«Xedea da pixkanaka Irulegiko herrixka kokatzen zen zelai hori industea»
Uda amaiera iritsi eta bukatu dira Aranzadik euskal mendietan egindako indusketa kanpainak. Horien artean bat nabarmendu da: Irulegikoa. Bertan topatutako eskuak bestelako bultzada bat eman dio arkeologiarekiko interesari, eta hori ziurtatzeko gurean izan da Leire Arana Aranzadiko kidea.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Aranzadik amaitu du udako mendietako indusketa kanpaina. Lan guztien artean batek lortu du gure arreta, Irulegiko eskuak. Leire Arana elkarteko kidea NAIZ Irratian izan da elkarrizketan eta, baieztatu duenez, asko nabaritu dute aurkikuntza horren eragina. «Bisitak asko ugaritu dira Irulegiko aztarnategian, egunero izan dugu Euskal Herri osoko jendea. Uda osoan 2.000 pertsona inguru etorri dira», esan du.
Lagun horiek guztiek batez ere eskuaren inguruko interesa erakutsi dute, baina orokorrean herrixkako biztanleen inguruan ere jakin nahi izan dute: zer nolako bizimodua zuten, zenbat bizi ziren... Interes handia erakutsi dute gizarteari eta haren formari buruz. «Nolakoak ziren gure arbasoak?».
Bailararen nortasuna eta horren jatorria
Bisitak Irundain Aranguruneko herrian hasten dituzte, mendiaren behealdean. Handik ordubete eta laurdeneko bidea eginda iristen dira gora. Bertan, bailararen eta mendiaren berezitasunak aipatzen dituzte. Aztarnategian honi buruzko azalpenak ematen dituzte eta gazteluan bukatzen dute bisita. Ez delako bakarrik burdin aroko herrixka, badago erdi aroko gaztelua ere.
Bisita horietan ez dituzte bakarrik burdin aroko herrixka eta haren berezitasunak erakusten; bailararen bilakaera ere azaltzen dute, bailarak berak duen nortasuna eta, guk dakigun arte, horren jatorria. Neolitotik eta burdin arotik datorrena.
Erromatarrekin hurbiltasun handia
Pieza berri batzuk eta eskailera esanguratsu bat topatu dituzte. Bereziak dira, Pirinioko eremu honetan aurkitu dituzten burdin aroko lehenak direlako. Aranaren arabera, burdin aroko herrixka hauek erromatarrekin zer nolako gertutasuna eta harremana zuten erakusten dute aurkikuntza hauek. «Bazuten beren nortasuna baina eragin handia jaso zutela erromatarrengandik. Ez da batere ohikoa burdin aroko herrixka batean eskailerak agertzea».
Gezi batzuk ere agertu dira. «Bagenekien aspalditik, ikerketa geofisikoek erakutsita, erreketa batzuk aurkituko genituela herrixka osoan. Gero ikusi dugu armekin zerikusia duten materialak aurkitu ditugula, gezi eta lantza puntak kasu. Bataila horren erakusgarri nagusiak dira. Erreketa maila inportante bat dute. Orain arte industu ditugun etxeak eraitsi ziren eta dena barruan geratu zen: eguneroko materialak, zeramika eta mota guztietako metalak, eta gerra kontestukoak ere bai».
Dakitenez, eraso hori erromatar bando batena izan zen. «Badakigu baskoi herrixka honek harremanak zituela hasieratik erromatarrekin. Gerra sertoriarrak gertatu ziren iberiar penintsula osoan, bereziki Ebro bailaran. Ez dakigu zer bandorekin zuten harremana. Kristo aurreko 82-72 urte bitartean herrixka horrek bando baten erasoa jasango zuen. Ezustekoa hartuko zuten eta etxebizitzen tipologia kontuan hartuta oso erraz hartuko zuten su eta eroriko zen guztia. Beraz, herrixka abandonatu beharko zuten».
Olioa eta ardoa
Adriatiko inguruko olioa eta Turiako ardoaren inguruko anfora batzuk ere topatu dituzte, zituzten merkatal harremanen froga. Ez bakarrik erromatarrekin, beste hainbeste herrixkarekin ere bai.
Etxe gehienek errota zuten. «Herrixkaren ideia hurbilago bat ematen digu horrek. Bakoitzak bere etxean errotarria erabiltzen zuen. Esan daiteke estatus sozial altuago bateko herrixka izan daitekeela. Baina ez da boterearen erakusgarri», argitu du Aranzadiko kideak.
Orain arte 650 metro karratuko ingurua industu dute. «2,2 hektareako zelai batean ari gara industen, 14 hektareako ingurua hartzen du aztarnategiak, ia mendi osoa. Lan handia da, urtetakoa. Helburua ez da gaztelura iristea baina bai pixkanaka herrixka kokatzen zen zelai hori industea», azaldu du zientzialariak.
Jendeak egin ditzakeen kalteez galdetuta, neurriak hartzea oso zaila dela erantzun du. «Kaltea egin nahi dutenek egingo dute edozein modutan, oso zaila da neurriak hartzea. Segurtasun neurriak oso-oso gutxi daude. Horretarako dirulaguntzak behar dira».
Kanpaina bukatuta, laborategiko lanaren txanda da orain. Datazioez gain, materialak garbitzea, inbentariatzea, izendatzea eta argazkiak ateratzea tokatuko zaie. «Aurten ateratako material horien tipologiak ikustea, beste aztarnategiekin konparatzea, beste argitalpenak kontsultatzea». Historialari lana, poliki-poliki agertzen diren material horiek denak beren testuinguruan jartzeko.