IRRATIA

«Euskal Herria eraldatu nahi badugu, Bilbo eraldatu behar dugu»

Bilboko udal gobernuak alternatiba bat behar duela sinetsita dago Maria del Rio EH Bilduren alkategaia. Bizkaiko hiriburuak bizi duen egoeraz eta koalizio soberanistak landu nahi duen bideaz jardun da Naiz Irratian.

Maria del Rio, EH Bilduren Bilboko alkategaia (Naiz Irratia)

Este navegador no soporta el elemento audio.


350.000 biztanlerekin, Euskal Herriko hiririk handiena da Bilbo, eta Bilbo Handia deiturikoan bizi da herritarren heren bat. Hauteskundeetan, beraz, plaza oso garrantzitsua da beraz Bizkaiko hiriburua. EH Bilduren alkategai Maria del Riok ohartarazi du, Bilboren egoera asko hobetu dela diotenen aurrean, gazteen langabezia nahiz pobrezia tasa altuak dituela hiriak, hainbat auzotan bereziki.

Errealitate horren aurka lan egiteko helburua du EH Bilduk, eta politika egiteko modua bera ere irauli nahi du. Izan ere, del Riok baieztatu duenez egungo udal gobernua hiriaren zati handi bati bizkarra emanez ari da lanean eta aldarrikatu du EH Bildu dela EAJren gobernuarekiko alternatiba bakarra. Koalizio soberanistarentzat Bilbo eraldaketa bultzatzea funstezkoa dela gaineratu du, «Euskal Herria eraldatu nahi badugu Bilbo eraldatu behar dugu, EH Bildutik horretarako benetako apustu sakona egiten ari gara».

Del Rioren esanetan, unean uneko arazoei erantzun beharra dago, baina harago, etorkizuneko eskenatokiak ere aurreikusi eta diseinatu behar dira. Etxebizitzaren arazoari aurre egitea premiazkoa da koalizioarentzat eta onartu berri den etxebizitza legea lagungarria izango dela baieztatu du Del Riok. Bitartean, EAJ buru duen udal gobernuak segurtasunean jarri du fokua, behin eta berriro esaten ari denez, Bilbon dagoen segurtasun ezan. EH Bilduko alkategaiak uste du tentuz jorratu beharreko gaia dela, zabaltzen diren mezuak neurtu egin behar direla, eta aldarrikatu du argi gelditu dela segurtasun auziak kudeatzeko orain arteko errezetek ez dutela balio.


EH Bilduko alkategaiak hilabete honetan bertan egingo diren hauteskundeetan parte hartzera deitu ditu Bilbo aldatzeko unea dela uste duten guztiak.