«Pribilegioa ez duenak opresioa dauka»
Zein da gizonek mugimendu feministan izan behar duten rola? Piper Txuriak elkarteak sexismoak gizonei nola eragiten dien eta gizona izatearen ondorioak ulertzea du helburu. Beñat Urrutikoetxearekin pribilegioei uko egiteaz, maskulinitate eredu berriez eta hezkuntza patriarkalaz hitz egin dugu.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Feministok eguneroko esaldi eta adierazpenetan ezkutatutako matxismoa ikusarazten saiatzen garen bakoitzean, inguruko elkarrizketak eszeptikoz betetzen dira. Gehiegitan entzun dugu gure erruz "orain ezin dela ezer esan" eta "politikoki zuzenaren tirania" ezarri dugula. Baina feminismoak ez al die onurarik ekartzen gizonei? Noski baietz. Horregatik, gizonezkoen arteko erreflexio eta adiskidetasun gune bat sortzeko, jaio zen Piper Txuriak elkartea, berdintasunaren aldeko gizonen taldea.
«Feminismoa bizitza zentroan jartzea da guretzat, eta bizitza zentroan jartzen dugun momentutik guztiontzat da onuragarria» esan digu Beñar Urrutikoetxeak, Piper Txuriak taldeko kideak. Taldeko hausnarketak elkarbanatzera etorri da gurera eta kideek argi daukate zein den gizonen lekua mugimendu honetan. «Feminismoa emakumeen lidergotzatik jaiotzen da, beraz ezin gara betiko kontuetan jausi; orain gu lideratzen hastea ez da bidea».
Erreferente feministek argi diote berdintasunerako bidean, lehenengo pausua gizonek euren pribilegioen konziente izatea dela. Horren harira, Urrutikoetxeak Piper Txuriak elkarteko kideen esperientzia elkarbanatu du gurekin. «Kaletik beldur gabe joate da pribilegiorik handia. Eskubide minimo bat da gizakiontzat, eta guk beti sentitu dugu seguru joan garela kaletik, hori baino gauza potenteagorik ez dago».
Emakumearen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna izango da biha. «Plazaratu, onartu jasan eta eragin dugun indarkeria eta bidelagun izan, inongo protagonismorik gabe» horixe da Urrutikoetxeak gizonei egiten dien gomendioa.
Pribilegioen prezio eta presioaz, ikastetxeetan egiten duten lanaz, maskulinitate eredu berriez eta oro har sexismoaren eraginaz hitz egin dugu Bigarren Kafean.