IRRATIA

Asteko gomendioak: Scorseseren azkena, Reino animal, 30 monedas eta Mario Casasen opera prima

Astero bezala pantaila handian eta txikian ikusteko gomendioak egin ditugu Bideokluba saioan. Behar bada urteko estreinaldia izan daitekeen film baten aurrean gaude: Los Asesinos de la Luna. Bai, bueltan da Martin Scorsese.

Los Asesinos de la Luna filmaren fotograma (Apple Studios)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Martin Scorseseren azkena: Los Asesinos de la luna

Nahiz eta Scorseseren fan handienak agian mafia oinarritzat daukan pelikula bat espero, zinemagile estatubatuarrak thrillerra eta westerna nahastu ditu hiru ordu eta erdi irauten duen film honetan. 

1920ko hamarkadan kokatuta, Oklahomako Osage indiar koloniako biztanleek haien lurren azpian petrolioa dagoela ohartzen diren momentua da filmaren abiapuntua. Notizia zabaldu eta egun gutxitara Osage koloniako partaideak gutxika gutxika erailketa misteriotsuen biktima dira eta FBIak gertatutakoa ikertu beharko du.

Filmak 200 milioi dolarreko aurrekontua du eta justifikagarria da soilik aktore taldea kontuan hartuta: Noski, Leonardo Dicapriok ez du hutsik egin, ezta Robert de Nirok ere. Kritikaren esanetan nabarmengarria da Lily Gladstonen lana.

 

Reino Animal, etorkizun distopikoa

Zombien zinema burura ekarri dezakeen argumentu batekin, filmak gaixotasun baten ondorioz gizakiak animalia bihurtzen diren gizarte apokaliptiko batean kokatzen gaitu. Protagonista familia bateko aita da, eta bere emaztea animalia bihurtzen hasten den unean, semearekin batera bi pertsonaiak betirako aldatuko dituen abentura bat hasiko dute. Sinopsia irakurri bitartean niri Lanthimosen ‘Langosta’ etorri zait burura.

Aurtengo Canneseko Zinemaldian estreinatu zen, kasu honetan ‘Un Certain Regard’ sailean. Pelikulak kritika onak, eta sinopsi aldetik originala ematen duela kontuan izanik, bigarren gomendio hau thrillerra eta mundu distopiko apokaliptikoak gustuko dituzten ikusleei gomendatuko nieke.

Pantaila txikian zer ikusi?

Mario Casas zuzendari lanetan estreinakoz: Mi soledad tiene alas

Mario Casas aktorea kamara aurrean jartzetik, atzean lan egitera pasa da 'Mi soledad tiene alas' opera priman, eta anaia engainatu du aktore lanak egiteko. Bartzelona kanpoaldeko auzo txiro batean kokatuta, hiru gaztek jai eta lapurreta giroan bizi dute haien gaztetasuna. Taldearen lasaitasuna pikutara joango da protagonistaren aita espetxetik ateratzen den egunean.

Film hau zinema kinki berri olatuan kokatuko nuke. Niri filma gustatu zait, hori bai, agian genero honetako filmeek jada landu dituzten gaiak modu berdintsuan erakusten dituela esango nuke. Oro har, entzuleek gozatu dezaketen pelikula bat dela uste dut.

 

Bueltan da Alex de la Iglesia: 30 monedas

Judasek Jesus 30 txanponengatik saltzeak bere ondorioak izan zituen orduan, baina baita gaur egun ere. Hain zuzen ere txapon horiek zerikusi zuzena dute Espainiako herri txiki baten gertatzen diren naturaz kanpoko fenomenoekin.

Alex de la Iglesia zuzendariaren hitzetan lehen denboraldiak erlijioa, akzioa, terrorea eta fantasia nahasten zituen, eta bigarrena ere hala garatuko da. HBO plataforman estreinatuko da eta 8 kapitulu ditu.