IRRATIA

Pako Sagarzazu, euskal zinemaren hazia landatu eta loratu

Donostiako Zinemaldiaren 71. edizioan jasoko du Pako Sagarzazu Donostiarrak Zinemira ohorezko saria. Irratian, telebistan zein pantaila handian aritua, euskal zinemagintzako saria jasoko du gaur Victoria Eugenian egingo den galan lagun eta lankide artean.

Pako Sagarzazu eta Ramon Agirre Aupa Etxebes filmeko eszena batean (Irusion)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Pako Sagarzazuk jasoko du aurten (GAUR) Ohorezko Zinemira saria iluntzeko gala berezian, euskal zinemagintzaren alorreko pertsona ospetsu baten ibilbidea aitortzen du sari honek. Pako Sagarzazu donostiarra ofizio askotan aritutakoa da, entzun dugu irratian, eta ikusi dugu oholtza gainean, telebistan eta baita pantaila handian ere.

Kasualidadez hasi zen zinearen industrian.  Bere lehen harremana berak idazle bezala zuen zaletasunarekin uztartuta dago. Sagarzazuk arrakasta handiz Xaribari taldeak antzeztutako ‘Balantzatxoa’ izeneko umeentzako antzerki lantxo bat idatzi zuen. Juan Miguel Gutierrez zuzendariak antzerki-muntaia ikustean zinemara eramatearen aukera ikusi zuen. Horrela jaio zen Balantzatxoa (1976), haurrentzako euskaraz filmatutako lehen metraje luzeko filma. Pako Sagarzazu aktore lanean aritu zen ere, Jose Ramon Soroizekin batera, besteak beste.

Klara Badiola aktoreari esker egin zuen bere lehen zine kastina. Hura laguntzera joan eta aktore kontratu batekin amaitu zuen, preso sozial baten papera egin zuen  laurogeiko hamarkadako euskal zinemaren hasiera izan zen 'Segoviako ihesa'  filmean. Gero etorriko ziren makina bat film: La muerte de Mikel edota Tasio.

Euskal zinearen historian lehen hazia jarri batzuen 'Segoviako ihesa' filmarekin, hazi hori loratu egin zen 2005ean, Telmo Esnal eta Asier Altunaren  ‘Aupa Etxebeste!’ komediarekin. Euskal zinemaren fenomeno bihurtu baitzen eta urte luzetan ikusiena izan zen ‘Handia’ iritsi arte.

Gizon polifazetikoa da 83 urteko Pako Sagarzazu, egun erretiratua, tarteka paper txikiak egiten ditu lagunen film laburretan. Hori bai, nahiz eta alor askotan ibili, aktore moduan definitzen du bere burua, horrek eman baitio jaten.