Eneritz Gorritxategi:«Mezuak batzen gaitu»
‘Ez dogu zor ezer’ (Baga-Biga) diskoarekin dator Haize-arrosa taldea. 90eko hamarkadan Ene Bada! taldean ibilitako musikariak gehienak (bostetik lau) berriz elkartu dira nola baino, zer, esan badutela garbi dutelarik.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Eneritz Gorritxategi, Edurtzeta Ania, Markos Murillo, David Vallejo eta Peio Agirre musikariek osatzen dute Haize-arrosa taldea. Urtebeteko ibilbidea du taldeak, baina iragan sendo bat partekatzen dute kide gehienek. Izan ere, 90eko hamarkadan ibilbide aparta egin zuen Ene bada taldeko kide ohiak dira gehienak. Ene Bada!ren ibilbidea eten eta handik bi hamarkadatara berriz batu ditu patuak. Patuak edo beharbada gogoak. Zeresan badutela aldarrikatzeko gogoak.
Eneritz Gorritxategi taldekidea izan da Paraleloan taldea eta ‘Ez dogu zor ezer’ lehen diskoa aurkezten. Eta horixe azpimarratu nahi izan du, mezuak batzen dituela alegia.
Urte hauetan guztietan bakoitzak bere ibilbide propioa garatu du, baina elkargune bat bilatu dute esan nahi duten horretan.10 abesti jasotze ditu diskoak, eta 10 abestietan emakumeak dira protagonista. Ez da ausazko hautua, ahalduntze ariketa sendo bat dago kantu bakoitzaren atzean.
Kantu gehienen hitzak Eneritz Gorritxategi berarenak dira, baina badira Onintza Enbeita edota Miren Amurizaren hitzak ere.
Doinuei dagokionez, askatasunetik ateratako erritmoak ondu dituzte. Folk, pop-rock, elektro-pop-triki edota flamenko doinuak modu naturalean uztartu dituzte.
Aparteko kolaborazioak izan dituzte: Ez dogu zor ezer abestian Doctor Deseoko Francis Diazen ahotsa izan dute lagun ta kantu beraren bideoklipeko protagonistak Itziar Ituño eta Juanjo Otero ikus ditzakegu besteak beste.
Diskoa kalean, euren mezua plazetan zabaltzea dute orain helburu.
Zuzenekoetan diskoa defendatzeko irrikaz da berrizko boskotea. Lehenengo hitzordua etxean, Berrizen abenduaren 2an izango da, eta sarrerak agortuta daude dagoeneko.