«Ontziaren luzeraren eta aurtza tolesgarriaren arteko oreka bilatu behar izan dut»
Ekainaren 17an abiatuko da Oriotik Jokin Muñoz ‘Itzuli’ belaontzian Iberiar penintsulari bira ematera. Hiru hilabete inguruko abentura izango du aurretik eta haizeaz eta eguzkiaren energiaz soilik baliatuko da, ahal duen neurrian.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Oriotik Galizara joango da Kantauri itsasoan zehar. Ondoren Atlantikoan sartuko da Portugal albotik jaitsiz eta Gibrartalgo itsasartea zeharkatu ostean, Mediterraneoan nabigatuko du. «360 graduko itzulia eman nahi diot Iberiar penintsulari eta horretarako Frantzia Midi kanaletik zeharkatuko dut». Horretarako baldintza jakinak dituen belaontzi bat topatu du Murtzian (Espainia) eta azken hilabeteak hura prestatzen pasa ditu.
«Lema automatikoa eta haize ekipoa mugitzeko indarra behar nuen eta hortik sortu zen eguzki energiaz baliatzeko aukera». Hori garatzeko energia berriztagarrien alorrean aditua den Jon Zabalarekin jarri zen harremanetan eta berak lagundu dio instalazioa egiten. «Trabesian jarraitu behar duen egun horietan bermea eta lasaitasuna behar ditu bere ekipoak elikatzeko eta hori emango dion instalazio bat egin dugu».
Bidaiaren zatirik handiena bakarrik egingo du Muñozek baina hainbat unetan bere bikotearen eta Jon Zabalaren beraren konpainia ere izango du. «Galizako hainbat lekutan beste pertsona baten laguntza behar nuen eta azken zatia bikoteak eta biok elkarrekin egitea erabaki dugu».
Entzun Jokin Muñozekin eta Jon Zabalarekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.