IRRATIA
Entrevista
Alain Ulazia
EHUko irakaslea eta EOLO ikerketa taldeko kidea

«Itsas energiak esperimentalki, matematikoki eta fisikoki oso problema ona dira»

Lur planetaren gainazalaren %70 inguru itsaso eta ozeanoz osatua dago. Baliabide mordoaren jatorri dira, aldea egon badagoen arren baliabide ozeano edo baliabide iturri gisa erabili. Energiaren ikuspegitik heldu diogu gaiari Alain Ulazia EHUko irakasle eta Eolo ikerketa taldeko kidearekin.

Alain Ulazia EHUko irakasle eta Eolo ikerketa taldeko kidea. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Itsas energien sailkapenik badago?

Bai, badago oinarrizko sailkapen bat. Marea energia dago, antzinatik erabili izan dena eta, baita olatu-energia ere, energia-natural handi bat dela jakinik ikerketan oso sartuta eta landu nahian dabilena. Hala ere, oraindik gailu teknologiko batek ez du konbergitu komertzializazio indar nahiko batekin. Horiez gain, gaur egun, itsas energiatzat ere hartzen da itsas haizea aprobetxatzen duten erroten kasua, batez ere flotagarriena.
Bestalde, badago beste kontzeptu bat: gradientea. Hau da itsasoko gazitasun edo tenperatura diferentziak aprobetxatuz osatu daitezkeen zirkulazioetatik energia erauztea.

Teknologikoki zertan bereizten dira kostaldeko eta ozeanoetako gailuak?

Itsas haize-errotetaz hitz egitean, finkoak direnak ia lurrekoak bezalakoak dira eta kostan jarri daitezkeela kontsideratzen da baldin eta sakonera 30 metrotik beherakoa bada. Euskal kostaldean sakonera berehala handitzen da eta errotak finkatzeko lekurik apenas daukagu, kostatik gertuegi ipini beharko genituzke.Baltikoan, ordea, ia 100 km dituzte oso sakonera gutxirekin, alegia, km2 ugari dituzte itsas haizea instalazio finkoekin aprobetxatzeko. Sakonera handituta, instalazio flotagarriak jarri behar direnean, maximo teoriko bezala kontsideratzen da muga 1000 metrotan dagoela, zeren errota hori ezin da naufragatzen utzi, ainguratu egin behar da. Eta, jakina, itsasoan ere, zenbat eta urrunago energia gehiago, baina mantentze kostuak ere handitzen dira.

Zein dira instalazio horien baldintza optimoak? Zein ezaugarri hobesten dira?

Olatu bihurgailuentzat aplikatu izan diren fisika edo modelo matematiko guztiak etorri dira itsasontzien flotagarritasunaren dinamikatik eta oreka edo egonkortasuna bilatzen duten ekuazioetatik. Baina, modelo matematiko hauetan, olatu bihurgailuen kasuan behar dena da erresonantzian sartzea, alegia, olatuak ahalik eta desoreka handiena sortzea gailu horretan elementuak oszilazio handiak egin ditzan eta energia asko sor dezan gora-behera mugimenduan. Orduan, fisikoki egituratzen denean horrelako bihurgailu bat komeni dena da bere funtzionamendu puntua ondo sinkronizatuta egotea olatuen periodoarekin. Olatu bihurgailuen modelizazioan puntu klabeetako bat da hori.

Bestalde, badago beste baldintza garrantzitsu bat gaur egun ikusten diren potentzia matrizeetan (zenbat energia sortuko duen gailu batek olatu periodo eta altuera jakin batzuetan): cut off edo mozketa normala 5 metrotan izaten da, hau da, 5 metrotik gorako olatuak etorriko balira, gailua, segurtasunagatik, geratu egin behar da. Hori oso inportantea da, zeren, leku batean energia ikaragarri badago eta olatu oso handiak badaude, jendeak uste du energia hori xurgatuz gero sekulako pagotxa edukiko genukeela, baina, gaur egungo gailuak 5-6 metrotan funtzionaraztea arriskutsua da.

Analogia berdina dago haize errotetan, 25 m/s-tik gora kontsideratzen da, segurtasunagatik, errotak geratu egin behar direla. Hau da, ebento energetikoenetan, nola hain diren bortitzak eta aldakortasun handikoak, ezin dugu energia hori xurgatu.

Itsas energia-instalazioak ez dira hain ohikoak. Badute eragozpen edo erronkarik sisteman txertatzeko?

Itsas energiak inon gutxi daude garatuta, baina, mundu guztian, esperimentalki, matematikoki eta fisikoki inbentoreentzat oso problema ona izan da. Patenteen sekulako zoologia dago (zoologia diot, ezen askotan erabili dira animalien izenak) baina, olatu energiari dagokionean, ez dira komertzializatu. Hala ere, Europako etorkizuneko mix energetikoan % 10 inguru beteko dutela espero da.

Euskal Herrian produkzio itsastiar bat edukitzeko zailtasun handiena sakonera da, hain da sakona itsas amildegi hori (5000 metrotara jausten dena) non ainguratzea ere kostatik oso hurbil egin beharko litzatekeela. Horregatik, itsas haizea da, batez ere, etorriko den teknologia nagusia. Europan, jada, ari dira ugaritzen sorgailu flotanteak eta plan energetiko europarretan Estatuak hobesten ari dira Galiazia edo Kataluinia bezalako lekuak, beti ere, ikuspegi integral edo makro baten baitan.

Kontuak horrela, Euskal Herrian handicap-ak hor daude baina aurrerapenak ere badaude, adibidez, Mutrikuko planta munduan bada erreferentea olatuen energia aprobetxatzen duten itsas turbinak esperimentalki ikertzeko in situ eta benetako tamainan.

Euskal Herrian, itsas energia sorkuntza praktikoei dagokionez, zein aukera daude?

Kontsumo lokalago baterako itsas haizea aprobetxatzeko markatu den eremua txikia da. Galizia-haizea da hemengo haize nagusia, horregatik, zenbat eta Galizia alderago egon potentziala handiagoa da. Esaterako, Matxitxakok egiten duen itzalean, eremu aprobetxagarri bat markatu dute Estatu Espainiarretik, baina, oso txikia da Mediterraneoan  Tramontana haizea aprobetxatzeko edo Galiziako sakoner gutxia aprobetxatzeko proposatutako eremuekin konparatuta. Proiektu horiek industrialki nahiko handiak direnez, estatu eta, are, Europa mailako integrazio estrategia baten baitan sartzen dira.

Gure independentzia energetikoari begira, nik hobetsiko nituzke, dudarik gabe, fotovoltaika komunitarioa gune degradatuetan eta teilatuetan eta lurreko eolikoak. EAEn lurrean dauzkagun parke eolikoak gutxi dira eta Nafarroak ikaragarrizko potentzial eolikoa duela jakinda, orain dauden parke eoliko zaharrak berriztuz gero, potentzial handia lortuko litzateke eolikotik. Uste dut teknologia horiek hobetsi behar direla itsasora joan aurretik.

Itsasora itzuliz, itsas maila goruntz doanaren ebidentziak daude. Horrek nola eragin dezake energiaren ekoizpenean?

Eolo ikerketa taldean nahiko interdiziplinarrak gara —fisikariak, matematikariak, ingeniariak…— eta gure taldea ezaugarritzen duen gauzetako bat da aldaketa klimatikoa eta energia berriztagarrien produkzioaren arteko lotura hori egiten dugula, hau da, prebisioak 24 ordura egin beharrean (neurri hori da ohikoa energia berriztagarrien arloak komertzialki egunerokotasunean garrantzia handia duelako), guk, epe luzeko iragarpenak egiten ditugu aldaketa klimatikoaren eszenatoki desberdinak kontuan hartuta.

CO2 isurketen arabera aurreikusten diren eszenatoki horien baitan egiten diren proiekzioetan oso garrantzitsua da itsasoan olatuak gero eta handiagoak izango direla eta, ez hori bakarrik, olatu handiak gertatzeko probabilitatea ere handiagoa izango dela. Horrek, segurtasun aldetik, itsas energien inplementaziorako koste eta arrisku askoz ere handiagoak dakartza. Hori, baina, ez da orokorra. Badaude leku batzuk aldaketa klimatikoagatik ikusten ari garenak energetikoagoak izango direla olatuei eta haizeari dagokionean, baina, kontraintiutiboki, beste leku batzuetan kontrako joera ikusi dugu.

Iragana aztertuta, 70. hamarkadatik aurrera, olatuen altueraren eta muturreko olatuen probabilitatearen goranzko joera oso nabarmena izan da arku Atlantikoa deitzen den horretan. Baina, inflexio puntu bat dagoela dirudi, baita eszenatoki makurrenetan ere, ematen baitu natura saturazio puntu batera heltzen dela.

Kostatik zenbaterainoko distantzian dauden sorgailuak izan daitezke horiek? Zeren kostatik aldendu ahala baldintza errentagarriagoak daude baina irisgarritasun eta sare-integrazio eskasagoa dute.

Adibidez, Suedia, Alemania eta Dinamarkak irla bat egin dute operazio eta mantenimendu guztiak irla zentral horretatik kudeatzeko. Noski, lehen esan bezala, sakonera txikiagoak dauzkate. Distantziari buruz, azkeneko ministerio-planetan 10 km-ri buruz hitzegiten zen, egon dira Europako lege batzuk kosta babesagatik ezin zena instalatu baina, orain, energia premiagatik malgutu egingo direla dirudi. Distantziaren zailtasuna gainditzeko irlen soluzioaz gain badaide beste ideia batzuk, adibidez, Nanteseko ikertzaile batzuk defendatzen dutena da far offshore, hau da, urruti joatea.

Urruti joan eta petroleoa eramaten duten bezalako barku handiekin Atlantikoan hidrogenoa sortu (itsasoko ura elektrolizatu haize errota handi batzuekin). Han ikaragarrizko energia dago, berez, borraskak eta antizikloiak sortzen diren ozeanoko zentro hori oso energetikoa da eta horrela planteatzen dute fuel berdea porturatzea, haizetik sortutako erregaia. Horrelako eztabaida asko daude eta teknoekonomikoki bideragarriak direla defendatzen diren ideia asko.

Are gehiago, itsasertzetik gertu, Txile hegoaldean, haize antartikoak daude Magallaneseko bitarte horretatik pasatzen direnak. Munduko haize potentzial handienetakoa dago baina han ez da inor bizi eta ez da ezer instalatu. Bada, esaten ari dira ura elektrolizatuz gero erregai sintetikoa eskuratzeko moduan daudela, eta jada martxan daude proiektu pilotoak. Orduan, urruti joate hori asko erlatibizatu daiteke datozen hamarkadetan.