IRRATIA

Ase ezin diren egarriak

Josu Penades idazlea Paraleloan saioan izan da 'Egarria' (Alberdania), bere azken eleberria aurkezten.

Josu Penades, ‘Egarria’ liburuaren ale bat eskuan duela. (Jon URBE | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Egarria du izenburua Josu Penadesen azken eleberriak, baina mamiak, egarria baino egarriak ditu hizpide. Egarri fisiologikoaz gaindi, maitasun egarria, mendeku egarri edota jakingurarena ere hizpide dituelako idazle bizkaitarrak.
1950. urte inguruan kokatutako istorioak, gerraondoko baserri munduan murgiltzen gaitu Galo mutikoaren bihotz-begietatik. Izan ere, protagonistak dira Penadesen sorkuntzen oinarria eta altxorra. Pertsonaiak dira funtsa, eta ondo baino hobeto lantzen ditu idazleak.

Horrela, bidelagun izan du azken denboretan Galo, berekin egin ditu erosketak, ibilaldiak, eguneroko  guztiak egoera bakoitzaren aurrean amaz umezurtz den mutikoaren ustezko erreakzioak taxutuz joan den bitartean.

Ezagunetik jo du eleberriari kokapena ematerakoan eta idazlea sorterrira itzuli da, Bermeora, amaren baserri inguruetara, garai bateko artzain gipuzkoarrek neguaren babeserako bizkaialdean sortutako auzune batera.

Haurtzaroko betaurreko xaloak erori eta helduen munduan lehen urratsak nola ematen dituen ikusi eta sentituko du irakurleak Egarria lerroz lerro irakurtzean, mseriak, gorrotoa, mendekua, baina baita maitasuna, xamurtasuna, jakin-mina eta hazteko gogoa ere bidelagun harturik.

Paraleloan izan da Josu Penades, bere azken lan honetan eta oro har, bere lan egiteko moldeaz solasean.