IRRATIA

Urrezko Triangeluaren erraietan

Thailandian izan zen orain sei urte Bakarne Odriozola Amigorena, Bahan Marina zentroan, emakumeen salerosketaren auzian, erreferentziazko babesgunea.

Bakarne Odriozolak bi hilabeteko egonaldia egin zuen, ingeleseko irakasle gisa, Thailandiako Bahan Marina zentroan. Emakumeen salerosketaren auzian, erreferentziazko babesgunea da zentro hori. (Bakarne Odriozola )

Este navegador no soporta el elemento audio.


Bidaiatzeko grina aseezina du Bakarne Odriozola Amigorenak, eta, aukera duen guztietan ematen dio jaten bide berriak ezagutzeko jakin-minari. Tarteka, gainera, helmugak bisitatu ez ezik, bertan gauzatzen ari diren proiektu sozialetan ere parte hartzen du. Hala, Hernaniko kooperazio taldearen eskutik iritsi zen protagonista Thailandiara, 2017an.

Chiang Mai hiria du abiapuntu saio honetako istorioak. Herrialdearen iparraldean kokatzen da hiria. Urtetan, mitxoletaz betetako soroz inguratuta bizi izan dira bertako biztanleak. Eta horrek zerikusia du Urrezko Triangeluarekin: «Birmania, Laos eta Thailandia harrapatzen dituen lur-eremua da hori», azaldu du Odriozolak, «opioaren monokultiboa izan zen nagusi urte luzez». Haren esanetan, bertako landa-komunitatearen zati handi bat mitxoleta-landaketen menpe bizi zen, opioa diru-sarrera iturri erabakigarria baitzen eskualdeko nekazarientzat. Hala, haren esanetan, ekonomikoki ez ezik, ingurumenaren jasangarritasunean eta bizilagunen ongizate fisikoan nahiz psikologikoan ere eragin zuzena zuen landaketak: «Opioa kendu zuten, ondoren, baina bertakoei beste ezer lantzeko inolako irtenbiderik eman gabe. Galera handiak izan zituzten. Ia Belaunaldi oso bat desagertu da».

Loreak eta produktu ekologikoak jarri zituzten lehenago opioa zegoen lur-sailetan. Ustez, opioaren ekoizpenak behera egin zuen. Eta horren bueltan pizten diren tentsioek?  «Arazoek bolo-bolo jarraitu zuten, baita komunitateen artean ere», erantzun du Odriozolak, «ondorio latzak utzi ditu, eta, gaur egun, albo-kalteak ikusten dira».

Hori horrela, bi hilabeteko egonaldia egin zuen, ingeleseko irakasle gisa, Bahan Marina zentroan, emakumeen salerosketaren auzian, erreferentziazko babesgunean. «Etxeko-zerbitzuetan lan egiteko eskaintzak egiten zitzaizkien landa-eremuko familiei. Diru-truk neska gazteak ematen zituzten hiriguneetara. Trafikora bideratzen zituzten, gero», du gogoan Odriozolak. Horrela, nerabe horiekin egiten zen lan zentroan: «Eremu goxoa da Bahan Marina, asko babesten dute elkar».

Zumaiko Roxaritok, Iruñeko Lourdesek eta Galizako Aurorak kudeatzen zuten Bahan marina: «Bizitza osoa zeramaten bertan. Hori zen beraien etxea. Energia handiko emakumeak ziren, oso gertukoak eta maitatuak». Eta horiekin batera «Aita klaus» ere agertzen zen tarteka, hiru mojekin batera proiektua bertan martxan jartzen lehen kideetako bat: «Pasadizo guztiak kontatzen zizkidaten».

Lehen eskutik ikusi eta ezagutu zuen elkarrizketatuak Urrezko Triangeluak landa-eramuan utzitako albo-kalteak, eta, batzuetan, «fikzioak errealitatea gainditzen» duela ikusi zuen egonaldian. Xehetasun handiz ekarri ditu gogora bidaiari hernaniarrak Thailandian bizitakoak, bere egunerokoan gordeta baititu abentura guztiak: «Barruak mugitu zaizkit bere garaian idatzitakoak berrirakurtzean. Barrez aritu naiz, baina negar malkoren bat edo beste ere bota dut. Bertan igarotakoak berriro bizitzeko aukera ematen dit paperean idatzitakoak».