Gorrotxategi (EP): «EAJ, PSE eta PPk eskuineko ‘tripartitoa’ osatuko dute»
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak uste du PSEren jarrera ez dela «logikoa» eta ezkerrera begiratu beharko lukeela Eneko Anduezaren alderdiak. Podemos eta Sumarren arteko akordioa positiboki baloratzen du eta, Irene Monteroren kasuaz galdetuta, betoen aurka dagoela adierazi du.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Maiatzaren 28ko hauteskundeen ostean Gasteizko Udalerako nahiz Gipuzkoako Aldundirako EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemosen arteko akordio bat defendatu du Miren Gorrotxategi Gasteizko Parlamentuan alderdi moreko bozeramaile denak.
Kritiko mintzatu da Eneko Anduezak gidatzen duen taldeaz, «Euskadik ezkerrera begiratzen duela badio ez da logikoa EAJrekin eta PPren laguntzarekin gobernuak osatzea, eskuineko tripartito bat osatuko dute, ez dauka inolako zentzurik».
Estatu espainiarreko hauteskundeei begira, Sumar eta Podemosen arteko akordioa «berri ona» da Gorrotxategirentzat, «beharrezkoa zen eta lortu da, ospatzeko berria da». Orain ahal den zerrendarik «hoberenak» osatzea espero du, «erronka oso garrantzitsua» delako «eskuina eta eskuin muturra gobernutik baztertzea».
Irene Monterori ezarri zaion betoaz, «nik betoak ez ditut ulertzen», dio. Gorrotxategiren esanetan inor ez da ezinbestekoa baina betoen aurka dago. Montero «oso hautagai ona» dela uste du, «sinbolo bat da, emakumeen eskubideen aldeko borroka oso irmo bat ordezkatzen du». Z
entzu honetan, bere politikek «eskuineko sektore batzuetan» sortu duten haserreagatik zerrendetatik kanpo geratuko balitz «injustua» litzatekeela baieztatu du.