IRRATIA

Sorian eraso faxista jasan zuen Ion Aranburu koma egoeratik irten da baina oraindik larri dago

Sorian eraso faxista jasan zuen Ion Aranburu donostiarra komatik atera da, NAIZ Irratian Irati Aranburu lehengusina eta familiaren eledunak esan duenez. Sorian gertatutako planifikaturiko eraso faxista izan zela nabarmendu eta Poliziaren eta agintarien partetik jasotako tratua salatu du.

Ion Aranburuk jasandako eraso faxista salatzeko Donostiako Antigua auzoan egin zuten elkarretaratzea. (Hamaika Telebista)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Sorian eraso faxista pairatu zuen Ion Aranburu donostiarra komatik atera da Burgoseko ospitalean, NAIZ Irratian Irati Aranburu lehengusina eta familiaren eledunari egin dioten elkarrizketan jakitera eman duenez.

Bi aste eta erdi koma induzituan izan eta gero, hobera egin du Ion Aranburuk. «Pausotxoak ematen ari da», esan du. Koman zegoela funtzio fisiko, fisiologiko, kognitibo eta motore guztiak geldirik izan ditu eta sedazioaren ondorioak ditu. Kraneotomia bat egin behar izan zioten, presioa arintzeko. Hematomak hor jarraitzen du eta egoera larrian segitzen du. Epe luzera ikusiko da zein ondorio dituen Ion Aranburuk.

Une hauetan, Burgoseko ospitalean dago, baina aste honetan Donostiakora trasladoa egiteko tramiteak egiten hasiko direla azaldu du Irati Aranburuk.

Tentsio handiko egunak pasa izan dituztela nabarmendu du Ion Aranbururen lehengusinak. «Parteen zain ginen, egoera jasanezina zen. Ez dakizu albiste onak ala oso txarrak izango diren. Izugarrizko ezinegona sortu zen familian», azaldu du, Aitor Zabaletaren kasua buruan izan dutela nabarmenduz.

Ion Cornellan bizi den lagun batekin bazkaltzera eta Kataluniako taldeak Numantziaren kontra jokatzen zuen partida ikustera joan zela Soriara gogoratu du Irati Aranburuk.

Jasandakoa eraso faxista «argia eta garbia» izan zela nabarmendu du. Izan ere, taberna bateko terrazan zeudela, kalearen sarrera batetik ultrak sartu ziren. Autobusetik harri, laban eta makilekin jaitsi zirela azpimarratu du. Hori ikusita, terrazan zeuden batzuk tabernara sartzen saiatu ziren, baina Ionek ihes egitea erabaki zuen. Zoritxarrez, kalearen beste sarreratik ultra gehiago topatu zituen.

Irati Aranburuk azaldu duenez, ultra horiek aldez aurretik geratuak ziren eta zezenketa bat ospatu zuten. «Modu antolatuan eraso zuten eta modu antolatuan alde egin zuten», laburbildu du. Erasoa egin eta gero ultrek poliziak babestuta alde egin zutela gaineratu du.

Polizia espainolaren tratu kaxkarra

Polizia espainolarengandik jaso izan duten tratua ere kritikatu du Irati Aranburuk elkarrizketan. Polizia-etxera salaketa jartzera joan zirenean gertatutakoa zalantzan jarri zuten, bi talderen arteko liskarra izan zela adieraziz. «Ez zen horrela izan. Jai giroan zebiltzan lasai ultrak azaldu ziren arte. Eraso antolatua izan zen, norbait hiltzera bideratua. Adarra jotzen ari ziren sentsazioa izan dugu familian, babes gabe sentitu gara», esan du.

Antigua auzoan izan zen elkarretaratzeak indarrak eman zizkiola gaineratu du. Zoritxarrez, agintarien partetik ez dutela laguntzarik jaso salatu du. Ez Soriako agintarien partetik, ezta Donostiako alkatea edo Gipuzkoako ahaldun nagusiaren partetik. Familiarengana jo duen alderdi bakarra EH Bildu izan dela gaineratu du.