Super Mario Bros. Wonder, Spider-Man 2 eta Forza Motorsport datoz urrian
Hilabeteko estreinaldiez hitz egiteaz gain, sarbide goiztiarrean aurkitzen den tiro joko berezia ekarri dugu saiora: Ultrakill.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Urria hilabete garrantzitsua izaten da bideojokoen munduan. Ez da harritzekoa, eguberriak hurbil ditu eta —tira, enpresentzat hala izaten da—: hori dela eta, gabonetako kanpainarako prestatzen hasi dira bideojokoen estudioak, euren azken obra handienak kaleratuz. 2023koa normalean baino bereziagoa izango da, talde esanguratsuenen frankizia ospetsuenak baitatoz: Mario, Spider-Man, Forza, Alan Wake eta gehiago estreinatuko dira.
Estreinaldiok errepasatu ditugu, jokatzeko gogo biziz gaude eta. Assassin’s Creed Mirage-kin hasiko dugu hilabetea, baina ondoren Detective Pikachu Returns, Forza Motorsport, Total War: Pharaoh, Lords of the Fallen, Sonic Superstars, Marvel’s Spider-Man 2, Super Mario Bros. Wonder, Cities Skylines 2, Metal Gear Solid Master Collection: Volume 1 edo Alan Wake 2 kaleratuko dira. Agerikoa denez, ez da zerrenda makala.
Dagoeneko argitaratutako jokoei buruz ere aritu gara gure albistegian. Pasa den astean aurreratu genuen modura, Valve-tik Counter-Strike: Global Offensive arrakastatsuaren jarraipena prestatu dute: CS2.
Hasiera batean ez dirudi aldaketa handirik dakarrenik, baina garapen motore berriarekin sortu dutela esan beharra dago; atal grafiko eraberritua, soinu efektuak, inbentarioa eta askoz gehiago zaharberritu ditu bigarren atal honek. Tira, ez da bigarrena, baina Source 2 motoreagatik jarri diote izena.
Gainera, Bergarako Udalak CS2ren txapelketa antolatu du Wolfram Encounter 2023 ekitaldirako. Izen ematea zein arauak aztertu ditugu gurean.
Euskarazko jokoen txokora bidaiatu dugu berriro! Josu Igoa zaleak lokalizazio bitxia eskaini digu oraingoan: 1999ko Postal ultrabiolentoa itzuli du. Hautaketa arraroa, Igoak egindako aurreko euskaratzeak joko alaienak edo koloretsuenak izan baitira.
Aste honetako analisian sarbide goiztiarrean aurkitzen den obra berezia ekarri dugu: Ultrakill. Hau ere nahiko biolentoa dela esan beharra dugu, baina bere tiroketa itxurosoek guztiz harrapatu gaituzte. Devil May Cry eta Quake uztartzen dituen lehen pertsonako tiro jokoa da: sekulako sarraskiak eragingo ditugu infernua esploratzen dugun bitartean.