«Saltsa ugari izan da inguruan, baina taldea oso zentratua ikusten dut»
Abstrakzio ariketa bat osatuta, Bidasoa inor gutxik espero zezakeen denboraldia burutzen ari da eta lehen jardunaldian Bartzelonaren aurka berdindu ostean, kataluniarrak bi puntura baino ez dituzte. Hegaleko eibartarra ez da, ordea, horrekin konformatzen eta amets egiten jarraitu nahi du.
Asobal eta Espainiako eskubaloi Federazioa azken egunetan izaten ari diren iskanbilak azken ezustekorik ez badu behintzat, Kopako azken fasea jokatuko da Artalekun asteburu honetan. Logroñoren aurka jokatuko du etxeko taldeak lehen finalerdia arratsaldeko 17.00etatik aurrera, eta jarraian Bartzelona eta Granollers ariko dira elkarren aurka, kataluniarren arteko derbian.
2011. urtetik Bartzelona izan da, salbuespenik gabe, lehiaketa honetako txapelduna eta, aurten ere, Antonio Carlos Ortegarenak dira irabazteko faborito nagusiak. Baina Bidasoa aspaldi ez da culeengandik horren gertu egon –bi puntura– ligako lehen itzulia amaituta. Zaleen babesarekin, gauzak zail jarri nahi dizkiete; hori bai, aurretik Logroñoren aurka gauzak erraz izango ez dituzten jakitun. Aukera eder honen atarian Mikel Zabala NAIZ Irratiko mikroen aurretik pasatu zen, Koparen inguruan aritzeko. Hegaleko eibartarra taldearen lehen itzuli zoragarriaz, Jacobo Cuetaren agurraz eta beste zenbait kontuetaz ere aritu zen.
Lehen itzulia amaituta, Cuencaren aurka garaipena lortuta, ikaragarria da egin duzuen lehen itzulia. Berdinketa eta porrot bana izan dituzue, baina gainontzeko partida guztiak irabazi dituzue. Zer balantze egiten duzu, orain artekoa ikusita?
Egia esan, taldearen lehenengo itzulia aparta izan da. Inork ez zuen espero, guk ere ez. Zaila da, zeren 30 puntutatik 27 lortzea, gainera Barça edukita hor eta beraien aurka berdinketa lortuta, taldearen lehen itzulia, esaten den bezala, “kuadroan gordetzekoa” izan da. Sekulako lana egin dugu eta nik uste dut taldeak merezi izan dituela 27 puntu horiek. Gu, talde bezala, oso pozik gaude.
Asobaleko sailkapenari begiratuta, bigarren postuan sendo zaudete, Barçarekiko bi puntura besterik ez eta atzean, dagoeneko, Granollers zazpira. Bada tartetxo bat.
Honelako itzuli bat eginda, atzeko taldeei presioa sartzen diezu, bigarren itzulian hutsik ezin dutela egin esaten diezu. Guri, behintzat, lasaitasun puntu hori ematen digu. Ilusioa egiten du Barça bi puntura izateak; eta lehenengo jardunaldia beraien kontra da, eta zergatik ez? Gu ilusioarekin gaude. Egundoko lana egiten ari gara eta gauza polit bat egiteko momentua ere bada.
Emaitzak eta dinamika onak lagunduta, taldeko giroa paregabea izango dela pentsa liteke. Nola bizitzen ari zarete barrutik hau guztia?
Taldea oso lasai dago. Joan gara partidak irabazten, eta egunerokotasunean dugun jarrera eta giroa oso onak dira, ez bakarrik irabazten dugulako, baina bai laguntzen duela. Taldea ikusten dut oso zentratuta, lan oso fina egiten. Eta, bai, giroa polita da.
Zein izan daiteke momentu on honetan egotearen arrazoi nagusia?
Aurten jokalari berriak etorri dira eta beharbada ohitzeko denbora gehiago eduki dute. Iaz, adibidez, Europa jokatuta, entrenamendu gutxiago genituen; eta astean bi aldiz jokatuta, prestatzeko denbora askorik ez dago. Orduan taldean diziplinara ohitzea zaila da. Eta aurten gakoa hor egon dela uste dut, jendea oso ondo ohitu da, entrenatzeko denbora gehiago izan dugu eta astean behin jokatuta, burua freskoago dago.
Duela ez asko jakin genuen Jacobo Cuetarak ez duela taldea zuzentzen jarraituko. Guztiok ezustean harrapatu gintuen albistea, gehienbat ikusita zein denboraldi egiten ari zareten. Iruditzen zait zuentzat ere nolabaiteko ezustekoa izango dela hori, ezta?
Bai. Honelako albisteak ez daude gure esku. Horretarako badago jendea gauza hauek erabakitzen dituena, eta guk gauza hauek onartu behar ditugu, eta aurrera jarraitu. Nik uste dut albiste hori dagoeneko pasatu egin dela, eta taldea beste gauza batzuetan pentsatzen ikusten dut. Guk ezer gutxi egin dezakegu.
Honelako kontuek hautsak harrotu ditzakete askotan talde giroan, baina zuen kasuan ez dirudi, joko aldetik behintzat, eragin asko izan duenik, irabazi eta irabazi jarraitzen baituzue.
Ez, ez. Esan dizudan bezala, azkenaldian “mobida” asko egon da gure inguruan, baina nik taldea beti oso zentratuta ikusi dut. Gure artean ere honelako gauzak gutxi hitz egin dira, eta taldeak alde horretatik lan handia egin du: gure lana ondo egiten zentratzen.
Polemika egon da Espainiako Koparekin ere. Asteburu honetan zenuten jokatzekoa, gainera etxean Artalekun. Hortxe dago saltsa, jokatuko duzuen, ez den jokatuko. Nola dago kontua?
Guk ere ez dakigu. Gu 11.00etan zozketa ikusten egon gara –ostegunean–. Albiste irmo bat egon arte entrenatzen jarraituko dugula esan digute, berez jokatu behar delako, baina ez dakigu. Ordu erdiro albiste ezberdinak daude; Asobalek gauza bat esaten du, Federazioak beste bat... Egia esan, honelako egoera bat, gehienbat eskubaloiarentzat, ez da onuragarria, eta guretzat ere ez. Larunbatean partida bat jokatu behar eta ezjakintasun honek ez du inoiz laguntzen. Guri esan digutena da larunbatean jokatu egingo dela. Gu entrenatzera joan gara, prestatzera, eta erabakia hartu behar dutenek ea zer erabaki hartzen duten.
Zer da zehazki pasatu dena?
Nik ere ez dakit oso ondo. Orain arte Asobalek antolatzen zuen, eta aurten lizentzia-edo amaitu zaie eta Federazioaren eskuetan zegoen txapelketa antolatzea. Kontua da beraien artean orain talkan ari direla, babesle eta telebistako zenbait gauzen inguruan... Ez dira ados jarri zenbait erabakitan, ika-mika betean daude, eta ez dute oraindik erabakirik hartu. Kopa jokatzeko hiru egunetara horrela ibiltzea ere, ez da ona. Ikusiko dugu zer gertatzen den.
«Logroño hasiera batean ez zen ondo ibili, ze Europan ere ibili zen. Baina azkeneko zazpi partidetan denak irabazi ditu, oso dinamika onean dago eta oso indartsua den talde bat da»
Jokatuko bazenute, Logroñoren aurka finalerdia. Hasiera batean, daudenak ikusita, batek nahiko lukeen aurkaria dirudi, ezta?
Egia esan, Logroño hasiera batean ez zen ondo ibili, Europan ere ibili baitzen. Baina azkeneko zazpi partidetan denak irabazi ditu, dinamika oso onean dago eta Logroño oso indartsua den talde bat da. Ziur aski larunbatean gauzak oso zail jarriko dizkigu. Gu ere momentu benetan onean gaude, partida polita izango da, eta ea finalera pasatzea lortzen dugun.
Gainera, oker ez banago, han gol bakar batengatik irabazi zenuten aurten.
Bai, hori da. Logroñoren aurkako partidak zailak dira. Beraiek, nahiz eta momentu on batean ez egon, azkenean partidak bukaera unera arte borrokatzen dituzte. Guk hori argi dugu, eta badakigu larunbateko partida ez dela batere erraza izango.
Taldeak ba al du motibazio berezia txapelketa honetarako, jakinda etxean jokatzen dela?
Bai. Nik taldean ilusioa ikusten dut. Asobal Kopa etxean jokatzea, gainera gu zein momentutan gauden ikusita, denoi gustatzen zaigu. Denok gaude zerbait handia egiteko gogo biziarekin, eta ea larunbateko partida heltzen den eta inguruko “mobida” hau guztia amaitzen den.
Espainiako Koparen ondoren, Gabonak datoz, Europako txapelketa urtarrilean... Ikusita zein dinamika onean zaudeten, gelditzea akaso ez da onena izango, ezta?
Hori da. Gainera orain irabazten ari gara, eta, irabazten zabiltzanean, beti nahi duzu partida gehiago jokatu. Baina denoi etorriko zaigu ondo geldialdiko hilabete eta erdi hau. Eta hartara, otsailean, buruz gehienbat, pilak kargatuta bueltatuko gara.