«Nafarroan EH Bildu erabakigarria izango da»
Anbizioa da Laura Aznal EH Bilduko Nafarroako lehendakarigaiak NAIZ Irratian eskainiko elkarrizketan behin eta berriz errepikatu duen kontzeptua. Egungo gehiengoen bidetik jarraitu nahi dute soberanistek baina Chiviteren gobernuari anbizio falta egotzi dio.
Este navegador no soporta el elemento audio.
«Baikor» eta «ilusioz» begiratzen die Laura Aznal EH Bilduren Nafarroako lehendakarigaiak Maiatzaren 28ko hauteskundeei. «Uste dut indartsu aterako garela», dio, eta funtsezkoa deritzo EH Bilduk emaitza onak lortzea «gehiengo aurrerakoiak osatu eta eskuinaren politikei aurre egiteko». Hala diote inkestek, gorakada izango duela koalizio independentistak eta Aznalen iritziz arrazoia argia da, «jendeak ikusi du eta balorean jartzen du azken urteetan egin dugun lana». Hala, Maiatzaren 28aren ostean osatuko diren gobernuetan EH Bildu «erabakigarria» izango dela uste du lehendakarigaiak. Eskuinari bidea isteko ez ezik, «politika ezkertiar eta aurrerakoiak egiteko».
Gobernura iritsiz gero hartuko lukeen lehen neurriaz galdetuta Osasungintza azpimarratu du. Dauden «egiturazko arazoen» aurrean aurrekontua handitzea ezinbestekotzat jo du. Osasunarekin batera Etxebizitzaren arloa azpimarratu du eta Espainiako Gobernuarekin bere alderdiak adostu duen lege berria aipatuta ausardia eskatu die tokian tokiko gobernuei.
Azken legegintzaldiko garatu gabeko puntu nagusietako bat euskararena izan ahal da, eman diren urrats apurrak bere indar politikoaren bultzadaz egin direla aldarrikatu du EH Bilduko lehendakarigaiak, baina esku artean erronka handia dutela onartu du. Autogobernuaren garapena ere ezinbesteko giltzarria dela uste du Aznalek, herritar guztien eskubide guztiak aitortu eta egikaritzeko ezinbesteko apustua izan behar du bere hitzetan