldatu behar izan, ez dut aldatu. Terrorismoaren Biktimen Egunean antolatu ditugu ekitaldietan GALen biktimak ere kontuan hartu izan ditugu, biktima hauek hitz egin dute, aurrerapausoak eman ditugu. Esango nuke momentu honetan Espainiar Gobernuko ordezkari izan izanak ez diola pertsona bati zilegitasuna kentzen hautagaia izateko.

Osakidetza da kanpaina honetako gai nagusienetakoa. Itxaron zerrenda luzeak, langileen behin-behinekotasun tasa altua... Nola konpontzen da hau? Eta nola eragin duzue honetan Gobernu Kontseiluan?

Osakidetzaren arazo batzuk estrukturalak dira, ez gaurkoak, ez eta atzokoak ere. Pandemiaren aurretik ere bazetozen. Gizartea aldatu da. Egia da pandemiak zerbitzuak tensionatu egin dituela, baina azterketa sakonagoa merezi dugu.

Langileei dagokienez, Rajoyren Gobernuaren garaian hartutako zenbait erabakiri buelta eman diogu, autonomia elkarteek beren plantillak egonkortu ahal izateko. Hortik haratago, Osakidetzaren plantillak handiagoa izan behar zuen, 2.000 pertsonatik gorako kontratazioa egin beharko zela jarri dugu mahai gainean. Eta badira espezialitate batzuk, Osasun Mentala adibidez, arreta handiagoa beharko luketenak.

Beharrak behar, euskal gizartea gizarte aberatsa da. Osasun mentala, bakardadea, suizidioak... gai horiei buruz gehiago hitz egin beharko genuke kanpainan. Eta hauek Osakidetzaren estrategian gehiago barneratu ere bai.

Molde ezberdinetan 5.000 etxebizitza gehiago proposatu duzue, parke publikorako. Prezioak jaisteko eragina izango luke?

Nahiko genuke. Merkatuaren inertzia oso gogorra da. Azpimarratu nahi dut azken urteotan Espainia mailan egin diren etxebizitza publiko guztien herena EAEn eraiki dela. Nahikoa da? Begi-bistan dago ezetz, ez dela nahikoa. Baina erritmoa ez da makala.

Beste hainbat neurri interesgarri jarri ditugu mahai gainean, 5.000 etxebizitza horietaz gain: adibidez, 200 milioi euro bideratzea 1.500 etxebizitza pribatu erosi ahal izateko, merkatu pribatutik atera eta esku publikoetan jartzeko. Estrategia berri bat izango litzateke, Europa mailan garatzen ari dena. Golden Visa ere kendu egingo da, merkatua gehiago tentsionatu ez dadin.