IRRATIA

«Norbanakotik harat, lurraldearen aterabideak landuko dira larrialdi klimatikoaren aurrean».

Krisi klimatikoaren testuinguruan antolaketa sozialean zein bizi-baldintzetan aldaketa sakonak ematen ari direla eta, Euskal Herria Burujabe ekimena antolatu du Bizi! mugimenduak Urriaren 7 eta 8rako.

Euskal Herria Burujabe ekimena aurkeztu dute Baionako Panecau karrikako zubian. (Guillaume FAUVEAU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Agerraldian azaldu dutenez, Ipar Euskal Herrian metamorfosi ekologikoaren norabidean oso bestelako eremuetan «urrats gehiago eta sakonagoak» nola eman izango da eztabaida gakoetako bat. Kontuak horrela, ekimena gertutik ezagutu nahi izan dugu eta horretarako bildu gara Xabier Arnuxet Bizi mugimenduko kidearekin.

Nondik nora sortu dira jardunaldiak?

Bizi mugimendua klima aldaketa ardatz duen mugimendua da, 2009an sortu zen eta bere jardunean larrialdi ekologikoa eta justizia soziala uztartzen ditu. Mugimendu horretako gogoetetatik atera da 2023an molde berezi batean azpimarratzea Euskal Herria lurralde burujabe, jasangarri eta solidario izateko proiektua. Bizik badu lau urtez behin egiten duen hausnarketa sakon bat bide orri baten finkatzeko eta azkenekoan eman zen behar zela ekitaldi bat historikoetan egin zirenak bezalakoa. 2013an alternatiben herrixka izan zen, norbanakoen zereginak erakusten zituen, 2018an lurralde proiektu baten elementuak aurkeztu ziren eta, orain, 5 urte beranduago da proiektu horren gaurreguntze bat egitea eta desmartxa kolektiboari heltzea aldaketa klimatikoari buru egiteko.

Gaurreguntze bat behar da egoera aldatu delako?

2018an izan dira frantses estatu mailan hilabete bukaera eta munduaren bukaera uztartzeko kezka, baita krisi soziala eta ekologikoa uztartzen zituen gogoetak eta mobilizazioak ere. Horiek aintzat hartu eta izandako ekarpenak jaso ditu Bizik bere gaurreguntze proiektuan. Ber momentuan, Ipar Euskal Herriko egitura instituzionalek eman dizkiote lurraldeari beste tresna eta praktika batzuk gauzatzeko parada eta, gainera, klima aldaketaren muturreko gertakarien ondorioak gero eta nabarmenagoak dira Euskal Herrian.

Zazpi zeharlerro eta zazpi auzo izango ditu jardunaldiak.

Baiona Ttipian animazioak izango dira karrika guztietan 10:00-17:00 bitartean eta tema bakoitzak izango du bere parada: mugikortasuna, elkartasuna, politika, laborantza eta elikadura, ekonomia, etxebizitza eta energia. Horiek denetan landuko da norbanakotik harat zein aukera dauden lurralde batean, zeren, lehen erakutsi bazen norbanakoak zer ahalmen duen ereduak sustatzean, orain landu nahi dena da nola egin norbanakotik kolektibora.

Euskal Herriko eragileez gain, Frantziar estatukoak ere bilduko dituzue, tartean sona handiko zenbait. Hexagonotik ere parte-hartzaileak erakartzeko asmoa duzue?

Egin duguna da, gaien arabera, nondik eta nora diren sare kontaktuak eta aditu edo arituak eta uztartu hemengo lurralde mailako aditu eta arituekin. 40 mahai-inguru izango dira eta ikusi ahal izango da beste eskala eta lurraldeetan zein aterabide jorratu diren, baita Euskal Herrian jorratutakoak erakutsi ere. Badakigu sarea bi zentzutan indartzen dela eta hori indartuko dugu Baionan.

Hainbat zeharlerro izango dituzue, horietako bat etxebizitza. Euskal kostaldean etxebizitza krisia eta espekulazioa pil-pilean dabil. Uste izatekoa da presentzia handia izango duela jardunaldian, ezta?

Etxebizitzen afera landuko da hainbat aterabidetatik. Hala ere, espekulaziotik harat, etxebizitzaren kontuak baditu anitz ondorio klima larrialdiaren baitan, beraz, gai hori angelu horrekin ere landu nahi da.

Zertarako izan burujabe? Buruaskiak izateak nora eramango gaitu?

Gogoeta beti da bizi baldintzen eskuratzea hemen bizitzen segitzeko besteen errespetuan justizia sozialean, alegia, ez segurtatzea hemen bizitzen baina beste batzuei ahalmen hori ttipituz. Berotegi efektuko gasen isurketa ttipituz eta bertako gure bizi-baldintzak segurtatuz, denei eskaintzea planeta bizigarriago bat atxikitzeko parada.