«Ez dut erantzun bila idatzi baina gustatuko litzaidake erantzunen bat jasotzea»
Musika ardatz duen liburu bat idatzi du Lide Hernando Muñozek. 'Izotz Ura' lanean, Saioa eta Mara ezagutuko ditugu, eta bien arteko harremanaren eraldaketaren bidez, laguntasunaz, doluaz, musikaz eta minaz hitz egin digu Hernandok.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Nola jakiten da lagun bat galdu dugula? Ba al dakigu noiz eta zer ordutan uzten diogun lagun izateari? Zer bihurtzen gara lagunak ez garenean? Zer betebehar, erantzukizun eta eskakizun desberdin hartzen ditugu? Bikotezentrista den gizarte honetan, zaila da ulertzea intimitatea, zentraltasuna, egunerokotasuna eta proiektu komuna, lagunen harremanak deskribatzeko ere erabili daitezkeela.
Saioa eta Marak aspaldi utzi zioten elkar ikusteari. Bere bidea egin du bakoitzak. Batak musika alde batera utzi du, eta bestea aldiz guztiz murgilduta dabil fokupean. Baina sateliteen rotazioaren modura, bizitzak urrundu eta gerturatu egiten gaitu; eta lagun min baten heriotza bada urbiltzeko nahikoa arrazoi. Gaztetasunetik heldutasunera bidaia, gaztetxeen ekosistema, errutinak, heriotzak, doluak… Guztia, musikaren inguruan eraikia. Horixe kontatu du Lide Hernandok 'Izotz Ura' liburuan. Bere lehen liburua da, baina ez da azkena izango.
Bidean inertziaz galdutako lagunei eskeini die liburua. «Ez dut erantzun bila idatzi baina gustatuko litzaidake erantzunen bat jasotzea» aitortu digu Hernandok. Saioa eta Mararen arteko desberdintasunak, musika, politika, eta kritikak izan ditugu ardatz Liderekin. «Gaur egungo abestiek politikaz ez dutela hitz egiten esatea eredu patrikalaren beste adibidetako bat da, uste dutelako gaur egungo borrokak ez direla lehengoak bezain zilegiak».
Durangoko Azokan egon gara Lide Hernandorekin.