IRRATIA

Mila Moduk aurrerapausoa eman du ‘Kenopsia’ disko berriarekin

2023a bukatzerako kaleratu zuen ‘Kenopsia’ diskoa Mila Modu talde oñatiarrak. Diskoz disko aurrerapauso nabarmenak ematen dabiltza eta disko honetan teklatuak dira berrikuntza nagusiena. Xabier Yaniz izan da MusikHaria saioan diskoa aurkezten.

Bosgarren kidea batu zaie Mila Modu taldekoei ‘Kenopsia’ diskoan. (Oier YANIZ)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Kenopsia zer den hiztegian begiratuz hasi ginen Mila Modu taldearen disko berria entzuten. Utzita dagoen toki batean bakarrik egotearen sentsazioa omen da kenopsia, baina bestelako sentsazio bat ere kontatu digu Xabier Yaniz taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak: «Tren geltokietan maiz ematen da egoera hori. Tren bat iristen da, jendez bete-beteta dago geltokia eta, minutu gutxian, zu bakar-bakarrik egon zaitezke bertan, sekulako bake sentsazioarekin». 

Hala, trenean atzera eta aurrera ibili gara diskoa entzun dugunean, trenek eta geltokiek presentzia izan baitute diskoko hainbat abestitan. Baita diseinuan ere, Oier Yanizek egindako lanean Alemania aldeko trenak eta geltokiak ikusi baititzakegu. Doinuetan berrikuntza nagusiena Miren Fernandez batu izana da, haren teklatuek beste kolore bat eman diotelako guztiari: «Aspalditik nuen buruan halako zerbait egitea, teklatuak nahi nituen eta etorri dira. Dena dela, konponketak izan dira batez ere, sortze prozesuan oraindik ere kanpoan zebilelako lanean Miren. Datozen abestietan oraindik eta pisu gehiago izango dute ziur, konposatzen ere aktiboki hartuko duelako parte». 

Hala, diskoa irekitzen duen ‘Une batez kenopsia’ abestitik pisu nabarmena hartzen dute teklatuak eta bere aldaera guztiek, soinu aniztasun aberatsa baitute Mila Moduren lan honetan. Baina talde gitarreroa izan da hasieratik eta horri eutsi diote disko honetan ere. Xehetasun asko eta marrazki politak eskaintzen ditu lanak. Soinu hori guztia Victor Sanchezen gidaritzapean eskuratu dute, beste behin ere Elkar estudioan egin baitute lan Mila Modukoek.

Hitzetan, berriz, kritikari tartea, omenaldiak, barrura begira jartzeko uneak… denetarik osatu dituzte. Eta hori guztia, MusikHaria saioan izan genuen elkarrizketan entzun dezakezue goiko audioan. Elkarrizketa eta diskoa, izan daitezela bakoitzaren kenopsia propioa.