IRRATIA

Gizarte mugimenduen erronkak eta aliantzak izango dituzte aztergai Jakin Jardunaldietan

Ekainaren 22 eta 23an ospatuko da Jakin Jardunaldien IX. edizioa, Usurbilen, UEUren Udako Ikastaroen baitan. Gizarte mugimenduak jarriko dituzte oraingoan erdigunean: bilakaera, egungo egoera eta etorkizuneko erronkak izango dituzte hizketagai.

Donostian aurkeztu dituzte 2023ko Jakin Jardunaldiak (Jakin)

Este navegador no soporta el elemento audio.


UEU eta Usurbileko Udalarekin elkarlanean antolatu dituzte Jakin Jardunaldiak. 9 urteko egitasmoak gizartean ditugun auziak erdigunean jarri eta horien inguruan hausnartzeko parada eskaintzea du helburu. Aditu, aritu zein interesdunek «pentsamendu kritikoa osatu» dezaten, plaza bat eskaintzea. «Aditu eta herritarren arteko» distantzia gainditu eta «unibertsitate herrikoia» sortzeko parada dira Jakin Jardunaldiak.

Gizarte mugimenduen inguruan jardungo dira ekainaren 22an eta 23an, baita gobernantza berrien inguruan ere. Auziak luzerako eman dezake, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak azaldu moduan, «demokrazia baten osasuna ere neurtu daitekeelako bertako gizarte mugimenduek edo herritarrek oro har duten parte-hartze politikorako aukeren arabera. Geroz eta parte hartze handiagoa, orduan eta gizarte demokratikoagoa».

Nor, Afit, Ekopol eta Parte Hartuz ikerketa taldeak 2018tik ari dira gizarte mugimenduen eta parte hartze politikoen inguruan hausnartzen. Kaleratu dituzten azken ikerketak oinarri hartuta ezaugarri dituzte aurtengo jardunaldiak. Hainbat mahai-inguru eta hitzaldi antolatu dituzte bi egunetarako. Kasu batzuetan aditu eta ikerlariek parte hartuko dute; hala nola, Marina Sagastizabal edota Txomin Poveda soziologoek. Presente izango dira, baita ere, gizarte mugimenduetako hainbat dinamika eta espresiotako militante eta kideak: Sukar Horia talde ekologistako Joanes Igeregi edota Hordago! dinamikako Iraia de la Torre, besteak beste. Amaitzeko, Mejillon Tigre kolektiboak 'Hitz Esana' poesia emankizuna eskainiko du.