IRRATIA

«Munduari lezio bat ematen ari gara, ezin da gizakiaren borondatea apurtu»

Mundu Bat Herriren bigarren atala publikatu orduko, Gaza odolusten jarraitzen dute Israelen bonbek. Hamasen ezusteko erasoaldiak dena aldatu duela deriotzote batzuk. Palestinar afera gertutik jarraitu dutenek ordea, 1948ko hondamendiak eragindako gatazkan pasarte berri bat baino ez dela argi dute.

Ramallahn egunero ari dira protestar Gazako herkideekin elkartasunez. (THOMAS COEX | AFP)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Aste honetan bonben artean eusten ari den herri batera jo du Mundu Bat Herri saioak. Lurrak ostu dizkioten herri bat, erbesteratu edota bere mugen barruan ere baztertu duten herri bat. Erresistentziatik bizi den herri bat. Aurkezpenik behar ez duen herri palestinarra.

Urriaren 17an atal hau zuzenean estreinatu eta ordubetera gutxi gora-behera, misil batek, tokiko lekuko guztien arabera Israelek jaurtitakoa, Gazako ospitale bat jo zuen bete-betean. Sarraski berri bat, sarraskien zerrenda luze bezain ilun bat idatzi duen herri honentzat. «Munduari lezio bat ematen ari gara, ezin da gizakiaren borondatea apurtu eta ez dute gurea apurtuko», azaldu du Tolosan bizi baina Nablusetik gertu dagoen herrixka batean jaio zen Tamer Birawik. Birawirena, herri baten atsekabearen ahotsa da.

Haserre mintzatu da Naiz Irratiarekin Birawi, Hamasen eraso bortitzak Mendebaldeko lerroburu guztiak okupatu dituen bitartean, palestinarrak bakarrik utzi dituztelako berriz ere. Ez du onartzen Birawik terroristaren etiketa jartzea zapaldua den herritik datozen erresistentzia mugimenduei, palestinarrak «aspaldian infernuan bizi» direla salatuz. Palestinar mugimendu ezberdinen ekintza armatuak kritikatzen dituztenei, galdera argia egin die Euskal Herrian bizi den palestinarrak, «zer nahi dute, esklaboak bezala bizitzea?».

Ezkutuko fronte informatiboa

Israel eta palestinarren artekoa, gatazka zeharo asimetrikoa da arlo militarrean, teknologikoan, ekonomikoan baina baita arlo komunikatiboan ere. Kontakizunak, uste baino eragin handiago du frontean Garako kazetari Ruben Pascualek dionez, «Hamasen erasoan hil ziren herritarren istorio osoak dakizkigu; nortzuk ziren, nongoak, zertan ari ziren musika jaialdi horretan... hortaz publikoarentzako errazagoa da hauekin nolabaiteko enpatia edukitzea».

Normala da biktimari nortasuna bermatzea, baina palestinarrei dagokienean gizatasun oro ukatzen zaiela kritikatzen du Pascualek, «ez dakigu nortzuk diren, ez zaigu kontatu zer egiten zuten ezta zeintzuk ziren haien ametsak ere». Hortaz, zitala bezain sinplea da alderaketa, «batzuk pertsonak dira eta besteak istoriorik gabeko zenbakiak»

Auzi politiko bat

Martin Arratibelek eskainitako gakoekin, hobeto uler daiteke gatazkaren testuingurua. Izan ere, bi aldeek pisuzko argudio historiko eta erlijiosoak dituzten arren, palestinar afera nahiko berria da, artifiziala eta bereziki, Mendebaldearen erabakien ondorio politiko bat. Ezin baita ahaztu, Nazio Batuek babestutako Israelgo Estatu Juduaren sorrerak 1948an, palestinarren Naqba ala hondamendia ekarri zuela. Hortxe gatazkaren jatorria eta ez duela milaka urte.