Hiru belaunaldi ezberdin eta etenik ez duen haria
Garai ezberdinetan jaio eta hazi ziren Maria Jesus Berrotaran, Saioa Iraola eta Juluu El Outmani militante feministak. Egoera eta garapen ezberdinak ezagutu dituzten arren, hiruek partekatzen dute berdintasunaren aldeko borroka.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Martxoaren 8arekin bat, hiru belaunaldi ezberdinetan jaiotako emakumeak batu ditu Naiz Irratiak. Hiruek dute euren burua feministatzat, saretzearen garrantzia azpimarratzen dute, baita belaunaldien arteko trannsmisioa bermatzearena ere.
1949an jaio zen Maria Jesus Berrotaran. Baserriko testuinguruan makina bat gauza egitetik, etxeko lau pareten artean egotera pasa zen ezkondu ostean. «Egun guztia gizon baten zain; zer da hau?», bere buruari galdetu ostean, ibilbide profesional independentea behar zuela ulertu zuen Berrotaranek. 1980an gizonez betetako Hondarribiko Udaltzaingora sartu zen lanera.
Saioa Iraola leitzarra, 1987koa da eta «gu ere ezinegon pertsonal horretatik antolatu ginen eta Leitzako Bilgune Feminista sortu genuen». Gogora ekarri duenez, «indar asko batu zen Sarrio paper-fabrikan emakumeak esku-lanetarako kontratatu zitezen».
Arabako Asparrena herrikoa da Juluu El Outmani 2002an jaiotako gaztea. 2018ko greba feministak eragin handia izan zuen orain arte mantentzen duen militantzian. Gazte arabarraren esanetan, «borrokarako nahia eta beharra ikusten hasi nintzen» greba horri esker.